Guztien konpromisoarekin urratsak emanez
Haurrek txikiak direnean zein hazten direnean ingurunea eta natura errespetatu ditzaten, behar beharrezkoa da heziketa, kontsumoaren gizartean bizi baikara eta egungo bizimoduak kontrako norabidean baigaramatza.
Haurrak naturarekiko errespetuan hezteko eta hazteko helburuarekin jarri zuten, hain zuzen, abian Eskolako Agenda 21 ekimena, eta azken urte hauetan Goierriko ikastetxeetan hainbat ekintza burutu dituzte zentzu horretan: kontsumo tailerrak, Zuhaitz Egunak, jolas kooperatiboak…
Aurten biodibertsitatea -animalien eta landareen aniztasuna- landu dute ikastetxeetan. Baina batzuetan lanketa zabalagoa egin dute, animalien eta landareen aniztasunaz gain, elkarbizitza ere jorratu baitute.
Ikastetxeetan lanean aritu eta gero, udal entzunaldiak egin dituzte herriz-herri: Itsasondon, Zegaman, Zaldibian, Ormaiztegin, Seguran eta Legorretan. Aste Santuko oporrak bukatutakoan ordiziarren, ataundarren, lazkaotarren eta idiazabaldarren txanda izango da.
Itsasondo
Itsasondoko herri eskolako ikasleak apirilaren 4an joan ziren udaletxera, alkateari ikasturte honetan Eskolako Agenda 21eko egitasmoaren barruan burututako lanak aurkeztera. Ikasturtean zehar herriko parkeetan dagoen landaredia eta erreka aztertu dituzte, Zuhaitz Eguna egin dute, kontsumo tailerrak antolatu dituzte…
Behin egindako lanak zerrendatu eta gero, gaztetxoek bertako landareak eta animaliak zaintzeko konpromisoa hartu zuten udalatxean. Alkateari berriz, herrian bertako landare eta zuhaitz gehiago landatzeko eta ibai ertzak txukun mantentzeko ahalegina egiteko eskatu zioten.
Zegama
Zegamako Aitxuri Herri Eskolako haurrak eta gaztetxoak apirilaren 5ean izan ziren udaletxean, eta ikasturtean zehar egindako lanen berri eman zioten alkateari. Aurten ekosistema desberdinak izan dituzte hizpide eskolan, zuhaitzak bereizten ikasi dute, errekaren azterketa egin dute…
Egindako lanaren ondorioz, alkateari hainbat eskaera egin zizkioten: herriko berdeguneak mantentzeko, landatzen dituzten zuhaitzak bertakoak izatea… Aurreko urteetan landutako gaiak ere izan zituzten hizpide, hala nola, bidegorria, eskola bidean dagoen trafikoa, herriko iturria… Alkateak Udalak esku artean dituen proiektuak ikasleei aurkezteko tartea hartu zuen segidan.
Zaldibia
Zaldibiako Lardizabal herri eskolako ikasleak, apirilaren 7an joan ziren udaletxera eta alkatearekin bildu eta gero, hitza hartu zuten. Aurtengo gaia biodibertsitatea izanik, herriko aberastasun naturala ezagutzeko helburuarekin irteera egin zutela kontatu zioten alkateari. Eskola inguruan eta parke botanikoan aritu ziren lanean, landareak, animaliak eta erreka aztertzen. Ikasturtean zehar herriko paisaia ere izan dute hizpide, Bilorek herrian duen presentzia nabarmenduz.
Behin burututako lanak alkateari kontatu ondoren, herriko natur baliabideak ondo zaintzeko konpromisoa hartu zuten ikasleek. Alkateari berriz, hainbat eskaera egin zioten: herriko biodibertsitatearen gida edo katalogo moduko bat egitea, herritarren artean sentsibilizazio kanpainak zabaltzea, eskolako baratzaren inguruan hesia jartzea (jendea sartzen da pixa egitera) eta errekan informazio panelak ipintzea.
Ormaiztegi
Ormaiztegiko San Andres Herri Eskolako ikasleak apirilaren 8an izan zuten hitzordua udaletxean. Biodibertsitatea gai oso zabala izanik, beraiek hiru ataletan banatu zutela esan zioten alkateari: kulturala, espeziena eta habitatena. Ildo horretatik, herriko arlo ugari landu dituzte: Arrastoak euskal animalia espezieen feria, Ur Beltzeko putzua, zubi zaharra, eskolako eremuan dituzten landareak eta animaliak eta Estanda eta Santa Luzia erreken egoera.
Herrian somatutako arazoak konpontzeko, alkateari eta ingurumen zinegotziari hainbat proposamen egin zizkieten: eskolako sarrera adierazteko seinaleak jartzea, Ur Beltzeko putzua txukuntzea, zubi zaharraren museoa sustatzea… Alkateak, seinalizazioa jartzea beraien aurtengo planen barruan dagoela ziurtatu zien. Bestalde, erreka garbiketa antolatzeko konpromisoa hartu zuen, baina ikasleen parte-hartzea eskatu zuen.
Segura
Segurako Laiotz Herri Eskolako ikasleak apirilaren 11an izan ziren udaletxean. Aurtengo ikasturtean, aurrekoetan landutako proiektuekin jarraitu dutela esan zioten alkateari. Hau da, hondakinak, ura eta kontsumoa landu dituztela.
Egindakoak kontatu eta gero, alkateari eskola berriaren proiektuan irizpide jasangarriak mantentzeko ahalegina egiteko eskatu zioten. Lorategia eta baratza kontuan izatea ere nahiko lukete Aitxuriko ikasleek.
Legorreta
Legorretako Ugaro Herri Ikastetxekoak apirilaren 14an bildu ziren alkatearekin. Lehendabizi ikasturtean zehar egindakoak izan zituzten hizpide: Kutturro parkea ezagutzera joan dira, eskolaren ingurua aztertu dute, Euskararen Egunean aniztasun kulturala landu dute, Pesaltxeko erreka aztertzera joan dira, konpostaren proiektua martxan jarri dute eta berotegiaren erabilera bideratu dute.
Egindakoak alkateari kontatu eta gero, ikastetxeko neska-mutilek naturarekin duten jarrera hobetzeko konpromisoa hartu zuten. Bestalde, alkateari oporretan baratza eta berotegia zainduko dituen pertsona bat behar dutela esan zioten. Horrez gain, iturriak eta parkeko elementuak konpontzeko eskaera ere egin zioten.