Arkartealden 35.000 metro koadroko industrialdea egiten hasiko dira aurten
Aurten hasi nahi dituzte Arkartealden 35.000 metro koadroko industrialdea eraikitzeko lanak. Ordiziak eta Aramak muga egiten duten tokian dago eremu hori eta bi herrietako alkateek parte hartu dute gaur, aurkezpen ekitaldian. Egitasmoa, «aberastasuna eta lana sortzeko aukera» ona dela aipatu eta bi udalen eta lurjabeen arteko «elkarlana» azpimarratu dute. Eremuak 35.000 metroko azalera hartzen badu ere, erdia baino gutxiago (15.732 m2) izango da eraikitakoa. Izan ere, 7.700 metro koadroko gune libre bat eta 1.600 metroko berdegune bat ere egingo dituzte. Industriarako eta hirugarren sektorerako bideratutako gunea, zazpi zatitan banatuko dute. Hala, 20 bulego hartuko dituen eraikin bat eta tamaina ertaineko pabilioi industrial ugari egingo dituzte, beste lau gunetan banatuta. Horietako bi pabilioi, errekaz bestaldera geldituko direnak, Ordiziako eta Aramako udalen esku geldituko dira. Arkarte baserriak berriz, bulegoetarako eraikin moduan jarraituko du. Urbanizazio lanak egiteko, 2,9 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute. Urbanizazioarekin batera, bideak, aparkalekuak eta gune berdeak egingo dituzte. Baita Oria errekaren alde batean eta bestean gelditzen diren guneak batuko dituen zubi bat ere. Proiektua martxan jartzeko izapide administratiboek luze jo dute, aurreko legegintzaldian hasi baitziren proiektu hori bideratu nahian. Baina behin oztopo horiek gaindituta, aurten lanekin hastea espero dute. «Egoera ekonomikoak laguntzen badu aurten bideratzeko moduan» izango direla azaldu [...]
Aurten hasi nahi dituzte Arkartealden 35.000 metro koadroko industrialdea eraikitzeko lanak. Ordiziak eta Aramak muga egiten duten tokian dago eremu hori eta bi herrietako alkateek parte hartu dute gaur, aurkezpen ekitaldian. Egitasmoa, «aberastasuna eta lana sortzeko aukera» ona dela aipatu eta bi udalen eta lurjabeen arteko «elkarlana» azpimarratu dute.
Eremuak 35.000 metroko azalera hartzen badu ere, erdia baino gutxiago (15.732 m2) izango da eraikitakoa. Izan ere, 7.700 metro koadroko gune libre bat eta 1.600 metroko berdegune bat ere egingo dituzte. Industriarako eta hirugarren sektorerako bideratutako gunea, zazpi zatitan banatuko dute. Hala, 20 bulego hartuko dituen eraikin bat eta tamaina ertaineko pabilioi industrial ugari egingo dituzte, beste lau gunetan banatuta. Horietako bi pabilioi, errekaz bestaldera geldituko direnak, Ordiziako eta Aramako udalen esku geldituko dira. Arkarte baserriak berriz, bulegoetarako eraikin moduan jarraituko du.
Urbanizazio lanak egiteko, 2,9 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute. Urbanizazioarekin batera, bideak, aparkalekuak eta gune berdeak egingo dituzte. Baita Oria errekaren alde batean eta bestean gelditzen diren guneak batuko dituen zubi bat ere.
Proiektua martxan jartzeko izapide administratiboek luze jo dute, aurreko legegintzaldian hasi baitziren proiektu hori bideratu nahian. Baina behin oztopo horiek gaindituta, aurten lanekin hastea espero dute. «Egoera ekonomikoak laguntzen badu aurten bideratzeko moduan» izango direla azaldu du Marijo Olazabal Aramako alkateak. Lanak faseka egingo dituzte eta bizpahiru urtean bukatzea espero dute.
Etorkizunerako «aurkera»
Azpiegitura horren sorrera, ez da testuinguru ekonomikorik onenean etorri. Hala ere, merkatua «pixkanaka goruntz» joango dela espero dutela esan du Olazabalek. «Aukerak ezin ditugu bazterrean utzi, eta behintzat ez dadila izan eremurik ez dagoelako».
Santamariak azaldu duenez, euren helburua beti izan da «bertakoentzako enplegua eta aberastasuna sortzeko horrelako azpiegiturak bultzatzea». Hala, proiektu honekin «beste industrialde bat izango dugu, Goierrin bertan eta bertakoentzat».
Etorkizunean, inguru horretan «aldaketa handiak» izango direla ere iragarri dute bi alkateek. Izan ere, Orkli enpresak bere instalazioak zabaltzeko asmoa du eta errepidearen beste aldean eremu berri bat garatuko dute; industrialdearen sarrerak berriz, biribilgune forma hartuko du.