Legazpiko Garagardo Festa, giro onean
Legazpiko Telleriarte txirrindulari elkarteak antolatutako Garagardo Festa giro onean egiten ari da Urbeltz pilotalekuan. Ostegunaz geroztik dago zabalik, eta gaur eta bihar izango dira bertan izateko azken egunak. Gaur 18:00etan zabaldu dute azoka, eta artean mugimendu handirik ez bazen ere, 20:o0ak alderako jende mordoxka zebilen. Bigarren aldiz antolatu du festa Telleriartek, eta bertan bildutako dirua elkartearen proiektuak antolatzeko da, gero eta asmo gehiago baitituzte buruan, Iker Conejo elkarteko kideak dioenez: “Maiatzeko klasikatik aparte, iaz mendiko bizikleten trabesia bat ere antolatu genuen. Aurten proiektu gehiago ere baditugu. Batetik, ekaina erdialdera egin nahi den jubenilen errepideko lasterketa bat, Aztirin egitekoa. Bestetik, negu aldera egiteko ziklo kross proba bat”. Oraindik ere ideia hauei forma ematen ari dira, baina Garagardo Festako diruak proiektu hauek garatzen lagunduko du. Bihar, igandea, 13:30ak arte egongo da zabalik.













