Imuntzok eta Belokik ‘Gezurra ez da egia’ diskoa aurkeztuz kontzertua egingo dute bihar Zaldibian
Hogei urte bete ditu aurten Imuntzoren eta Belokiren diskografiak. Jo ezak bilduma 1991n atera zutenetik etenik gabe aritu dira musikagintzan, eta azkeneko fruitua esku artean daukate jada: Gezurra ez da egia (Elkar), betiko trikitia ukitu garaikidearekin eta doinu aniztasun aipagarriarekin. Bihar 22:00etan Zaldibiako antzokian joko du bikoteak, kantu-lagun, musikari eta dantzari gehiagorekin batera. «Zahartu bat hartu dugu trikitiarekin hasi ginenetik ere, baina gogotsu gaude, hor segitzen dugu», esan du Eleuterio Jauregi Beloki zaldibiarrak. Sorterrian eta herrikideen aurrean egingo dute lehen aurkezpen kontzertua, aurreko astean lana Donostian erakutsi ondoren. Gezurra ez da egia diskoaren izena barruko pieza batetik hartu diote. «Jon Maia bertsolariak egin du letra hori. Azken aldiko istorioarekin lotura du, Euskal Herria badela eta ez dela hor ari direlako. Maiak dioen bezala, ‘zer da ba Euskal Herria, ez bada euskara herria?’. Euskara badenez, herria ere bai», ebatzi du Belokik. Bertsolarien presentzia gehiago bada diskoan. Sustrai Colinarenak dira Joan-etorrian kantaren hitzak. Lazkao Txikik zion abestia sartu dute, Joxe Migel Iztuetaren «politikan ez dago gauza politikan» esapidetik abiatuta. Imuntzo eta Belokiri Maider Ansa batu zaie. Kantu batzuetan nafarrak abesten du, eta koruak egiten ditu. «Bigarren diskoa da gurekin aritu dena». Zaldibian izango da Ansa ere bihar. Haiekin musikari-talde handia: Jimmy Arrabit [...]
Hogei urte bete ditu aurten Imuntzoren eta Belokiren diskografiak. Jo ezak bilduma 1991n atera zutenetik etenik gabe aritu dira musikagintzan, eta azkeneko fruitua esku artean daukate jada: Gezurra ez da egia (Elkar), betiko trikitia ukitu garaikidearekin eta doinu aniztasun aipagarriarekin. Bihar 22:00etan Zaldibiako antzokian joko du bikoteak, kantu-lagun, musikari eta dantzari gehiagorekin batera.
«Zahartu bat hartu dugu trikitiarekin hasi ginenetik ere, baina gogotsu gaude, hor segitzen dugu», esan du Eleuterio Jauregi Beloki zaldibiarrak. Sorterrian eta herrikideen aurrean egingo dute lehen aurkezpen kontzertua, aurreko astean lana Donostian erakutsi ondoren.
Gezurra ez da egia diskoaren izena barruko pieza batetik hartu diote. «Jon Maia bertsolariak egin du letra hori. Azken aldiko istorioarekin lotura du, Euskal Herria badela eta ez dela hor ari direlako. Maiak dioen bezala, ‘zer da ba Euskal Herria, ez bada euskara herria?’. Euskara badenez, herria ere bai», ebatzi du Belokik.
Bertsolarien presentzia gehiago bada diskoan. Sustrai Colinarenak dira Joan-etorrian kantaren hitzak. Lazkao Txikik zion abestia sartu dute, Joxe Migel Iztuetaren «politikan ez dago gauza politikan» esapidetik abiatuta.
Imuntzo eta Belokiri Maider Ansa batu zaie. Kantu batzuetan nafarrak abesten du, eta koruak egiten ditu. «Bigarren diskoa da gurekin aritu dena». Zaldibian izango da Ansa ere bihar. Haiekin musikari-talde handia: Jimmy Arrabit bateria jotzailea, Itoizen ibilitakoa; Sebastian Othaburu biolin jotzailea, «Baiona inguruko gazte eta musikari oso ona»; eta baxu jotzaile bat.
Musikari dagokionez, Gezurra ez da egia-ko hamabost kantuak bai noski, baina aurretik ezagun egin dituztenak ere joko dituzte kontzertuan. «Disko honetan folka sartu dugu dezente, Kaskarot dantzaren airea, Arratia erako pieza pare bat, greziar doinu bat ia tango bihurtuta…», aurreratu du Belokik.
Zaldibiako partaide ugari
Kontzertua dantza-koreografia aberatsarekin hornituko dute. Zaldibiako dantzari batzuek parte hartuko dute, beste bikote batek tangoa egingo du, txalapartarien partaidetza izango dute, eta bizpahiru zaldibiarrek kantuan lagunduko diete.
Handia izango da, beraz, aurkezpen kontzertua. Kide guztiekin entsegu orokorra arratsaldean egingo dute. «Gero zerbait jan eta zezenetara», dio umoretsu pandero jotzaileak.
Imuntzok eta Belokik, «zahartua» hartu arren, duela hogei urte bezala jarraitzen dute, gaztetasunetik taldea, doinuak, kideak eta ideiak berrituta.