Zazpiturrietan merkatal erabilerarako gordetako gunean etxebizitza gehiago egingo dituzte
Zazpiturrieta inguruan, Joan XXIII. kalean egiten ari diren etxebizitzetan, 495 metro koadroko gune bat zegoen merkatal erabilerarako gordeta. Gaur goizean Beasaingo udalbatzak egin duen osoko bilkuran, gune hori babes ofizialeko etxebizitzak egiteko erabiltzea onartu dute. Honekin batera, gune horretako irisgarritasuna hobetzeko, igogailu bat egitea ere aurreikusi dute, hirigintza arauei egindako aldaketan. PSE-EE abstenitu egin da, eta gainontzeko alderdiek babestu egin dituzte aldaketa horiek. Hirigintza arloan aldaketa gehiago ere izan dira, ordea. Batetik, Beasaingo landa eremuan egin nahi den oinezko bide berdea egokitzeko, hirigintza arauetan behar diren aldaketak egin dituzte. Testu bateratua aurkeztu dute udal ordezkaritza duten alderdietako kideek eta beraz, aho batez onartu dute gaurko bilkuran. Azkenik, Loinazpeko gunean, esaterako, haurreskola eremuan kokatutako hezkuntza ekipamenduetarako lursaila eta eraikina bera handitzea eta lehendik dauden aurrefabrikatutako erakinak kentzea onartu dute. Udal zerbitzuen kontratuak aztergai Eguneko gai ordenaren 5. puntuan, udal zerbitzuen kontratuak aztertu zituzten. Udal gobernu taldeak, Goxara eta Lorratz elkarteekin dituen kontratuak luzatzea proposatu du, Urbialdeko eguneko zentroaren eta kale hezitzaileen zerbitzuak eskaintzeko. PSE-EEk bere desadostasuna agertu du eta abstenitu egin da; gainontzekoek baiezkoa eman diote proposamenari. Ikaslan formakuntza zentroaren ordezkaritzari dagokionez, Patxi Plazaola alkateak azalpen bat eman nahi izan zuen bozketa egin aurretik. Izan ere, orain arte “Goierri Fundazioan ordezkari [...]
Zazpiturrieta inguruan, Joan XXIII. kalean egiten ari diren etxebizitzetan, 495 metro koadroko gune bat zegoen merkatal erabilerarako gordeta. Gaur goizean Beasaingo udalbatzak egin duen osoko bilkuran, gune hori babes ofizialeko etxebizitzak egiteko erabiltzea onartu dute. Honekin batera, gune horretako irisgarritasuna hobetzeko, igogailu bat egitea ere aurreikusi dute, hirigintza arauei egindako aldaketan. PSE-EE abstenitu egin da, eta gainontzeko alderdiek babestu egin dituzte aldaketa horiek.
Hirigintza arloan aldaketa gehiago ere izan dira, ordea. Batetik, Beasaingo landa eremuan egin nahi den oinezko bide berdea egokitzeko, hirigintza arauetan behar diren aldaketak egin dituzte. Testu bateratua aurkeztu dute udal ordezkaritza duten alderdietako kideek eta beraz, aho batez onartu dute gaurko bilkuran. Azkenik, Loinazpeko gunean, esaterako, haurreskola eremuan kokatutako hezkuntza ekipamenduetarako lursaila eta eraikina bera handitzea eta lehendik dauden aurrefabrikatutako erakinak kentzea onartu dute.
Udal zerbitzuen kontratuak aztergai
Eguneko gai ordenaren 5. puntuan, udal zerbitzuen kontratuak aztertu zituzten. Udal gobernu taldeak, Goxara eta Lorratz elkarteekin dituen kontratuak luzatzea proposatu du, Urbialdeko eguneko zentroaren eta kale hezitzaileen zerbitzuak eskaintzeko. PSE-EEk bere desadostasuna agertu du eta abstenitu egin da; gainontzekoek baiezkoa eman diote proposamenari.
Ikaslan formakuntza zentroaren ordezkaritzari dagokionez, Patxi Plazaola alkateak azalpen bat eman nahi izan zuen bozketa egin aurretik. Izan ere, orain arte “Goierri Fundazioan ordezkari moduan geudenak ginen Ikaslaneko ordezkari, baina orain, legearen eskaerei egokitzeko, Ikaslanerako bereziki ordezkariak izendatzeko” eskatu dute. Hala, Patxi Plazaola bera eta Francisco Boada (ordezko moduan) izango dira Beasaingo Udalaren ordezkariak Ikaslanen. Hamaikabat alderdiko ordezkariak abstenitu egin ziren bozketan.
Galderen tartea
Udalbatza azkar eta eztabaida handirik gabe egin dute. Hika-mika bakarrak, galdera eta erreguen tartean etorri dira. Hamaikabateko Josi Intxaustik, Arana kaleko etxebizitzen proiektuaz galdetu zuen. “Legegintzaldia bukatzen ari da eta plan hori zer egoeratan dagoen jakin nahi dugu, jakinda bizilagun batzuk diru bat aurreratu dutela”. Egungo egoera eta planak duen “etorkizuna eta bideragarritasuna” zein diren jakin nahi izan du. Patxi Plazaolak, “arazo batzuk” izan direla baina dagoeneko konpontzeko bidean daudela azaldu du; “familia batzuk dirua aurreratu dute dagoeneko eta beste batzuk zailtasun gehiago izaten ari dira”. Gainera, proiektu hau “Etxebizitza Saileko administrazioari” dagokiola gogorarazi zuen, “gu laguntzen ari gara”.
PSE-EEko Fernando Boadak berriz, inaugurazio ekitaldien inguruko kezka agertu zuen. Bukatu diren azken lau proiektuetan, modu ezberdinean jokatu duela eta, kasu hauetarako “zein irizpide” duen galdetu dio udal gobernuko taldeari, batez ere, EPA eta udal bulegoen berrikuntzan izandako jarrera kritikatuz. Azken kasu honetan, E planeko dirulaguntza jasota, nolatan ez duten Espainiako Gobernuaren ordezkaririk gonbidatu galdetu du Boadak. Plazaolaren arabera, EPAren inaugurazioa ez zuten beraiek antolatu, EPAko arduradunek baizik. “San Tomas egunarekin bat eginez beraiek antolatu zuten luntxa, eta gu gonbidatu egin gintuzten”.Udal bulegoei dagokionean berriz, Gobernuaren ordezkariak interesa agertu duela eta datorren astean bisitan etorriko dela argitu du Plazaolak.