Ezagutu, errespetatu eta zaindu
Joan den astean elkarbizitza eta biodibertsitatea lantzeko helburuarekin hainbat ekintza burutu zituzten Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolan. Ekimen sorta horri bukaera emateko igandean, martxoaren 6an, Zuhaitz Eguna ospatu zuten. Joxe Goikoetxea Eskola Agenda 21eko ordezkariaren hitzetan jende ugarik parte hartu zuen, «giro ezin hobean» eta beraz, oso gustura daude herri eskolakoak jasotako erantzunarekin. Igandean goizeko bederatzietan herriko plazan elkartu ziren haurrak, gurasoak eta irakasleak. Guztira 85bat lagun eta Juan Mari Aldanondo buru zutela ibilalditxoa egin zuten herrian zehar hainbat zuhaitz ezagutzeko helburuarekin. Lehendabizi erreka ondoko landaretza ikuskatu zuten eta ondoren, Gorri baserriaren inguruan ibili ziren. Bertan haritzak, lizarrak, urkiak eta makalak bezalako zuhaitz autoktonoak ikusi zituzten. Baita kanpotik ekarritako Insignis pinua bezalako zuhaitzak ere. Ondoren herrigunera jaitsi eta zuhaitzak landatzeari ekin zioten. Txomenarena parkean madroño bat landatu zuten, futbito ondoko lorategian bi arte eta Gurutze Berri eta Zigor auzoetan berriz, hogei bat haritz. Joxe Goikoetxeak jakitera eman duenez, aurten zuhaitzak herrigunean landatzeko erabakia hartu dute «haurrek zein helduek egunez egun zuhaitz horien jarraipena egin dezaten». Talo tailerra Eguerdi partean Zuhaitz Egunean parte hartutako lagunek zein beste zenbait herritarrek talo tailerra egin zuten. Asko izan ziren ore zati bat hartu eta taloa egitera animatu zirenak. Besetak berriz, aldamenetik begira eduki zituzten. [...]
Joan den astean elkarbizitza eta biodibertsitatea lantzeko helburuarekin hainbat ekintza burutu zituzten Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolan. Ekimen sorta horri bukaera emateko igandean, martxoaren 6an, Zuhaitz Eguna ospatu zuten. Joxe Goikoetxea Eskola Agenda 21eko ordezkariaren hitzetan jende ugarik parte hartu zuen, «giro ezin hobean» eta beraz, oso gustura daude herri eskolakoak jasotako erantzunarekin.
Igandean goizeko bederatzietan herriko plazan elkartu ziren haurrak, gurasoak eta irakasleak. Guztira 85bat lagun eta Juan Mari Aldanondo buru zutela ibilalditxoa egin zuten herrian zehar hainbat zuhaitz ezagutzeko helburuarekin. Lehendabizi erreka ondoko landaretza ikuskatu zuten eta ondoren, Gorri baserriaren inguruan ibili ziren. Bertan haritzak, lizarrak, urkiak eta makalak bezalako zuhaitz autoktonoak ikusi zituzten. Baita kanpotik ekarritako Insignis pinua bezalako zuhaitzak ere.
Ondoren herrigunera jaitsi eta zuhaitzak landatzeari ekin zioten. Txomenarena parkean madroño bat landatu zuten, futbito ondoko lorategian bi arte eta Gurutze Berri eta Zigor auzoetan berriz, hogei bat haritz. Joxe Goikoetxeak jakitera eman duenez, aurten zuhaitzak herrigunean landatzeko erabakia hartu dute «haurrek zein helduek egunez egun zuhaitz horien jarraipena egin dezaten».
Talo tailerra
Eguerdi partean Zuhaitz Egunean parte hartutako lagunek zein beste zenbait herritarrek talo tailerra egin zuten. Asko izan ziren ore zati bat hartu eta taloa egitera animatu zirenak. Besetak berriz, aldamenetik begira eduki zituzten. Aholku bat edo beste ere jaso zituzten etxeko txikiek. Ondoren txorixoa edota txokolatea talo tartean sartu eta jan egin zituzten giro atseginean.
Goikoetxearen arabera, kutsu didaktikoa izan zuen goiz-eguerdi parteak. «Lehendabizi zuhaitzak ezagutu eta landatu ditugu eta gero taloak egiten ikasi dugu. Elkarbizitzaren eta biodibertsitatearen asteari ezin geniezaiokeen bukaera hoberik eman».
Ekintza sorta hori bukatutzat eman arren, Goikoetxeak aipatu zuen elkarbizitzako amaraun hori josten jarraituko dutela Aita Iparragirre herri eskolako ikasleek, gurasoek eta irakasleek, elkar hobeto ezagutuz eta elkarrekiko babesaz gozatuz».
Bestalde, Eskola Agenda 21eko ordezkariak esan zuen Idiazabalen ondare natural handia dagoela eta denoi dagokigula errespetatzea eta zaintzea. «Helburua ondare horretara gerturatzea, berau ezagutzea eta sentiaraztea da. Sentituz gero, errezagoa baita berau zaintzeko eta errespetatzeko konpromisoak hartzea».