Ezker Abertzaleak hasi ditu Goierrin legalizazioaren aldeko ekintzak eta aurkezpenak, udal hauteskundeei begira
Gaur goizean Lokarrik deitutako ekitaldian Ezker Abertzaleak asteazkenean erregistratuko duen alderdi berriaren estatutuak aurkeztu ditu eragile ezberdinen aurrean, Bilboko Euskalduna jauregian. Asteazkenean, Madrilen erregistratuko dute alderdi berria eta testuinguru honetan Euskal Herrian eta baita Goierrin ere, Ezker Abertzalearen legalizazioaren aldeko mobilizazioak eta aurkezpenak hasi dira. Aurreko astean Zumarragan eta asteburuan Beasainen ekitaldiak egin dituzte.
Aurreko astean Zumarragako udaletxean Ezker Abertzaleko zinegotzi izandako kideek prentsaurrekoa eman zuten izango dituzten erronken eta osatuko duten programaren lehenengo zertzeladak emateko.
«Legalki aurkeztu ginen azkeneko hauteskundeetan 1.084 bozka lortu genituen, hiru zinegotzi. Hauteskundeetara aurkezteko aukera izan dugunean zumarragarrek beti eman digute bere babesa, egoera politikoaren arabera, emaitza ezberdinekin» adierazi zuten Ezker Abertzaleko kideek.
«Zumarragako ezkertiar eta abertzaleak ezin gara legalki aurkeztu eta horrek esan nahi du 30 urtetik beherako zumarragarrek ezin izan dutela demokratikoki eta libreki beren hautagaiak aukeratu. Zumarragan denbora luzez aritu gara hauteskunde hauek prestatzen: krisiaren eragina gure herrian, euskarari bultzada eman, emakumeen, nagusien eta gazteen ahotsak entzun, Antiori zentzuzko erabilera eman, Arcelorren kutsadurari aurrez aurre begiratu, finean denontzako herri programa osatuko dugu».
Beasainen ere aurkezpena egin zuen Ezker Abertzaleak udal hauteskundeei begira osatzen ari diren programaren gaineko azalpenak emateko. Herritar guztiei dei egin zieten programaren diseinuan parte hartu dezaten, horretarako bide ezberdinak erabiliko dituztela zehaztuz: beasaindar guztien postontzietara inkesta bat helaraziko dute otsailean zehar, helbide elektroniko bat martxan jarri dute beasain@herriprograma2011.net eta eragileekin bilera gehiago egingo dituzte. Aurreko larunbatean legalizazioa eskatzeko elkarretaratzea egin zuten Zubimusu plazan.