Jostailuen mailegutza sistema jarri dute martxan Txelotxe eta Berritsu ludoteketan
Berritsu eta Txelotxe ludotekak kudeatzen dituen Aisi Hezi elkarteak jostailuen mailegutza sistema jarri du martxan bi ludoteketan. Hilabete honetan hasi dira ekimenarekin eta aurrerantzean bi ludoteketako bazkide direnek jostailuak etxera eramateko a...
Berritsu eta Txelotxe ludotekak kudeatzen dituen Aisi Hezi elkarteak jostailuen mailegutza sistema jarri du martxan bi ludoteketan. Hilabete honetan hasi dira ekimenarekin eta aurrerantzean bi ludoteketako bazkide direnek jostailuak etxera eramateko aukera izango dute. Haur bakoitzeko jostailu bat aukeratu ahalko dute gurasoek eta etxean gehienez ere lau astez eduki.
Aurrerantzean hilabete bakoitzeko lehen astean gurasoek etxera zein jostailu eraman nahi duten aukeratu ahalko dute. Jostailua aukeratzeko 300 jokoz osatutako katalogoa osatu dute bi ludoteketako arduradunek. Hartzaile bakoitzak fitxa bat bete beharko du eta jolasaren egoera ona ziurtatzen duen agiria sinatu. Jostailuak hartzeko etorreraren araberako ordena gordeko da, eta nahi den jostailua aukeratuta balego, datorren hilerako gordetzeko aukera egongo litzateke.
Jostailuak eta jokoak hartzeko ordutegiak ere zehaztu dituzte. Berritsun 17:00etatik 17:30era izango da ordutegia eta Txelotxen 16:30etik 17:00etara. Elkarteko kideek jakinarazi dute prest egongo direla ekimenaren inguruan sortzen den edozein proposamen aztertzeko eta denborarekin baliteke haur bakoitzeko jostailu kopurua ere handitzea.