
Erregional Ohorezko Mailan ari diren Goierriko bi taldeek, Ordiziak eta Idiazabalek, derbia jokatu dute gaur arratsaldean Altamiran, eta partida husna bukatu da. Gora behera askoko partida izan da, bi taldeek aukerak tartekatu dituzte, baina bi taldeetako inor ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko. Lehen zatian bi taldeek izan dituzte markagailuan aurreratzeko aukerak, baina ez dituzte aprobetxatu, eta bigarren zatia ere antzekoa izan da, nahiz eta azken minutuetan Ordiziak Idiazabal gehiago estutu.
Talde bakoitzak puntu bana lortu du, baina puntu hori ez da nahikoa sailkapeneko zulotik ateratzeko. Ordiziak azken postuan bukatuko du asteburuko jardunaldia ere, 19 punturekin, eta Idiazabalek azkenaurrekoan, 21ekin. Sei jardunaldi besterik ez dira falta liga bukatzeko, eta gauzak asko aldatzen ez badira, Goierriko bi taldeek maila galduko dutela esan liteke. Ordiziak 12 puntura du salbazioa, eta ‘axariek’ hamar puntura, eta kontuan hartuta 18 puntu bakarrik daudela jokoan, zaila dute urteko helburua betetzea.