Greba hasiko dute Etengabeko Zerbitzu Guneetan
Osasun zentroetako Etengabeko Arreta
Guneetako langileek gaurtik hilaren 26ra arte greba egingo dute.
Mobilizazioekin jarraituko dute Zumarragako EAG, Etengabeko Arreta Guneetako langileak. Zumarragako zerbitzuarekin batera Beasaingoak ere bat egingo dute protesta hauetara. Gaur hasiko dute berriz greba, hilaren 26ra arte.
Osasun Zentroetako larrialdi zerbitzuak dira Etengabeko Arreta Guneak, mediku, erizain eta zaindari batek osatuta. Grebak Gipuzkoako eta Bizkaiko EAG-etan egingo dituzte, Osakidetzak ”osasun publikoaren aurka duen plana” dela eta.
Osakidetza egiten ari den zerbitzu murrizketak, Zumarragako EAG-ko Lopez zaindariaren arabera: ”Osakidetzak zerbitzuak pribatizatu nahi ditu eta horrek bi errealitate sortzen ditu: langilearena eta erabiltzailearena”. Langilerik ez du kaleratu Osakidetzak baina ordutegiak murriztu dizkie, eta ”urtean bete beharreko orduetara ez iristea gerta daiteke”, dio Arantxa Ramos Zumarragako EAG-ko erizainak.
Zerbitzuen erabiltzaileei dagokionez, ”zerbitzuen murrizketek ondorio zuzenak eragiten ditu. Legazpin, adibidez ez dago jada Etengabeko Arreta Gunerik”, azaldu du Lopezek. Gauzak horrela, osasun zerbitzuen murrizketak ospitaleei ere eragingo die. ”Gure protesten atzetik, Lehenengo Mailako Arreta zerbitzukoen protestak etorriko dira eta ondoren ospitaleetako langileena. Azken horiek ez dira iristen eta murrizketek ospitaletan kolapsoa sor dezakete”.
Zumarragako EAG-tik salatu nahi dute, ”Osakidetza ez da gurekin eseri, hartu dituen neurriak aldebakarrekoak izan dira. Soldatak ere murriztu dizkigute eta ez dugu txintik ere esan, garaiak gogorrak badira, gogorrak dira guztiontzat. Baina ordutegien eta zerbitzuen murrizketarekin ez gatoz bat”. Lopezek eta Ramosek, ”Etengabeko Arreta Guneetako langile guztiak grebarekin bat” datozela esan dute, ”sindikatu guztiek babestutako mobilizazioa da”.
Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak hiru mailatan sailkatzen dira. Etengabeko zerbitzuak oinarrian, lehen mailakoak ondoren eta ospitaletan ematen den zerbitzua goian. ”Oinarrietako zerbitzuak murriztuz bagoaz, ospitaleetara joan beharko dira erabiltzaileak, nahiz eta bertan ematen den arreta gobernuarentzat askoz ere garestiagoa izan”, gogoratu du Lopezek.
Greba gaurtik hilaren 26ra
Greba gaur hasiko dute 9:00etan eta martxoaren 26ko 9:00etan amaituko dute. Zerbitzu minimoak beteko dituzte ”benetako larrialdiak bideratuko ditugu”.