Korrikako laguntzaile izateko deia egin du AEK-k
Trebiñun (Araba) apirilaren 7an hasi eta Donostian (Gipuzkoa) amaituko da 17an Korrikaren hamazazpigarren edizioa. Hamar egunetan Euskal Herria zeharkatuko du ekimenak, eta tartean baita Goierri ere. Apirilaren 13an izango da, asteazkena.
Dagoeneko elkarte eta banako askok gorriz margotu dute eguna egutegian eta Korrika Kulturalaren barruan eratu diren taldeak hamaika ekintza prestatzeko lanean ari dira.
Goierri beheko Goiztiri AEK-ko kideak ere burubelarri ari dira lanean, azken 24 urte hauetan egin duten moduan. Urte horietan guztietan hainbat ekintza kultural antolatu dituzte eta Korrikaren aurtengo ediziorako ere horretan ari dira.
Hala ere, beste behin, herritarren laguntzaren beharrean dira eta horregatik, Korrika batzordeko kideak dendaz denda pasako dira datozen egunetan Korrika lagun ekimenaren berri emanez. Aldez aurretik herritar guztien esfortzu ekonomikoa eskertu nahi izan dute arduradunek.
Kilometroak erosteko aukera
Kilometroak erosiz ekimenari laguntzeko aukera ere zabalik dago jada. Aurten 400 euro balioko du kilometroak eta erosten duenak Korrikaren lekukoa eramateko aukera izango du. Korrika batzordeko kideak herri guztietako elkarte, erakunde eta taldeekin jarri dira harremanetan.
Korrikarekin bat egin nahi duten gainerako norbanakoek korrikako laguntzaile izateko aukera dute, hamabi euroren truke. Laguntzaile izan nahi duenak AEKren bulegoren batera joan edo elkarteko kideren batekin harremanetan jarri behar du.