Lazkaomendiko bidegurutzean aurten hasiko da Udala biribilgunea egiten
Lazkaoko saihesbidean (Gi-2120 errepidea) bi biribilgune eraikiko ditu Lazkaoko Udalak, horietatik lehena, Lazkaomendiko bidegurutzearen ingurukoa, aurten hasita. Ostiralean sinatu zuten Aldundiak eta Udalak Iturgaitzaga eremuan obrak egin ahal izateko eta finantzatzeko hitzarmena. 2,5 milioi euroko diru saila bideratu du Aldundiak bidegurutzeak errotonda bihurtuta hobetzeko. Iturgaitzaga auzunean obrak irail aldera hastea eta 2012ko irailerako erabilgarri izatea da asmoa, Patxi Albisu alkateak esan duenez. Errotonda Arruabarrena pasta lantegiaren alboan kokatuko dute, eta lau bide-adar irtengo dira: Lazkaomendirako bidea, saihesbidearen jarraipena Ataunerantz, Lazkao herrigunera kalea (saihesbidearen alboan) eta Hiribarrenera zeharbidea. Birilguneak gaur egungo Lazkaomendiko bidegurutze «arriskutsua» ekidingo du. «Lazkaoko Udalak kudeatu du dagoeneko eraitsi behar diren horko eraikinak eta lurren eskuera. Foru Aldundiak ere pauso nabarmena eman du, inbertsioaren %100 jarrita», azaldu zuen Albisuk ostiralean, Eneko Goia eta Carlos Ormazabal diputatuekin ituna sinatu aurretik. Iturgaitzaga etxea, adibidez, bota egingo dute. Errepideko segurtasuna hobetuko dela esan du Goiak. «Legealdia Lazkaon hasi genuen Senpereko biribilgunearekin, eta neurri batean Lazkaon bukatzen dugu». Gi-2120 errepidean egunean 7.000 ibilgailu ibiltzen da. Bidegorri sarea lotzera Iturgaitzagako eta Hirigoiengo errotondek bizikletarien eta oinezkoen zidorrari segimena emateko balioko dute. Ataun aldeko biribilgunea Senperekoaren tankerakoa egingo dute, bidegorria erdi-erditik eta azpitik igaroko baita. Ormazabalek azaldu du Goierriko sarea bukatzear izango dela Lazkaoko [...]
Lazkaoko saihesbidean (Gi-2120 errepidea) bi biribilgune eraikiko ditu Lazkaoko Udalak, horietatik lehena, Lazkaomendiko bidegurutzearen ingurukoa, aurten hasita. Ostiralean sinatu zuten Aldundiak eta Udalak Iturgaitzaga eremuan obrak egin ahal izateko eta finantzatzeko hitzarmena. 2,5 milioi euroko diru saila bideratu du Aldundiak bidegurutzeak errotonda bihurtuta hobetzeko.
Iturgaitzaga auzunean obrak irail aldera hastea eta 2012ko irailerako erabilgarri izatea da asmoa, Patxi Albisu alkateak esan duenez. Errotonda Arruabarrena pasta lantegiaren alboan kokatuko dute, eta lau bide-adar irtengo dira: Lazkaomendirako bidea, saihesbidearen jarraipena Ataunerantz, Lazkao herrigunera kalea (saihesbidearen alboan) eta Hiribarrenera zeharbidea.
Birilguneak gaur egungo Lazkaomendiko bidegurutze «arriskutsua» ekidingo du. «Lazkaoko Udalak kudeatu du dagoeneko eraitsi behar diren horko eraikinak eta lurren eskuera. Foru Aldundiak ere pauso nabarmena eman du, inbertsioaren %100 jarrita», azaldu zuen Albisuk ostiralean, Eneko Goia eta Carlos Ormazabal diputatuekin ituna sinatu aurretik. Iturgaitzaga etxea, adibidez, bota egingo dute.
Errepideko segurtasuna hobetuko dela esan du Goiak. «Legealdia Lazkaon hasi genuen Senpereko biribilgunearekin, eta neurri batean Lazkaon bukatzen dugu». Gi-2120 errepidean egunean 7.000 ibilgailu ibiltzen da.
Bidegorri sarea lotzera
Iturgaitzagako eta Hirigoiengo errotondek bizikletarien eta oinezkoen zidorrari segimena emateko balioko dute. Ataun aldeko biribilgunea Senperekoaren tankerakoa egingo dute, bidegorria erdi-erditik eta azpitik igaroko baita. Ormazabalek azaldu du Goierriko sarea bukatzear izango dela Lazkaoko bi eremuetako lotuneak egindakoan. «Legealdia amaitzear da, baina berehala amaituko da esku artean genuen bidegorri sarea ere. Pare bat tartetxo falta dira».
Gaur egun eraikitzen ari diren Beasain-Lazkao bidegorria eta Lazkao-Ordizia (CAFetik barrena) aipatu ditu Mugikortasun diputatuak; Lazkaoko lotune berriekin industrialdeetara irispidea izango da, «mugikortasun eta segurtasun aldetik aurrerapauso nabarmena».
Bide berria Lazkaotik irteteko
Ostiralaz geroztik Lazkaoko herrigunearen barruko trafikoaren norabideak birmoldatuta daude atzera. Orobioneko etxe-multzo berriaren eta Maizpide euskaltegiaren atzealdetik errei bakarreko bidea zabaldu du Udalak Lazkaomendiko gurutzeraino. Elosegi kalean espaloia eta bidegorria eraikitzeko obrak sortu duen norantza murrizketa eta irteera gabezia –ezin da handik Beasain aldera jo– arinduko du bide berriak.
Hala, herrigunetik irteteko Iturgaitzagako bidegurutzea erabili dezakete dagoeneko gidariek. Areso kaletik du sarrera bide-zati berriak, eta Beasain aldera joateko bakarrik da. Saihesbidera bi irteera daude, beraz, momentu honetan: Iturgaitzagakoa eta Hirigoiengoa. Lazkaora sartzeko, berriz, Lazkaomendiko bidegurutzean debekatu egin dute saihesbidetik herrigunera hartzea, bi noranzkoetako autoek bira egiteko estu geratzen zela eta.
Bide berria eraikitzeko moja zistertarren Santa Ana komentuaren lur sail batzuk hartu dituzte. Etorkizunean Iturgaitzagako eremuan garatuko duten urbanizatzearen barruan egin dute bide berria. Mojen baratzeari zirrindara bat kendu diote, lehen saihesbidearen ertzean zegoen horma hogei-bat metro atzeratuta.