Zumarragako Geltoki intermodala etzi inauguratuko dute, urtebeteko lanen ondoren
Urtebetetik gora iraun duten lanen ondoren, etzi inauguratuko dute Zumarragako geltoki intermodala. Ekitaldia 12:00etan izango da eta proiektua burutzeko dirulaguntzak eman dituzten erakunde guztietako ordezkariak izango dira. 2005. urtean Zumarragako Udalean Geltoki intermodala egiteko proiektua sortu zen. Lanak 2009ko irailean hasi zituzten eta «benetako eraikuntza lanei 2010ean ekin genien, urtebeteko epean amaitutzat eman ditugularik. Azkenerako hirigintzako xehetasunak geratu zaizkigu».
Guztira, 4.680.000 euroko aurrekontua izan du Geltokiak. «Proiektua hobetu dugu lur azpiko edukiontziak jarriz, Txindokiko plazan konponketak eginez, bidegorria lotuz eta Sekundino Esnaolako espaloiak txukuntzen eta ur-hoditeria berritzen ari gara egunotan».
Aparkalekua zabalik
Bihar bertan irekiko dute Geltoki intermodalaren azpian egindako aparkalekua. Itxitako 90 toki daude beheko solairuan. Gainekoan 128 toki ireki egin dituzte. «Zumarraga Lantzenena da garajeak saltzeko eskuduntza. Guztiak ez ditugu salduko eta errentan ipiniko ditugu Zelai Ariztiko lur azpiko aparkalekuan bezala». Zelai Ariztiko prezioak mantenduko dituzte. Aparkaleku irekiak errentan hartzeko hilean 75 euro ordaindu beharko dira eta garajeak hartzeko 90 euro.
«Bihartik eta martxoa amaitu arte aparkalekua doanekoa izango da». Apirilatik aurrera aparkalekuko tarifak ondokoak izango dira: lehenengo 45 mintuengatik 10 zentimo eta 0,01 zentimo minutuko ondoren. «Astelehenetik ostiralerako abonu sistema sortzea baloratzen ari gara».
Dagoeneko autobusak Geltoki berrian geratzen ari dira. Autobusentzako bost toki egin dituzte, lau ibilbide luzeetako autobusentzat eta bestea barrukoarentzat.
Bihartik aurrera aldatuko den beste zerbait zirkulazioaren norabidea da. Urretxuko eta Zumarragako Udalek eskatutako Zirkulazio Planaren irizpideak jarraituko dituzte. Urretxuko irteeran dagoen errotondatik Geltokirako sarbidea egongo da eta Geltokitik ateratzerakoan ezkerretara norabide bakarreko bi bide egongo dira Ipeñarrietara eta Labeagara egiteko. Eskubitara ateratzeko bi norabideak mantenduko dituzte Zumarragan barrena.
Zirkulazio plana
«Urretxuko Udalak Akelarre ondoko eremuan kamioientzako irteera egitea aurreikusten da Zirkulazio Planean. Egiten ez duten bitartean Geltokirako sarrerak bi norabide izango ditu kamioientzat eta horrek zirkulazioa oztopatuko duelakoan gaude» azaldu du Serranok.
«Geltoki intermodalak bi eremuetan eragin nahi» duela dio alkateak, «garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu eta, bide batez, jasangarritasuna bultzatu. Bestalde, erraztasunak eman nahi ditugu herritarrek intermodalitatearekin bat egin dezaten, garraiobideak bateratuz».