EAJk sei herri hazienetako alkategaiak batera aurkeztu ditu, Goierri «lotzeko»
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako aurrekanpainari ekinez, EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak Goierriko sei herri hazienetako alkategaiak aurkeztu ditu. Igandean, Lazkaoko Areria antzokian 300 bat jarraitzaileren aurrean, Goierriko goiko eta beheko eremuen arteko «lotura estutu beharra» aldarrikatu zuen EAJk, Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako alkategai jeltzaleen aurkezpenean. Jakinarazi dituzten sei hautagaien izenetan ezusteko gutxi dago, batzuk lehendik jakinak zirelako, eta beste batzuk zinegotzi direlako orain. Aitor Aldasoro (Beasain), Iñigo Peñagarikano (Zumarraga), Jabier Iraeta (Legazpi), Jose Migel Santamaria (Ordizia), Itziar Agirre (Urretxu) eta Patxi Albisu (Lazkao) dira EAJren zerrendaburu udal hauteskundeetan norbere herrian. Ekitaldiaren hasieran, alkategaien adierazpenen bideoa ikusi ondoren, alderdi jeltzaletik alkate izan ziren hainbat hautetsi eta kargu ohi igo ziren oholtzara, «herri bakoitzaren ibilbidean izan duten pisuagatik» omen egiteko. Markel Olano ahaldun nagusitarako hautagaiak Foru Aldundiko legealdiaren errepasoa egin zuen arloka, «legealdiko pausorik garrantzitsuena Gipuzkoan politika egiteko zegoen modua eraldatu izana» dela esanez. Goierri «lotu beharra» Alderdi jeltzaleak lehen aldiz Goierri osoa subjektu bakar gisa hartuta egin du ekitaldi politikoa. Eskualdeak «bi eremu» dituela aipatu du Olanok. «Goierriko goiko –Zumarraga, Urretxu, Legazpi– eta behealdeko industrialde, industria eta ekonomiaren arteko lotura indartu beharra daukagu. Oro har, Goierriko bi eremuen arteko lotura bera indartu egin behar dugu etorkizunari begira». Txalo artean [...]
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetarako aurrekanpainari ekinez, EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak Goierriko sei herri hazienetako alkategaiak aurkeztu ditu. Igandean, Lazkaoko Areria antzokian 300 bat jarraitzaileren aurrean, Goierriko goiko eta beheko eremuen arteko «lotura estutu beharra» aldarrikatu zuen EAJk, Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako alkategai jeltzaleen aurkezpenean.
Jakinarazi dituzten sei hautagaien izenetan ezusteko gutxi dago, batzuk lehendik jakinak zirelako, eta beste batzuk zinegotzi direlako orain. Aitor Aldasoro (Beasain), Iñigo Peñagarikano (Zumarraga), Jabier Iraeta (Legazpi), Jose Migel Santamaria (Ordizia), Itziar Agirre (Urretxu) eta Patxi Albisu (Lazkao) dira EAJren zerrendaburu udal hauteskundeetan norbere herrian.
Ekitaldiaren hasieran, alkategaien adierazpenen bideoa ikusi ondoren, alderdi jeltzaletik alkate izan ziren hainbat hautetsi eta kargu ohi igo ziren oholtzara, «herri bakoitzaren ibilbidean izan duten pisuagatik» omen egiteko.
Markel Olano ahaldun nagusitarako hautagaiak Foru Aldundiko legealdiaren errepasoa egin zuen arloka, «legealdiko pausorik garrantzitsuena Gipuzkoan politika egiteko zegoen modua eraldatu izana» dela esanez.
Goierri «lotu beharra»
Alderdi jeltzaleak lehen aldiz Goierri osoa subjektu bakar gisa hartuta egin du ekitaldi politikoa. Eskualdeak «bi eremu» dituela aipatu du Olanok. «Goierriko goiko –Zumarraga, Urretxu, Legazpi– eta behealdeko industrialde, industria eta ekonomiaren arteko lotura indartu beharra daukagu. Oro har, Goierriko bi eremuen arteko lotura bera indartu egin behar dugu etorkizunari begira».
Txalo artean igo ziren sei alkategaiak oholtzara. Handik entzun zuten GBBko presidente Joseba Egibarren mitina, batez ere ezker abertzalearen edo PP-PSE «frentearen» inguruan zentratua. «Indarkeria baztertuta politikaren alde EAJk duela 30 urte egin zuen aukera da balio duen estrategia, denborak arrazoi eman digunez», esan zuen Egibarrek.