“Musika erakusteko erabiltzen den bidea garrantzitsua da, baina baita emaitza ere”
Iñaki Telleria musikari idiazabaldarrak SinfoKids musika eta hezkuntza uztartzen dituen ikus-entzunezko proiektuan parte hartu du. Proiektu horren helburua, eskola-umeei zein gainerakoei soinuen eta musika sinfonikoaren mundua hurbiltzea da. Horretarako unitate didaktikoetan banatutako DVD bat grabatu zuten. Otsailaren 12an ETB1ean eman zuten DVDa, programa bakarrean eta egun larunbatero ikus daiteke ETB3an, 10 minutuko unitate didaktikoetan banatuta. Idiazabaldarrak SinfoKids-i zein bere gainerako proiektuei buruz hitz egin du. Nondik dator SinfoKids proiektua? Duela bi urte inguru Euskadiko Orkestraren didaktika sailetik familientzako kontzertu didaktikoak egiten hasi ginen. Hilean behin izaten dira eta kontzertu horien ildotik, Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako arduradunari DVDa egiteko ideia bururatu zitzaion. Euskadiko Orkestrak, ETBk eta Hezkuntza Sailak elkarlanean egin dute lan hori. Non zabalduko dute DVDa? Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan, publiko zein pribatuetan banatuko dute. Norberak ere eskuratu ahal izango du eta lau hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) eginda dagoenez, kanpoan zabaltzeko aukera ere ematen du. DVDak musika modu pedagogikoan lantzen duela diote. Zer da umeei pedagogikoki musika erakustea? Ume batek ondo pasatzen duenean, dena askoz azkarrago ikasi ohi du eta horregatik DVD honen oinarrian marrazki erakargarriak, erritmoak, parreak… daude. Beraiek joku bat bezala hartzen dute, eta poliki poliki orkestra batean musikariak nola kokatzen diren, instrumentu bakoitzak zein soinu [...]
Iñaki Telleria musikari idiazabaldarrak SinfoKids musika eta hezkuntza uztartzen dituen ikus-entzunezko proiektuan parte hartu du. Proiektu horren helburua, eskola-umeei zein gainerakoei soinuen eta musika sinfonikoaren mundua hurbiltzea da. Horretarako unitate didaktikoetan banatutako DVD bat grabatu zuten. Otsailaren 12an ETB1ean eman zuten DVDa, programa bakarrean eta egun larunbatero ikus daiteke ETB3an, 10 minutuko unitate didaktikoetan banatuta. Idiazabaldarrak SinfoKids-i zein bere gainerako proiektuei buruz hitz egin du.
Nondik dator SinfoKids proiektua?
Duela bi urte inguru Euskadiko Orkestraren didaktika sailetik familientzako kontzertu didaktikoak egiten hasi ginen. Hilean behin izaten dira eta kontzertu horien ildotik, Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako arduradunari DVDa egiteko ideia bururatu zitzaion. Euskadiko Orkestrak, ETBk eta Hezkuntza Sailak elkarlanean egin dute lan hori.
Non zabalduko dute DVDa?
Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan, publiko zein pribatuetan banatuko dute. Norberak ere eskuratu ahal izango du eta lau hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) eginda dagoenez, kanpoan zabaltzeko aukera ere ematen du.
DVDak musika modu pedagogikoan lantzen duela diote. Zer da umeei pedagogikoki musika erakustea?
Ume batek ondo pasatzen duenean, dena askoz azkarrago ikasi ohi du eta horregatik DVD honen oinarrian marrazki erakargarriak, erritmoak, parreak… daude. Beraiek joku bat bezala hartzen dute, eta poliki poliki orkestra batean musikariak nola kokatzen diren, instrumentu bakoitzak zein soinu daukan eta horrelako beste hainbat kontu ikasiz joaten dira.
Lehen modu pedagogikoan erakusten al zen musika? Eta orain?
Lehen agian emaitzak bideak baino garrantzia gehiago zeukan eta nik uste dut gaur egun justu beste puntara joan garela. Hau da, bideari garrantzia gehiegi ematen zaio eta emaitza ez dugu horren kontutan hartzen. Nik uste dut orain entidade gutxi batzuk hasi direla ikusten bidea garrantzitsua dela baina baita emaitza ere eta beraz, ez dagoela lehiatuta ondo pasatzea ikastearekin.
Musikan trebea izateko ez al da beharrezkoa talentu berezia izatea?
Nik talentuarena albo batera utziko nuke. Ni txikitatik ezagutzen nautenek ikusi dute agian gauza batzutan abantailak nituela, baina egia esan ez neukan talentu berezia musikarako. Niri izugarri kostatu zaidan bidea izan da. Lan eginez gero, eta ondo lan eginez gero, ez zara agian Mozart izatera iritsiko, baina profesional txukun bat izatera iristeko ez zenuke inolako arazorik izango. Baina lan oso gogorra da. Talentua duen batek lau ordutan egiten duena zuk agian hamabi ordutan egingo duzu eta noski, prest egon behar duzu ordu horiek sartzeko.
2005. urtean zenion zure ametsa modu profesionalean musikatik bizitzea zela. Musikenen karrera bukatu eta zein urrats eman dituzu bide horretan?
Musikenen karrera bukatu eta bi urtetan freelance bezala ibili nintzen lanean orkestra desberdinetan. Gero Mike Oldfieldekin eta beste hainbat musikarirekin jotzeko aukera izan nuen.
Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Mike Oldfieldek Music of the Spheres azken diskoaren aurkezpena Bilboko Guggenheim-en egin zuen, Euskadiko Orkestra lagun zuela. Euskadiko Orkestra arduratu zen musikariak jartzeaz eta haien bitartez izan nuen nik jotzeko aukera.
Zer nolako esperientzia izan zen?
Lan egiteko beste sistema bat da, guztiz desberdina. Esperientzi pertsonal moduan mundu mailan horren ezaguna den musikari batekin lan egin ahal izatea, hitz egitea, tarte bat berarekin pasatzea… aberasgarria izan zen.
Kukai konpainiarekin lanean ere aritu zara.
Bai, Kukai konpainiaren soka ikuskizunari musika jartzen ziona bi perkusionisten arteko elkarrizketa zen eta nik idatzi nuen lan hori. Gero ikusi genuen esku artean geneukan materialarekin zerbait gehiago egin zitekeela eta horrela sortu genuen Kukairentzako Sok2 ikuskizuna.
2007. urtean beste proiektu batean sartu zinen.
Bai, Krater Ensemble taldea sortu genuen urte horretan, Gabriel Erkorekaren obra bat erreferentzi gisa hartuta. Krater Ensemble musika garaikidea egiten duen talde bat da, baina badu beste berezitasun bat: musikari guztiek, munduko lurralde desberdinetan bizi arren, zerikusi estua dute Euskal Herriarekin, bertakoak direlako edota formakuntza bertan jaso dutelako.
Munduko leku desberdinetan bizita nola moldatzen zarete entseguak egiteko?
Urtean bi edo hiru aldiz elkartzen gara Euskal Herrian, ia beti Musikenen eta lau bost egunetan egiten ditugu entseguak. Saio horietan gaur egungo konpositore desberdinen lanak lantzen ditugu.
Egunerokotasunean berriz, zer egiten duzu?
Donostiako Txistulari bandan hilabete batzuetan lanean aritu eta gero, Barakaldoko udal musika bandan plaza bat lortzeko oposizioak prestatzen aritu nintzen. Azterketara aurkeztu eta plaza atera nuen. Urte bat eta erdi daramat bertan lanean. Perkusioa jotzen dut. Asteartetik ostiralera bitartean entseatzen dugu eta hamabostean behin berriz, kontzertuak ematen ditugu, asteazkenetan Barakaldoko antzokian eta ostiraletan kultur etxean.
Nola antolatzen dituzu lan orduak?
Goizetik eguerdira bitartean entsegua egiten dugu. Ondoren norberak beste hiru ordu izaten ditu, kontzertuan jo beharreko obrak ikasteko. Lan horrez gain, Amorebietako musika eskolara ere joaten naiz, perkusioko klaseak ematera. Aurtengoa hirugarren urtea da jada. Eta une honetan Garikoitz Mendizabalekin Sosegua diskoaren biran ere bagabiltza. Nik bateria jotzen dut.
Gaztea izan arren, makina bat proiektu duzu esku artean. Zerbait geratzen al zaizu egiteko?
Asko. Musikatik bizitzeak badu abantaila bat: ez duzu mugarik, beti egin dezakezu zerbait berria. Esaterako, oso aberasgarria iruditu zitzaidan lanak neronek idaztea edo sortzea. Kukairentzat Sok2 egiterakoan sentsazio guztiz desberdinak bizi izan nituen. Arlo hori adibidez, gehiago jorratu nahiko nuke. Oraindik guztiz nirea den proiekturik ez dut egin eta badut gogoa horrelako zerbait egiteko. Zorionez oraindik gauza asko geratzen zait egiteko.
Hasierako ilusio berarekin jarraitzen al duzu?
Nik uste dut orain ilusio handiagoa dudala. Hasiera gogorra izaten da, behintzat nire kasuan. Ikasketetan jartzen duzu arreta karrera ateratzeko gogoa duzulako eta askotan gauzak oso beltzak ikusten dituzu. Orain poliki-poliki zure lekua bilatzen zoaz. Jendeak ezagutu egiten zaitu eta zerbait eskaintzera joaten zarenean inork ezagutzen ez zaituenean baino errezagoa da.