Goierriko plazatxoan oinezkoei lehentasuna eman diete tailerretan
Goierriko plazatxoa nola berritu aztertzeko bilkurak burutu zituzten pasa den asteburuan Udal teknikariek eta herritarrek. Ostiralean eta zapatuan burutu zituzten bilkurak eta Toki arkitekturak taldea jada ari da oinarri horietatik proiektua idazten.
Arlo desberdinetako udal teknikariez gain, hainbat bizlagunek, merkatari batek, tabernari batek eta Goierri elkarteko ordezkariek hartu zuten tailerretan parte. Bi mahai osatu zituzten. Lehenengoan, ostiralean, udal teknikariek hartu zuten parte. Hemen hirigintza, segurtasuna eta trafikoa, kultura eta kirolak gaiak landu zituzten. Teknikariek euren beharrak identifikatu zituzten. Jarraian mapen gainean eskema batzuk sortu zituzten eta azkenik, maketa batean isladatu zituzten ideia horiek.
Bigarren egunean lan mahaia bizilagunekin osatu zuten. Metodologia bera erabiliz erabiltzaileek euren kezkak agertu zituzten, mapak egin zituzten eta aukerak eta gabeziak ere zehaztu zituzten. Atzetik, berriro ere maketara itzuli ziren, baina oraingoan bi lan mahaietako kideak batu ziren proposamenak lantzerako orduan. “Bi mahaietatik atera ziren irtenbideak forman desberdiak baziren ere, oinarrian, funtzionaltasunean antzekoak ziren” azaltzen du Ibon Salaberria arkitektuak. Eskema orokor hori jarraituz, guztien artean emaitza batetara irtsi ziren, goierriplaza.blogspot.com blogean ikusgai dagoena:
Proposamen bateratu hori oinarritzat harturik, Toki arkitekurak taldeak proiektua idatziko du orain.
Tailerrean azaleratu ziren adostasunen artean, inguru honek oinezkoentzako izaera izan behar duela nabarmentzen da. Trafikoa bertatik igaro dadin ere bermatuko da, baina beti ere lehentasuna oinezkoei emanez. “Trafikoa oinezkoen espazio batetatik pasako litzateke” argitzen du ideiak biltzen aritu den Salaberriak. “Bidegurutze eta mugak desagertu egingo dira, eta plazaren izaera irekia ere izango da”. Lan honetan, jolas parkea eta plazatxoa batu egingo dituzte, maila berean.
Aldiri kiroldegiaren inguruan ere etorkizun batean trafikoa mugatzea aztertzen ari dira. Hemen, oraindik ere aukerak aztertzen ari dira. “Informazio asko dago, ondorio asko” dio Salaberriak, eta jasotako guztiarein emaitza orokor batzuk aterako dituzte.














