Itsasondon Herri Eguna ospatuko dute bihar, gazte taldeak herrigintza sustatzeko prestatu duen lehen ekitaldia
Itsasondoko I. Herri Egunari iritsi zaio plazan gorpuzteko ordua. Bihar, larunbata, arratsalde aurrenetik hasita gauera arte luzatuko den egitarauarekin ospatuko dute herriko eragileak, elkarteak eta norbanakoak biltzea eta herrigintzan sakontzea helburu duen festa. Itsasondoko Gazte Taldeak hilabeteak igaro ditu prestatzen, eta «urduritasun puntuarekin» daude, azkeneko xehetasunak lotzen ari diren bitartean. Bihar 16:00etan hasiko da festa, haurrentzako eta nerabeentzako prestatu dituzten jolasekin. Jai giroa zabaldu nahi dute plazan; horretarako patata-tortilla lehiaketa egingo dute, 19:00etan hasita, izena emana duten zortzi taldek. Festarekin jarraitzeko afaria bertan egin nahi duenak ogitartekoak jateko aukera izango du 21:00etan. Azkenik, gau giroan murgilduta, Egurra ta Kitto musika taldeak kontzertua egingo du. Bukatutakoan ero jolasak iragarri dituzte gazteek. Herri Egunarekin herrigintza indartu nahi dute Itsasondon. Ekimena eta ideia gazte taldetik erne da. Hain zuzen, gazteria biltzeko eta Itsasondon bertan gizarte, kultura, aisialdi nahiz bestelako jarduerak aurrera ateratzeko taldea bera proiektu beraren barruko adaxka da. Udalak eta Aldundiak hauspotuta Emanzipakzio programa garatu dute, nerabezarotik gaztetasunera iragateko garaian herritartasun balioak barneratu eta atzera herrirako fruituak sor ditzaten animatzeko. Biharko jaialdiaren une batean aurkeztuko dute gazteek sortu duten taldea, herrikideen aurrean. 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute euren burua aurkeztu, eta esku artean dituzten ideiak nahiz egitasmoak azaltzeko. Gazte taldean dabilen Maddi Alberdik [...]
Itsasondoko I. Herri Egunari iritsi zaio plazan gorpuzteko ordua. Bihar, larunbata, arratsalde aurrenetik hasita gauera arte luzatuko den egitarauarekin ospatuko dute herriko eragileak, elkarteak eta norbanakoak biltzea eta herrigintzan sakontzea helburu duen festa. Itsasondoko Gazte Taldeak hilabeteak igaro ditu prestatzen, eta «urduritasun puntuarekin» daude, azkeneko xehetasunak lotzen ari diren bitartean.
Bihar 16:00etan hasiko da festa, haurrentzako eta nerabeentzako prestatu dituzten jolasekin. Jai giroa zabaldu nahi dute plazan; horretarako patata-tortilla lehiaketa egingo dute, 19:00etan hasita, izena emana duten zortzi taldek. Festarekin jarraitzeko afaria bertan egin nahi duenak ogitartekoak jateko aukera izango du 21:00etan. Azkenik, gau giroan murgilduta, Egurra ta Kitto musika taldeak kontzertua egingo du. Bukatutakoan ero jolasak iragarri dituzte gazteek.
Herri Egunarekin herrigintza indartu nahi dute Itsasondon. Ekimena eta ideia gazte taldetik erne da. Hain zuzen, gazteria biltzeko eta Itsasondon bertan gizarte, kultura, aisialdi nahiz bestelako jarduerak aurrera ateratzeko taldea bera proiektu beraren barruko adaxka da. Udalak eta Aldundiak hauspotuta Emanzipakzio programa garatu dute, nerabezarotik gaztetasunera iragateko garaian herritartasun balioak barneratu eta atzera herrirako fruituak sor ditzaten animatzeko.
Biharko jaialdiaren une batean aurkeztuko dute gazteek sortu duten taldea, herrikideen aurrean. 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute euren burua aurkeztu, eta esku artean dituzten ideiak nahiz egitasmoak azaltzeko.
Gazte taldean dabilen Maddi Alberdik aurreratu ditu ardatz batzuk. Sei-bat lagun elkartu izan dira hasieratik, eta biharko ekimenaren aitzakian hamar-batera iritsi da multzoa; 16 urtetik 21era bitartekoak dira. «Gure helburua, herrian beste eragile batzuk dauden bezala, herriaren parte izatea da. Gazteen interesak bultzatzeko bai, baina beste herritar guztiei begira ere bai», dio Alberdik.
Herri Egunarekin «festa jarri» nahi dute, eta Itsasondoko gazteak «bertan geldi» daitezela. «Behin ikastera Ordiziara joaten garenean herrian ez gara geratzen, eta hori ere bada gure helburuetako bat, bizitza herrian bertan egitea».