Sahara Maratoia otsailaren 28an izango da eta antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete goierritarrei
Sahara Maratoia otsailaren 28an izango da aurten. Lasterketa urtero Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) eratu zeneko urteurrenarekin (otsailak 27) bateratsu ospatzen dute. Aurten errepublika aldarrikatu zutela 35 urte beteko dira eta maratoia hurrengo egunean egingo dute. Porbaren antolatzaileek bertan parte hartzeko deia egin diete goierritarrei.
Kirol proba Aljeriako basamortuan aurkitzen diren saharar errefuxiatuen kanpamenduetan, Tinduf hiriaren inguruan antolatzen dute eta aurtengoa ez da salbuespena. Bertan, lasaitasuna da nagusi. Gurutze Irizar Sahararen aldeko ekintzaile ormaiztegiarrak jakitera eman duenez, «ez dauka zerikusirik Mendebaldeko Sahararekin eta duela gutxi lurralde okupatuetan izandako gertaerekin».
Azken aldian Ipar Afrika ere sarritan agertzen da komunikabideetan. Tunezeko eta Egiptoko egoera ezegonkorra da. Tarteka Arjelen ere ematen dira iskanbila batzuk, eta baita Marruekosen ere. Maratoia egiten duten lekuak ordea, ez dauka harremanik aipatutako leku horiekin. Berez, lurralde arjeliarra da, baina Arjeliako hiriburutik 3.000-4.000 kilometrora dago. «Kanpamenduak dauden tokian ez dago inolako arazorik. Gainera, parte hartzaileek ez dute ezer egin beharrik izango Arjeleko aireportuan, zuzenean Tindufera joango baitira. Beldurra sentitzea librea da, baina nik ez dut uste inongo zentzurik duenik, kasu honetan. Jendea lasai joan dadila», gehitu du ormaiztegiarrak.
Elkartasuna eta salaketa
Kanpamendu horietan bizi diren 200.000 errefuxiatu inguruk ihes egin behar izan zuten beraien herritik duela 35 urte. Antolatzaileen hitzetan «urte horietan guztietan saharar familiak okupazioaren eta herbestearen artean bizitzera derrigortuak izan dira Marokoko monarkiak egindako okupazio militarraren erruz». Maratoia saharar herriari elkartasuna azaltzeaz gain, «saharar herriaren aurkako errepresioa, okupazioa eta bere natur baliabideen espoliazioa» salatzeko antolatzen dute.
Irizarren hitzetan kirolaren bitartez saharar herriaren egoera ezagutzea da helburua. «Hori azpimarratu nahi dugu behin eta berriz. Jendea kanpamenduetan bizi da azken urte hauetan eta egoera luzatzen ari da. Norbaiti komeni zaionean gizarteak zerbait ahaztu dezan, gauzak ez ezagutzea nahi izaten du eta justu horregatik da horren garrantzitsua guretzat jendeak hango berri jakin dezan. Suposatzen da egoera bat ezagutuz gero, horren aurrean beste paper bat jokatzen duzula».
Bide batez, bertako gazteriaren artean kirola ere promozionatu nahi dute, eta saharar errefuxiatuen kanpamenduetan kirola burutu ahal izateko instalakuntzak (kirol kantxak, aldagelak, formakuntza gelak…) ere egin nahi dituzte, garapenerako proiektuen bidez. Urtero Sahara Maratoiean parte hartzeagatik ordaintzen den inskripzioaren zati bat berauek laguntzeko erabiltzen dute antolatzaileek.
Lau lasterketa
Sahara Maratoiaren barruan lau lasterketa desberdin egingo dituzte 5, 10, 21 edota 42 kilometrokoak, hain zuzen. Horrela norberak duen prestakuntzaren edota nahiaren arabera egokiena iruditzen zaion proba aukeratu ahal izango du.
Ibilbidearen zati gehiena laua da. Antolatzaileen arabera, bost kilometroko zatian aurkituko dituzte korrikalariek tarterik gorabeheratsuenak eta hondartsuenak. Ibilbiderik gehiena 500 metroz behin markatutako pistetan zehar egingo dute.
Lasterketaren hasieran hamalau bat graduko tenperatura izan ohi da eta bukaeran berriz, 22-26koa. Ibilbidean zehar ura, frutak eta datilak emango dizkiete jan-edan postuetan korrikalariei eta Ilargi Erdi Gorriko kideak egongo dira bertan, behar izanez gero parte hartzaileei laguntza emateko.
Bezperan berriz, korrikalariei azken xehetasunak eta aholkuak emateaz gain, pasta zerbitzatuko diete afaltzeko, hurrengo egunean indartsu egon daitezen.
Antolatzaileen arabera, maratoian hogei herrialdetik gorako eta bost kontinenteetako korrikalariek parte hartuko dute. Bidaiak 900 euroko kostua du. 700 euro bidaia ordaintzeko erabiliko dituzte eta gainerako 200 euroak (lasterketan parte hartu ahal izateko inskripzio gisa ordaintzen dutena) berriz, kirolarekin zerikusia duten garapen proiektuetarako erabiliko dituzte antolatzaileek, saharar errefuxiatuen kanpamenduetan.
Probaren antolatzaileen hitzetan otsailaren 25etik martxoaren 4ra bitarteko astebeteko bidaia «ahaztezina» izango da. «Parte hartzaileak saharar familiekin biziko dira beraien haimetan eta bertako kultura, ohiturak, sahararren ametsak eta irrikak ezagutzeko aukera ezin aproposagoa izango dute». Horrez gain, saharar herriak herbestean bere iraupena bermatzeko eraiki dituen egiturak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola, eskolak, osasun etxeak, museoak, komunikabideak… «Zalantzarik gabe bizitzea merezi duen esperientzia harrigarria izango da».
Informazioa
Parte hartzeko interesa duenak www.euskalsaharathoia.com-en aurkitu ahal izango du informazioa. Izen ematea nola egin behar den ere agertzen da bertan. Bestalde, antolatzaileekin harremanetan jarri nahi duenak, euskalsaharathoia@.gmail.com helbidera idatzi beharko du.