Komunikabideen gaia landuko dute Iparra-Hegoaren barruan
Iparra-Hegoa kultur astea astelehenetik igandera (martxoaren 21etik 27ra) bitartean egingo dute Seguran. Aurten Lapurdiko Gure Irratiak 30 urte betetzen dituela aprobetxatuz, komunikabideen gaia landuko dute lehen hiru egunetan. Ostegunetik aurrera ere festa giroa izango da nagusi, antolatzaileek urtero bezala ekitaldi sorta prestatu baitute. Iparra-Hegoa ekimena Euskal Herria bere osotasunean islatzeko helburuarekin hasi ziren egiten. Antolatzaileen hitzetan «Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko oso gune interesgarria da». Aurtengoa kultur aste hori egiten duten hamaseigarren aldia da. Urte horietan guztietan hainbat gai jorratu dituzte: Euskal Herriko lurraldeak, itsasoa, lurra, euskal diaspora… Aurten komunikabideen gaia aztertuko dute astelehenetik asteazkenera bitartean. Komunikabideen gaia zabala denez, pixka bat mugatu eta hiru arlo jorratzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek. Asteleheneko hitzaldian XIX. mendetik honako euskal komunikabideen historia izango dute hizpide. Prentsa elebiduna edota prentsa abertzalea eta euskararen presentzia ere izango dituzte mintzagai. Asteartean, mahai ingurua egingo dute paperezko prentsaren etorkizuna oinarri hartuta. Sare sozialetan euskarak duen presentziaz ere hitz egingo dute. Azkenik, asteazkenean besteak beste, prentsa independenterik eta librerik ba ote den eztabaidatuko dute gonbidatuek. Afaria eta haurren eguna Hitzaldiez eta mahai inguruez gain, beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da Iparra-Hegoaren barruan. Ostegunean kulturaren beste arlo bat ukitu nahi [...]
Iparra-Hegoa kultur astea astelehenetik igandera (martxoaren 21etik 27ra) bitartean egingo dute Seguran. Aurten Lapurdiko Gure Irratiak 30 urte betetzen dituela aprobetxatuz, komunikabideen gaia landuko dute lehen hiru egunetan. Ostegunetik aurrera ere festa giroa izango da nagusi, antolatzaileek urtero bezala ekitaldi sorta prestatu baitute.
Iparra-Hegoa ekimena Euskal Herria bere osotasunean islatzeko helburuarekin hasi ziren egiten. Antolatzaileen hitzetan «Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko eta trukatzeko oso gune interesgarria da».
Aurtengoa kultur aste hori egiten duten hamaseigarren aldia da. Urte horietan guztietan hainbat gai jorratu dituzte: Euskal Herriko lurraldeak, itsasoa, lurra, euskal diaspora… Aurten komunikabideen gaia aztertuko dute astelehenetik asteazkenera bitartean.
Komunikabideen gaia zabala denez, pixka bat mugatu eta hiru arlo jorratzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek. Asteleheneko hitzaldian XIX. mendetik honako euskal komunikabideen historia izango dute hizpide. Prentsa elebiduna edota prentsa abertzalea eta euskararen presentzia ere izango dituzte mintzagai.
Asteartean, mahai ingurua egingo dute paperezko prentsaren etorkizuna oinarri hartuta. Sare sozialetan euskarak duen presentziaz ere hitz egingo dute.
Azkenik, asteazkenean besteak beste, prentsa independenterik eta librerik ba ote den eztabaidatuko dute gonbidatuek.
Afaria eta haurren eguna
Hitzaldiez eta mahai inguruez gain, beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da Iparra-Hegoaren barruan.
Ostegunean kulturaren beste arlo bat ukitu nahi dute eta beraz, egun horretarako bertso-poteoa eta afaria antolatu dituzte, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariekin. Kuxkuxtu txarangako kideak ere bertan izango dira, urtero bezala giroa alaitzen.
Ostiralean haurren eguna izango da. Angeluko eta Hiriburuko ikastoletako 50 ikasle joango dira Segurara, eta bertan Laiotz herri eskolako ikasleekin batera egun pasa ederra egiteko aukera izango dute.
Antolatzaileen hitzetan umeentzat antolatutako ekintzek ere garrantzia handia dute, «Segurako zein Iparraldeko haurren esamolde eta euskalki desberdinez, elkar ezagutu eta aberasteko aukera izango baitute».
Gauean, behin haurrak etxera erretiratu eta gero Xutik lapurtarrek, La troba Kun Fú katalanek eta Emon bergararrek kontzertua emango dute Segurako plazan.
Asteburutik aurrera festa lehertuko da Seguran. Larunbatean, egunean zehar mendi irteera, haurrentzako jokoak eta tailerrak, kirol norgehiagoka herrikoia eta ardo dastaketa egingo dituzte, besteak beste. 23:00etatik aurrera Lapurdiko Iñazki taldearekin eskutik dantzaldia izango da eta goizaldera arte parrandan ibiltzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Igandea berriz, izango da urtero bezala, kultur astearen barruko egun handia. 150-200 lagun joango dira Iparraldetik Segurara eta besteak beste, ekitaldia egingo dute Euskal Herriko herrialdeen lotura sinbolizatzen duen gereziondoaren bueltan .
Botikaxahar kultur gunea
Iparra-Hegoa elkarteak eta Elorri elkarteak akordioa sinatu dute Segura Irratiarekin, irratiaren azpian dagoen 180 metro koadroko lokala erabiltzeko. Elorriko kideek esan dutenez, helburua urtean zehar bertan antzerkiak, kantaldiak… antolatzea da, ”horrelako ekitaldiak antolatzeko herrian ez baitago azpiegiturarik”.
Konponketa lanak Iparra-Hegoak eta Elorrik hartu dituzte euren gain. Auzolanean txukundu dute eta gaur inauguratuko dute, 19:30ean. Botikaxahar kultur gunea ireki ahal izateko emandako urratsak azalduko dituzte. Mokadutxoa ere egingo dute eta gero Maialen Beheran Donibane Lohitzuneko abeslariak saioa egingo du. Azkenik Hau dela, hori dela antzerkia ikusi ahalko da.
Hona ostegunera bitarteko egitaraua:
Bihar, larunbata (martxoak 19)
-09:00. Margolari Nobelen Lehiaketa.
-17:00. Margo lanen sari banaketa.
Astelehena
-19:30. Hitzaldia kultur etxean. Gaia: XIX. mendetik honako euskal komunikabideen historia. Hizlariak: Eneko Bidegain eta Aitor Zuberogoitia Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasleak.
Asteartea
-19:30. Mahai ingurua kultur etxean. Gaia: Zein etorkizun du paperezko prentsak? Sare sozialetan euskararen lekua. Hizlariak: Mikel Etxeberria Radio Kultura-ko ordezkaria, Luis Fernandez kazetaria eta blogaria, Pantxika Maitia Kanaldude-ko ordezkaria eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria.
Asteazkena
-19:30. Hitzaldia kultur etxean. Gaia: Zer da prentsaren askapena: Prentsa independenterik eta librerik ba al da? Gertakari bat erabiltzea helburu politikoen arabera. Hizlariak: Gaizka Aranguren, Luzien Etxezarreta Gure Irratiko kazetari ohia, Xabier Letona Argiako zuzendaria eta Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria.
Osteguna
-19:30. Bertso poteoa eta afaria egingo dituzte Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak eta Kuxkuxtu txaranga lagun hartuta. Afarirako txartelak Elorripe edaritegian eta Xaia edaritegian daude salgai, antolatzaileen arabera.