Murumendi pilota eskolaren aldeko jaialdia egingo dute hilaren 25ean
Beasaingo Kirol Fundazioak, udalak eta Murumendi pilota eskolak, pilotaren inguruko hainbat ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, esku pilota jaialdia egingo dute hilaren 25ean; promesa mailako binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte. Bestetik, Beasaingo pilota txapelketa herrikoia antolatu dute, bigarren urtez. Kanporaketak apirilean hasiko dira eta datorren astetik aurrera eman ahal izango da izena. Pilota jaialdia, Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko dute, bihar zortzi, 20:00etan. Batetik, binakako promozioko txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte. Bikoteetako bat, Asegarceri dagokiona, erabakita dago jada; Olaetxeak eta Jon Ander Albisu ataundarrak jokatuko dute. Aspeko bikotea zein izango den berriz, asteburu honetako kanporaketaren ondoren erabakiko da. Partida horren aurretik, jaialdiari hasiera emateko, Mendizabal eta Leiza ariko dira 4 t’erdian, buruz buru. Jaialdi honek bi helburu ditu, “herritarrei pilota ikuskizun on bat eskaintzea eta bide batez, Murumendi pilota eskola laguntzea”. Hala, sarreretatik ateratako dirua, eskolari emango diote. Ekimen hori, Kirolaren Udal Fundazioak eta Murumendi pilota eskolak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren testuinguruan kokatu du Julene Hidalgok. Hitzarmen horren helburu nagusia “herriko pilota bultzatzea” dela azaldu du. Bestalde, datorren asteburuko jaialdia bultzatzeko “200 gonbidapen” banatuko dituztela jakinarazi du. Zaleek, Antzizar kiroldegian eskatu ahal izango dituzte gonbidapen horiek. Jon Alkaiagak azaldu duenez, “historikoki pilotak zaletasun handia izan du Beasainen”. Horren adibide, herriko pilotalekuak [...]
Beasaingo Kirol Fundazioak, udalak eta Murumendi pilota eskolak, pilotaren inguruko hainbat ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, esku pilota jaialdia egingo dute hilaren 25ean; promesa mailako binakako txapelketako partidak jokatuko dituzte. Bestetik, Beasaingo pilota txapelketa herrikoia antolatu dute, bigarren urtez. Kanporaketak apirilean hasiko dira eta datorren astetik aurrera eman ahal izango da izena.
Pilota jaialdia, Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko dute, bihar zortzi, 20:00etan. Batetik, binakako promozioko txapelketako finalaurrekoak jokatuko dituzte. Bikoteetako bat, Asegarceri dagokiona, erabakita dago jada; Olaetxeak eta Jon Ander Albisu ataundarrak jokatuko dute. Aspeko bikotea zein izango den berriz, asteburu honetako kanporaketaren ondoren erabakiko da. Partida horren aurretik, jaialdiari hasiera emateko, Mendizabal eta Leiza ariko dira 4 t’erdian, buruz buru. Jaialdi honek bi helburu ditu, “herritarrei pilota ikuskizun on bat eskaintzea eta bide batez, Murumendi pilota eskola laguntzea”. Hala, sarreretatik ateratako dirua, eskolari emango diote.
Ekimen hori, Kirolaren Udal Fundazioak eta Murumendi pilota eskolak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren testuinguruan kokatu du Julene Hidalgok. Hitzarmen horren helburu nagusia “herriko pilota bultzatzea” dela azaldu du. Bestalde, datorren asteburuko jaialdia bultzatzeko “200 gonbidapen” banatuko dituztela jakinarazi du. Zaleek, Antzizar kiroldegian eskatu ahal izango dituzte gonbidapen horiek.
Jon Alkaiagak azaldu duenez, “historikoki pilotak zaletasun handia izan du Beasainen”. Horren adibide, herriko pilotalekuak direla dio. 1878. urtean inauguratu zen herriko aurreneko pilotalekua, errebotean eta luze jokatzeko balio zuena. Gaur egun, pilotaleku ugari daude Beasainen. “Antzizar kiroldegiko frontoia, Gernika pasealekukoa, Ezkierdikoa, Matxinbentakoa, Arriarangoa, La Salle eta Lizeo ikastetxeetakoak”.
Murumendi pilota eskola
Pilota eskolaren izenean Koldo Agirrek hartu du hitza. Eskolak 50 ikasle eta hiru entrenatzaile dituela azaldu du. Nagusietan ere Beasaingo hamabost pilotari dabiltza, eta Lazkaoko LAPKE elkartekoekin elkarlanean ari dira, entrenamenduak eta batera eginez. Ikasturtea irailean hasi bazuten ere, izena eman nahi dutenei taldean tokia egiteko prest agertu dira. Horretarako, gaztetxoek astearteetan (17:00-20:00) agertu behar dute Gernika pasealekuko frontoian egiten dituzten entrenamendu saioetara. Helduek berriz, Antzizarren entrenatzen dute, astelehen eta asteazkenetan.
Txapelketa herrikoia
Joan den urtean aurreneko aldiz antolatu zuten Beasaingo binakako esku pilota txapelketa herrikoia. Denera 28 bikotek parte hartu zuten eta “jende asko gerturatu zen asteroko partidak ikustera”. Harrera hori ikusita, bigarren urtez antolatzea erabaki du Murumendi pilota eskolak. Izena emateko epea datorren astean zabalduko dute. Horretarako, Sasoian kirol zentrora jo edo mezu bat bidal daiteke beasainpilota@hotmail.es helbide elektronikora. Kanporaketak apirilaren 29an hasiko dituzte eta ostiral iluntzeetan eta igande arratsaldeetan jokatuko dira. Finala berriz, ekainaren 5ean izango da, Beasaingo Loinatz jaien barruan.