Doinua musika eskolako ikasleak atzo egindako kalejiran, Legazpin.
Ostegun Gizenarekin eman zaie hasiera inauteriei Goierrin. Ohitura zaharra dira gurean, baina badute berrikuntzarako tarterik, Legazpin esaterako, pertsonaia berri baten inguruan ospatuko dute aurten jaialdia: Lintx.
Sustraiak dantza taldeak berreskuratu du ohitura. Lynx izenarekin Katamotzari erreferentzia egiten zaio Legazpiko udal dokumentu zahar batzuetan. XX. mendearen hasieran, Brinkolako eta Telleriarteko gazteak baserriz baserri ibili ohi ziren inauterietan. Janari eta limosna eskean ibiltzen ziren, Otsabilko (otsoarentzako eskatzea) deitzen zitzaion ohitura berrituz. Mozorrotuta joaten ziren, aurpegiak belztuta, eta musikaz lagunduta: Katamaloak deitzen zitzaien. Jai honen azalpenetako bat gehiago da, baina hortik abiatuz, Lynx pertsonaia inauteri modernoetan txertatzea erabaki zuten.
Hori horrela, gaur 17:00tan Legazpiko ikasleek Lintxen etorrera ospatuko dute. Agurra aldiz, igandean egingo dute, Sustraiak dantza taldeak antolatu duen Iñudeak eta Artzaiak konpartsarekin, 19:00etan herriko plazan.
Urteroko formula
Bestelakoan, inauteriek urteroko formula errepikatuko dute Goierrin. Ikasleentzako eta gaztetxoentzako ekintzak dira antolatu dituzten gehienak, baina Gazte Asanbladek prestaturiko jaialdiak edota jubilatuentzako direnak ere badira asteburu honetako egitarau zabalean.
Inauteriak Goierrin
Martxoak 4, ostirala
•Beasain.
-Murumendi ikastetxean 14:15etik 16:15era jaialdia.
-La Salle ikastetxea. 10:45an desfilea herriko kaleetatik. 16:00etan antzerki emanaldia ikastetxe ondoko jolasgunean.
•Gabiria.
-Inauterietako emanaldia 14:45ean eskolan. Ondoren txokolatea hartuko dute. Astelehena jai egingo dute.
•Idiazabal.
-14:30etik aurrera mozorro eguna Aita Iparragirre eskolak antolatuta. Plazan.
•Legazpi.
-16:00etan herriko ikastetxeetako haurren desfilea. 17:00etan Lintx-en etorrera Euskal Herria plazan.
•Ordizia.
-Euskal inauteriak gai bezala hartuta desfilea egingo dute Jakintzakoek 15:00etan, eta ondoren txokolate-jatea.
•Segura.
-Laiotz herri eskolakoen mozorro festa, plazan, 15:00etan. 18:30ean Hartzaren etorrera eta festa.
•Urretxu-Zumarraga.
-Haurrentzako dantzaldia 16:30etik 19:30era Beloki pilotalekuan.
-Gainzuri ikastetxekoek inauteri jaialdia 15:15ean hasita Aldiri kiroldegian.
Martxoak 5, zapatua
•Legazpi.
-Gazte Asanbladaren beldurrezko kalejira. 12:30etan Gernika enparantzan, 14:30ean bazkaria Aitxurin eta 17:00etan kalejiraren hasiera Hegialden. 00:00etan Drakula lotara bidaliko dute Euskal Herria plazan.
•Urretxu-Zumarraga.
-Lurra dantza taldearen XXII. Baserri-Inauteria, 9:00etan hasita.
-12:30ean buruhandiak. Zelai Arizti kultur etxetik.
-14:00etan familientzako bazkaria Ederrenan. 17:30ean haurrentzako mozorro festa.
-19:00etan elektrotxaranga gaztetxetik.
-20:00 Sweet Nightmare taldea Areizaga-Kalbarrenen.
-23:00etan Revolutionary Brothers taldea gaztetxean.
Martxoak 6, igandea
•Legazpi.
-Iñude eta Artzaiak konpartsa plazatik abiatuko da, 12:00etan. Arratsaldean Laubiden hasi eta plazan amaituko dute bidea, Lintxen agurrarekin 19:00etan.
•Urretxu-Zumarraga.
-Dantzaldia, karaokea eta mozorro lehiaketa 17:00etan Urretxuko Ederrena pilotalekuan.
Martxoak 8, asteartea
•Beasain.
-Lizeoan 14:30etik aurrera 3 urtekoek dantzaldia eskainiko dute aretoan. 4 urtetik gorakoek desfilea egingo dute herriko kaleetan zehar.
-Andramendi ikastolan euskal inauterien jaialdia egingo dute 15:00etan, ikastetxe parean.
•Olaberria.
-17:00. Inauterietako mozorro desfilea. Ondoren festa eta askaria Kometa ludotekan.
•Urretxu-Zumarraga.
-Jubilatu elkarteen festa. 17:00etan Areizaga-Kalebarren plazan.