Sagardo upelen artean hazitakoa da, eta berrogei urte egin zituen Arana sagardotegiaren arduradun, Ordizian, Beterri bezalaxe Goierri ere sagardo lekua badela aldarrikatuz. Boxeoan ere aritu zen gaztetan, baita pasio duen kamioilari lanean ere geroxeago. Iñaki Gurrutxaga-Ordizia Gaitz batek baino gehiagok makalarazi dute azken urteetan Eugenio Arana (Ordizia, 1931), baina bizitzeko grina eta umorea ostea lortu gabe. Eskolan apenas ibilia izanik, aitak 1888tik Ordiziako Euskal Herria kalean zuen sagardotegia izan du ikastoki. Tratua zer den han ezagutu zuen, baita kamioiarekin egindako dozenaka bidaietan ere, harik eta 74 urterekin erabat erretiratu zen arte. Gerra aurreko eta ondorengo Ordiziako sagardotegi mundua ondo baino hobeto ezagutu duzu. Asko aldarazi al zuen giro hori gerrak? Gerra denborako kontuak, ene! Gure aita nazionalista zen, eta alkate izan zen II. Errepublika garaian. Zerbait bazen herrian, figura samarra. Ez zen oso politika zalea, baina horretan sartu zuten, aukeratu egin zuten. Arana futbol zelaia egin zuen berak herriarentzat, gure lurretan, baina gero kendu egin zioten zelaia, baita inguruko lurrak eta sagastia ere. Eta sagardotegia? Sagardotegia ere itxi egin zuten, dena kendu ziguten. Aitak hiru urte egin zituen kartzelan ezer egin gabe, nazionalista zelako bakarrik. Atera zenean berriz ere ireki genuen, eta lanean hasi ginen anaia Migel eta biok aitarekin. [...]
Goizean landatu dituzte Zuhaitz Eguneko zuhaitzak, guztira ehun urki. Aurten Lizeo Alkartasuna ikastetxeko ikasleak aritu dira lorazain lanak egiten. Azken egunetako euriak lokaztu egin du N-1 errepide ondoko zelaia, baina ikasleak mendiko botak eta b...
Olaberrian ospatzen ari diren kultur asteko ekitaldi jendetsuena igandean izango da, etzi. Herrialdeen Eguna izendatzen duten gastronomia eta folklore topaketaren hamaikagarren aldia 12:30ean hasiko da, eta eguarte osoa iraungo du, pilotalekuan. Aurreko urteetako ordezkaritza berak parte hartuko du, jatorriari dagokionez, kultura gastronomikoaren topaketan. Hego Euskal Herriaz gain –EAE eta Nafarroa bereizita–, Galizia, Extremadura, Gaztela eta Leon, Asturias eta Errumania egongo dira ordezkatuta. Bakoitzaren postuan lekuan lekuko jaki ezagunenak prestatuko dituzte sukaldariek, eta edatekoarekin bisitariei zerbitzatuko dizkiete. Errumaniako ordezkaritza iaz batu zen festara, eta aurten ere presentzia izango du. Immigrazio fenomenoarekin lotuta, Olaberrian eta Goierrin bizi diren taldeek parte hartuko dute batetik. Baina baita kanpotik espreski Herrialdeen Egunerako etorriko direnek ere, Udalak adierazi duenez. Musika eta dantza taldeek alaituko dute eguerdiko festa. Ander Izagirreren lana gaur Igandearen aurretik, gaur-biharretan ekitaldi ugari dago Olaberrian. Gaur, 18:30ean, Ander Izagirre kazetari donostiarrak Boliviako meategietan ikusitakoak biltzen dituen Mineritos ikus-entzunezkoa emango du, multimedia aretoan. 20:00etan xanpain dastaketa dago Zezilionean. KULTUR ASTEAREN EGITARAUA Otsailak 27, igandea 12:30. Meza, San Joan elizan. Ondoren Ordiziako Umore-Ona eta Olaberriko Zeba abesbatzak. Martxoak 1, asteartea 20:00. Goierriko I. Pala Kopako finalerdiak. 17:00. Eskulan erakusketaren irekiera. Ordutegia: astean zehar udal bulegoen ordutegian; ostiralean 17:00-19:00 tartean ere bai. Larunbatak: 12:00-14:00 eta 17:00-19:00. [...]
Berezia izango da dudarik gabe igandean Ampo Ordiziak eta liga irabazi duen La Vila taldeak Altamiran jokatuko duten partida. Berezia izango da ligako azken partida delako, txapeldunaren aurka jokatuko dutelako goierritarrek, eta irabaziz gero bigarren bukatuko dutelako sailkapenean. Eta berezia zaleek festa prestatu dutelako eguerdi-arratsalde parterako, eta azken hiru urteetan kirol zuzendari izan den Jim Dixonek ere agur esango duelako. Partida 12:00etan da. Orain hamabost egun etziko partida bereziagoa izango zela zirudien, gehiengoak uste baitzuen liga Altamiran erabakiko zela, baina tristura une hori pasata, igandekoarekin gozatzea beste erremediorik ez dago. Ampo Ordiziaren denboraldia, hala ere, bikaina izan da. Axio Arañak argi hitz egiten du: “Beti gehiago nahi izaten dugu, baina egin dugun denboraldia txapela kentzeko modukoa da. Mailari juxtu-juxtu eustetik ligarengatik borroka egitera pasa gara. Pena izan zen Valladoliden gertatutakoa, baina orain liderra dugu aurrean, eta irabazi egin nahi diegu garaipena zaleei eskaintzeko”. Jim Dixonen agur eskutitza Igandeko partidara begira, bi baja nabarmen izango ditu Ampo Ordiziak. Batetik, Tom Parkerren hutsunea betetzera etorri zen Damian Lloyd Australiara itzuli da dagoeneko, eta azken partidarako osatu ez dena Phil Huxford da, medikuek beste bi astez geldirik egoteko agindu baitiote. Eta aurrerantzean baja izango dena Jim Dixon Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendaria da. [...]
Ordiziako San Joan auzoan eraikiko diren 25 etxebizitza berriren zozketa egingo da martxoaren 31n Herri Antzokian, 18:00etan. Etxebizitza propiorik ez duten pertsonek edo familiek parte hartu ahal izango dute zozketan. Bi baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek: 2006ko martxoaren 1a baino lehen Ordizian erroldatuta egotea, edota gutxienez norbere bizitzaren %75 Ordizian erroldatuta egotea. Baldintzak bete eta oraindik etxebizitzen eskatzaileen udal erregistroan izena eman ez dutenek, izena eman behar dute arreta bulegoan zozketan parte hartu nahi badute. Izena emateko epea martxoaren 9an, asteazkenean, bukatuko da. Baldintzak betetzen ez badira, prozesuan parte ez hartzea da egokiena, etxebizitza tokatu eta ondoren uko eginez gero, ezingo baita beste zozketa batean parte hartu hurrengo bi urteren buruan. Onartuen behin behineko zerrenda udaletxeko iragarki taulan eta udalaren webgunean egongo da ikusgai martxoaren 14tik 25era. Epe horretan jarri behar da dagokion erreklamazioa. Zozketarako behin betiko zerrenda hilaren 29an emango da ezagutzera. Baldintza plegua gaur argitaratuko dute webgunean. Bide itxita hamabost egunez Bestalde, datorren astelehenetik aurrera San Joan auzoko errotonda berritik Itsasondo aldera doan bidea itxita egongo da hamabost egunez ibilgailu eta oinezkoentzat. Bertan bizi direnak soilik pasa ahal izango dira. Itsasondo aldera autoz joateko errepidea hartu beharko da eta oinezkoek San Juan auzoko goiko etxebizitzen aldetik dute bidea.