Ehun urte igaro dira ELA sindikatua sortu zutenetik
Eusko Alderdi Jeltzaleak bultzatuta, sortu zen “Solidaridad de Obreros Vascos” erakunde sindikala 1911ko uztailaren 23an. 178 langilek araudia onartu ondoren sortu zuten gaur egun ELA izena daraman sindikatua. Aurten ehun urte betetzen ditu, eta urteurreneko ospakizun nagusia Bilbon egingo badute ere ekainaren 11n, aurretik Euskal Herriko eskualde ezberdinetan ari dira egiten ospakizun ekitaldiak. Goierriri dagokion ekitaldia gaur egin dute Beasainen, Igartza jauregian. Bertan elkartu dira ELAko hainbat militante historiko eta gaur egun haien lanarekin jarraitzen duten beste hainbat kide. Sindikatuaren historia biltzen duen erakusketa ikusiz hasi dute urteurrena, eta ondoren hainbat militantek urte hauetan guztietan bizi izan dutena azaldu dute. Umore puntuan baina seriotik landu dute gaia, eta gutxienez beste ehun urte lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, ordea, gazteen beharra azpimarratu dute. Sindikatuak Goierrin izan zuen hasiera eta sorreratik ELAk egin dituen kongresuak eta data gogoangarrien errepasoa egin dute Anjel Mari Garmendia eta Juanjo Mujika militante historikoek. Luis Laskurainek eta Aitor Agirrek eskualdean sindikatuak izan duen bilakaera eta etorkizunari begira lan egiteko duten gogoa azaldu dute. Egoitz Iturbe, Oria bailarako arduradunak, amaitu du kontakizunekin. Bera ELAn hasi zeneko garaiak gogoratu ditu, eta aurrera begira beste ehun urte betetzeko lan egiten jarraitu behar dela azpimarratu du. Historia iruditan eta dokumentuetan [...]
Eusko Alderdi Jeltzaleak bultzatuta, sortu zen “Solidaridad de Obreros Vascos” erakunde sindikala 1911ko uztailaren 23an. 178 langilek araudia onartu ondoren sortu zuten gaur egun ELA izena daraman sindikatua. Aurten ehun urte betetzen ditu, eta urteurreneko ospakizun nagusia Bilbon egingo badute ere ekainaren 11n, aurretik Euskal Herriko eskualde ezberdinetan ari dira egiten ospakizun ekitaldiak. Goierriri dagokion ekitaldia gaur egin dute Beasainen, Igartza jauregian.
Bertan elkartu dira ELAko hainbat militante historiko eta gaur egun haien lanarekin jarraitzen duten beste hainbat kide. Sindikatuaren historia biltzen duen erakusketa ikusiz hasi dute urteurrena, eta ondoren hainbat militantek urte hauetan guztietan bizi izan dutena azaldu dute. Umore puntuan baina seriotik landu dute gaia, eta gutxienez beste ehun urte lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, ordea, gazteen beharra azpimarratu dute.
Sindikatuak Goierrin izan zuen hasiera eta sorreratik ELAk egin dituen kongresuak eta data gogoangarrien errepasoa egin dute Anjel Mari Garmendia eta Juanjo Mujika militante historikoek. Luis Laskurainek eta Aitor Agirrek eskualdean sindikatuak izan duen bilakaera eta etorkizunari begira lan egiteko duten gogoa azaldu dute. Egoitz Iturbe, Oria bailarako arduradunak, amaitu du kontakizunekin. Bera ELAn hasi zeneko garaiak gogoratu ditu, eta aurrera begira beste ehun urte betetzeko lan egiten jarraitu behar dela azpimarratu du.
Historia iruditan eta dokumentuetan
Eskualdez-eskualde Euskal Herria zeharkatuko duen erakusketan bildu dute ELAk ehun urte hauetan emandakoa. 1912an Bilbon ireki zuen sindikatuak lehen egoitza, eta bertan bandera bat jarri ahal izateko udaletxean egindako eskaera orria ikusi daiteke. Beste hainbat dokumentu ere badaude, tartean Legazpiko egoitza hustu arazi zietenean kendu zizkieten materialen zerrenda.
Goierriri lotutako beste hainbat paper eta argazki ere ikusgai egon dira Igartza jauregian. Euskal Herrian zehar egindako manifestaldi, protesta, bilkura eta gainerakoen irudiak, hainbat militanteren karnet sindikal zaharkituak, zigiluak, kartelak… Baita informazio hori guztia eta hainbat elkarrizketa jasotzen dituen ikus-entzunezkoa ere.
Hamaiketakoa eginez eta lehengo eta oraingo sindikalisten arteko kontakizunekin eman dituzte amaitutzat sindikatuaren urteurrena ospatzeko eskualdeko ekintzat. Ekainaren 11n Bilbora joateko deia luzatu dute ELA sindikatuko arduradunek eta militanteek.
Urteurrenari eta sindikatuari buruzko informazio gehiago, sindikatuaren historia, bideoak, argazki zaharrak… ELAren webgunean daude ikusgai.