Itsasondon apirilean egingo den Herri Eguna antolatzeko bilera dago gaur
Azkeneko urteotan Itsasondoko gizarte arloan ekimen handia hartzen ari den gazte taldeak Itsasondoko I. Herri Eguna antolatu du apirilaren 9rako. Herritarrak elkartu eta festa giroan murgiltzea lortu nahi dute gazteek, ekitaldi berritzailean Itsasondon...
Azkeneko urteotan Itsasondoko gizarte arloan ekimen handia hartzen ari den gazte taldeak Itsasondoko I. Herri Eguna antolatu du apirilaren 9rako. Herritarrak elkartu eta festa giroan murgiltzea lortu nahi dute gazteek, ekitaldi berritzailean Itsasondon jarduten diren eragile guztiei tokia eginez.
Datorren hileko festa egun hori antolatzeko herrikideen laguntza eta parte-hartzea eskatu du Gaztelekuan gorpuztutako gazte taldeak. Gaur 19:00etan bilera izango da Gaztelekuan, egitaraua prestatu, ideiak jaso eta ekimenaren xehetasunak emateko. Bileraren ondoren pintxoak banatuko dituzte.
Gazte taldeak aurreratu duenez, apirilaren 9ko Herri Eguna «guztiona» izango da. Hiru helburu jarri dituzte: Itsasondoko gazte taldea aurkeztea, herriko eragile guztiak elkartzea, eta festa egitea. Egitaraurako osagai ugari prestatuko dituzte, haurren eta helduen jolasak edota patata-tortilla lehiaketa.
Gazteak herrigintzan sartuta
Itsasondoko Gaztelekuan ostiralero elkartzen dira gazteak. Foru Aldundiak bultzatutako Emanzipakzio programan parte hartzen ari dira, Gaztelekua erabiltzeko goiko adin mugan dauden kideen emantzipazio soziala eta pertsonala bideratzeko egitasmoan. «Norbere ekimenen garapenean gazte taldeak elkarte bihurtzera gidatzen ditu, eta gazteak herritar parte-hartzaile aktibo izatera bultzatu», azaldu dute gazteek.












