Auto elektrikoen zerbitzua Ordiziara, Beasaina eta Lazkaora zabalduko dute
Urte hasieran Ataunen martxan jarritako Sarecar zerbitzua Ordiziara, Beasaina eta Lazkaora zabalduko dute. Goizean egin dute aurkezpena Ordizian, eta bertan, auto elektrikoa alokatzeko zerbitzuak lau herrien artean eratuko duen konexioa azpimarratu dute.
Gaur egun Sarecar zerbitzuaren barruan bost auto elektriko daude Ataunen, eta horiek kargatzeko beste bost gune. Zerbitzua gainontzeko herrietara zabaltzeko prozesua, bi fasetan egingo dela zehatzu dute. Lehen pausoa herri bakoitzean zerbitzua martxan jartzea izango da, ibilgailuak eskuratuz eta zerbitzua eskainiko den gunea eratuz. Herri bakoitza “irla bat” izango dela azaldu dute azalpenean eta bigarren fasean “irla” horietako ibilgailuak partekatu ahal izateko sistema jarriko da martxan. Zerbitzua lau herrietan eskaintzen hasten denean, herri horietako batean ibilgailua hartu eta Sarecar zerbitzua eskaintzen duen beste herri batean uzteko aukera egongo da.
Beasainen, Ordizian eta Lazkaon bosna ibilgailu egongo dira erabilgarri eta horiek kargatzeko gune bana herri bakoitzean. Beasainen eta Ordizian tren geltokiaren ondoan jarriko dute zerbitzua. Lazkaon non jarriko duten ez dute zehaztu. Hiru herrietan, udaberri amaieran jarriko dute zerbitzua martxan.
Sarecar kudeatzeko elkartea
Beasain, Ordizia eta Lazkaoko proiektu pilotuak urte bateko iraupena izango du, eta denbora hori igarota eta emaitzak eta bideragarritasuna aztertuta, zerbitzua beste herri batzuetara zabaltzeko aukera azpimarratu dute gaurko aurkezpenean.
Zerbitzua ahalik eta modu egokienean kudeatu ahal izateko eta beharrezko azterlanak egiteko, Sarecar sistema kudeatuko duen sozietatea sortuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Iberdrolak, Kutxak, FCCk eta Ennera enpresek.
Sarecar proiektu osoak 1.066.000 euroko aurrekontua du. Horietatik 700.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritu ditu, 400.000 euro Ataunen zerbitzua jartzeko lehen faserako eta gainerako 300.000 euroak proiektua gainerako hiru herrietara zabaltzeko. Kutxak 200.000 euro jarri ditu, Iberdrolak 83.000 euro eta FCC Fomento de Construcciones y Contratas enpresak beste 83.000 euro.
Europan erreferentea den proiektua
Iberdrolak eta proiektuan sartu berria den FCC enpresak, autoak kargatu ahal izateko Beasainen, Ordizian eta Lazkaon estazio bana jartzeko konpromisoa hartu dute. Horrez gain, Iberdrolak Sarecar zerbitzua Bruselan aurkeztuko duela jakinarazi du Eduardo Insunza Iberdrolako kideak. “Mugikortasun elektrikoaren ereduzko praktika gisa” aurkeztuko dute proiektua ostegun honetan, “elektromugikortasun alorrean Europan gauzatu den esperientzia berritzaileenetako bat” bezala.
Norbanakoentzako eta enpresetarako energia eta mugikortasunari buruzko irtenbide iraunkorrak eskaintzen dituen eNNera enpresako Agustin Iturriozek, Sarecar proiektua gauzatzeko bidea eman duen teknologia garatzeko erronka azpimarratu du: “Mobera da soluzioa, proiektuaren zati guztiak lotu eta kudeatzen dituena, erabiltzaileak zerbitzu hori modu erraz eta intuitiboan erabili dezan”.