Urola Garaiko elbarrituen elkarteak
Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari euren aldarrikapenak
biltzen dituen eskutitz bat helarazi zion, pasa den ostiraleko
inaugurazioan.
Otamotz.com- Ostiralean inauguratu zen Zumarragako geltoki intermodalak zeresana ematen jarraitzen du. Izan ere, Eiluz, Urola Garaiko elbarrituen elkarteak salatu duenez, irisgarritasun akats handiak daude geltoki berrian. Euren aldarrikapenak jakitera emateko, eskutitz bat helarazi zieten agintariei ostiraleko aurkezpenean bertan. Eskutitz bana jaso zuten Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Mikel Cabiezes, Espainiako gobernuko ordezkariak.
Eiluzek salatu duenez, geltoki intermodalak ez ditu indarrean dauden irisgarritasun arauak betetzen. Diotenez gainera, ”arazo larria suposatuko du elbarritasun arazoren bat duen ororentzat”. Geltoki intermodalak ez dituela ”pertsona guztientzat aukera berdinak bermatzen” gaineratu dute eskutitzean.
Egin dituzten salaketen artean bi nabarmendu daitezke. Batetik, autobusak ez direla 10 minutuero igarotzen eta bidaiariak zain dauden bitartean, geltokia ”estalperik gabe uztea” akats larria dela diote. Are larriagotzat jo dute, nasa, gurpildun aulkiak aurtobusetara igotzeko beharrezkoak dituzten plataformak jartzeko lekurik ez uztea.
Bestalde, Urretxuko udaletxean egiten ari diren berrikuntza lanak ere izan dituzte hizpide eskutitzean. Salatu dutenez, udaletxeko atari berrian koskak jarri dituzte, ”elbarritasunak dituzten pertsonen mugikortasuna oztopatuz”.
Horregatik, irisgarritasun legea bere osotasunean betetzea exijitu nahi izan diete agintariei eskutitz honen bitartez. Era berean, diru publikoa guztientzat erabiltzea eta aipatutako kasuetan zuzenketan egin eta batez ere geltoki intermodala behar bezala konpontzea ere eskatu dute.