San Blas jaiak bete betean
Joan den asteburuko ajea pasatuta dela, gaurtik hasi eta igandera bitartean berriz ere festan murgilduko dira idiazabaldarrak. Egitarauari hasiera emango diotenak Idiazabalgo haurrak izango dira, arratsaldeko bostetarako txokolate jana eta buruhandiak antolatu baitituzte festa batzordekoek. Ordu erdi bat beranduago, musika eskolako haurrek kontzertua emango dute herriko plazan. 18:30ean txupinazoa botako dute eta herritarrek jaiak ondo pasatu ditzaten desiatzeko pregoia irakurriko dute. Segidan idiazabaldarren ikurra, axaria, jaitsiko dute eta kanpaiak joko dituzte festen hasiera iragarriz. Gaur Kandelari Eguna denez, arratsaldeko zazpietan meza izango da eta urteetako ohiturari jarraituz kandelak bedeinkatuko dituzte fededunek. Ordu berean Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatuta, herriko areto futbol txapelketako finalak jokatuko dituzte gazteek. Bihar, San Blas Eguna Bihar Idiazabalgo zaindariaren eguna ospatuko dute axariek. Eguerdiko hamabietan herriko txirrindulari proba nagusia jokatuko dute eta ordu berean paella erraldoia prestatzen hasiko dira Arretxe elkarteko kideak herriko plazan. Urtero bezala, asko izango dira bertara gerturatu eta paella-ontzira begira egongo direnak. Eguerdiko ordu bietarako jada prest egongo da bazkaria eta nahi duenak paella jateko aukera izango du. Txartelak Izpar dendan egongo dira salgai. Bakoitzak bi euroko prezioa du eta kopuru horren barruan sartzen da txistorra pintxoa ere. Gauean, San Blas Egunari bukaera ona emateko, herri afaria egingo dute herriko plazan. Etzi, San [...]
Joan den asteburuko ajea pasatuta dela, gaurtik hasi eta igandera bitartean berriz ere festan murgilduko dira idiazabaldarrak.
Egitarauari hasiera emango diotenak Idiazabalgo haurrak izango dira, arratsaldeko bostetarako txokolate jana eta buruhandiak antolatu baitituzte festa batzordekoek. Ordu erdi bat beranduago, musika eskolako haurrek kontzertua emango dute herriko plazan.
18:30ean txupinazoa botako dute eta herritarrek jaiak ondo pasatu ditzaten desiatzeko pregoia irakurriko dute. Segidan idiazabaldarren ikurra, axaria, jaitsiko dute eta kanpaiak joko dituzte festen hasiera iragarriz.
Gaur Kandelari Eguna denez, arratsaldeko zazpietan meza izango da eta urteetako ohiturari jarraituz kandelak bedeinkatuko dituzte fededunek. Ordu berean Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatuta, herriko areto futbol txapelketako finalak jokatuko dituzte gazteek.
Bihar, San Blas Eguna
Bihar Idiazabalgo zaindariaren eguna ospatuko dute axariek. Eguerdiko hamabietan herriko txirrindulari proba nagusia jokatuko dute eta ordu berean paella erraldoia prestatzen hasiko dira Arretxe elkarteko kideak herriko plazan. Urtero bezala, asko izango dira bertara gerturatu eta paella-ontzira begira egongo direnak.
Eguerdiko ordu bietarako jada prest egongo da bazkaria eta nahi duenak paella jateko aukera izango du. Txartelak Izpar dendan egongo dira salgai. Bakoitzak bi euroko prezioa du eta kopuru horren barruan sartzen da txistorra pintxoa ere.
Gauean, San Blas Egunari bukaera ona emateko, herri afaria egingo dute herriko plazan.
Etzi, San Blas Txiki
San Blas Txiki Eguna haurren, ezkonduen eta mozorrotuen eguna izango da eta beraz, beraiei egokitutako egitaraua prestatu dute antolatzaileek.
Goizean eta arratsaldean esaterako, haurrek puzgarrietan ibili ahalko dute kiroldegian. Gorritiren animaliak ere ez dira faltako goiz partean.
Eguerdiko hamabietan Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolarien ateraldiekin gozatzeko aukera izango dute plazara gerturatzen direnek eta 23:30etik aurrera, Joselu Anaiak taldekoen eskutik nahikoa dantza egiteko aukera izango du jendeak.
Gauean irtengo dira helduak kolore eta forma desberdineko mozorroak soinean dituztela eta festa giroak goizaldera arte irango du.
Larunbatean, mota desberdineko txapelketek hartuko dute protagonismoa. Besteak beste, herri mailako plater tiroketa, benjaminen herri kirol saioa, patata tortilla lehiaketa eta goitibehera txapelketa egingo dituzte. Eskuzko pilota partida profesionalak ere larunbatean izango dira, 17:30etik aurrera. Olaizola I.ak eta Belokik Bengoetxearen eta Patxi Ruizen aurka neurtuko dituzte indarrak. Horren aurretik, Olaetxeak eta Albisuk Urrutikoetxeak eta Izak osatutako bikotea izango dute aurkari, bigarren mailako txapelketako partidan.
Igandean agurtuko dituzte jaiak idiazabaldarrek eta axariaren igoeraren aurretik, herriko dantzarien erakustaldiaz eta lagun taldeen arteko herri kirol saioaz gozatu ahalko dute.
Hona jaietako egitarau osoa:
Gaur, Kandelari Eguna
17:00. Txokolate jana haurrentzat eta buruhandiak.
17:30. Musika eskolako umeen kontzertua plazan.
18:30. Txupinazoa, pregoia eta axariaren jaitsiera plazan.
Ondoren. Kanpai bueltakoa.
19:00. Meza eta kandela bedeinkatzea.
19:00. Herriko futbito txapelketako finalak IGAk antolatuta.
Bihar, San Blas Eguna
10:00. Txistularien kalejira.
11:00. Meza, parrokiako koruak abestuta eta ohiko erroskila bedeinkatzea.
Gero. Hamaiketakoa Guraso Elkartean.
12:00. Herriko txirrindulari proba (11:00etan haurrena egingo dute).
12:00. Paella prestatzen hasiko dira Arretxeko kideak plazan.
14:00. Paella jana.
Ondoren. Patxi Perez eta konpainiaren dantza saioa plazan.
18:00. Haurrentzako jolasak patinetan, pilotalekuan.
18:30. Trikipoteoa eta karro lasterketa IGAk antolatuta.
21:30. Herri afaria herriko plazako karpan.
Etzi, San Blas Txiki Eguna
11:30. Bertako produktuen hamaiketakoa plazan .
11:00-13:30. Puzgarriak eta Gorritiren animaliak Zelaako kiroldegian.
12:00. Amets Arzallusen eta Iker Zubeldia Txapi-ren bertso saioa plazan. Bazkal ondoren, Pilarreneako tabernan emango diote jarraipena saioari.
16:30. Herriko gazteen pilota txapelketako finalak.
16:30-18:30. Puzgarriak.
18:30-21:00. Joselu Anaiak-en saioa eta buruhandiak.
23:30. Helduen danborrada eta mozorroak.
Ondoren. Joselu Anaiak taldearen saioa plazan.
24:00. The Pardels eta Oviedoko gaiteroen musika emanaldia pilotalekuko tabernan.
Otsailak 5, larunbata
10:00. Herri mailako plater tiraketa Olaberriako tiro zelaian.
10:00-13:00. Goierri mailako benjaminen herri kirol saioa kiroldegian.
10:00-11:30. Herrialde mailako bola txapelketa.
12:30. III. Patata Tortilla Txapelketa. Ondoren bazkaria.
15:30. X. Goitibehera txapelketa IGAk antolatuta. Euskal Herriko txapelketako lehen proba izango da.
17:30. Eskuzko pilota partida profesionalak pilotalekuan.
23:00. Trikizio taldearen kontzertua plazan.
Otsailak 6, igandea
12:00. Herriko dantzarien saioa pilotalekuan.
17:30. Koadrilen arteko herri kirol saioa pilotalekuan.
19:00. Taloak jateko eta sagardoa dastatzeko aukera.
20:00. Axariaren igoera eta buruhandiak.