Igor Eguren da Bilduren Ordiziako alkategaia
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Barrena kultur etxean Bildu koalizioak maiatzaren 22ko Udal Hauteskundeetarako aukeratu duen 16 hautagaien zerrenda. Eusko Alkartasuneko kideek, Alternatiba Eraikitzen alderdikoek, eta norbanako ezkertiar eta abertzaleek osatzen dute zerrenda, eta Igor Eguren da zerrendaburua. Aretoa bete-bete eginda zegoela egin duten aurkezpen ekitaldian, Egurenek berak eta Belen Maiza (EA) zerrendako bigarrenak hartu dute hitza. Maiza gaur egun kultur eta hezkuntza zinegotzia da Ordiziako Udalean. Eskubide guztiak bermatuko dituen egoera lortzeko elkarlana bultzatu nahi dute Ordiziako Bilduko kideek, “auzorik auzo, herririk herri, oraina euskarri hartu eta etorkizuna eraikitzeko”. Zerrendan aurkeztutako gizon eta emakumeak “urtean esparru desberdinetan lanean” aritutakoak dira, eta bide horretan “behin baino gehiagotan talka egin” badute ere, “batzen gaituena banatzen gaituena baino indartsuagoa” dela nabarmendu dute. “Ziur gaude, elkarlanean, hurkoarekiko errespetuan, gero eta indartsuagoak izango garela”. “Udalaren demokratizazioa” Ordiziako Bilduren ordezkariek “erronka berriei” egin nahi diete aurre, tartean “udalaren demokratizazioari”, eta horren alde lan egingo dutela adierazi dute. “Jarrera baztertzaileak alboratu eta udala herriaren esanera jarri nahi dugu”. Bide horretan udal batzorde berriak sortzeko asmoa azaldu dute, eta osoko bilkurak “herritarrek parte hartzeko moduko orduetan” egingo dituztela adierazi. “Parte hartzea eta gardentasuna da gure programaren funtsa. Gardentasuna kudeaketan, proiektuen garapenean, kontratazioetan, herriaren aurrean kontuak ematerako garaian”. Udalean egingo duten lehen gauza “auditoria” bat [...]
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Barrena kultur etxean Bildu koalizioak maiatzaren 22ko Udal Hauteskundeetarako aukeratu duen 16 hautagaien zerrenda. Eusko Alkartasuneko kideek, Alternatiba Eraikitzen alderdikoek, eta norbanako ezkertiar eta abertzaleek osatzen dute zerrenda, eta Igor Eguren da zerrendaburua. Aretoa bete-bete eginda zegoela egin duten aurkezpen ekitaldian, Egurenek berak eta Belen Maiza (EA) zerrendako bigarrenak hartu dute hitza. Maiza gaur egun kultur eta hezkuntza zinegotzia da Ordiziako Udalean.
Eskubide guztiak bermatuko dituen egoera lortzeko elkarlana bultzatu nahi dute Ordiziako Bilduko kideek, “auzorik auzo, herririk herri, oraina euskarri hartu eta etorkizuna eraikitzeko”. Zerrendan aurkeztutako gizon eta emakumeak “urtean esparru desberdinetan lanean” aritutakoak dira, eta bide horretan “behin baino gehiagotan talka egin” badute ere, “batzen gaituena banatzen gaituena baino indartsuagoa” dela nabarmendu dute. “Ziur gaude, elkarlanean, hurkoarekiko errespetuan, gero eta indartsuagoak izango garela”.
“Udalaren demokratizazioa”
Ordiziako Bilduren ordezkariek “erronka berriei” egin nahi diete aurre, tartean “udalaren demokratizazioari”, eta horren alde lan egingo dutela adierazi dute. “Jarrera baztertzaileak alboratu eta udala herriaren esanera jarri nahi dugu”. Bide horretan udal batzorde berriak sortzeko asmoa azaldu dute, eta osoko bilkurak “herritarrek parte hartzeko moduko orduetan” egingo dituztela adierazi. “Parte hartzea eta gardentasuna da gure programaren funtsa. Gardentasuna kudeaketan, proiektuen garapenean, kontratazioetan, herriaren aurrean kontuak ematerako garaian”. Udalean egingo duten lehen gauza “auditoria” bat egitea izango da, “egungo egoera erreala zein den ezagutzeko eta egin den kudeaketaren berri herritarrei emateko”.
“Beste kudeaketa modu bat”
Ordiziako Bilduren zeharlerroak “euskara, emakumea eta iraunkortasuna” dira, eta koalizioaren egitekoen “ardatza” oinarri horietan mantendu nahi dute. “Beste kudeaketa eredu bat nahi dugu. Ikuspegi estrategiko integrala izatera behartu dugu gure burua, proiektuak sortzea eta garatzea gauza bat delako, eta ikuspegi jakinik gabe egiteak aurrera baino atzera garamatzalako”.
Politika soziala indartzearen alde azaldu dira, “baina ez soilik ongizate arloan, baita gazteria, emakumea, etxebizitza edota biztanleriari eragiten dioten beste esparruetan ere”. Ordiziaren “bizitza kulturalak” indartzeko asmoa dute, euskara oinarri hartuta. Herriko talde kulturalen kezkak eta beharrak asetu nahi dituzte, “kultura delako gizartearen elikagai inportanteena”.
“Aire freskoa udalera”
Bilduren hautagaiek ”Euskal Herria berria” eraiki nahi dute, eta Ordiziako Udalera “aire freskoa ekarriko” dutela diote. “Ordizia berria nahi dugu guk ere, baina guztiona eta guztiok egina; gardena eta parte-hartzailea; herriarena eta herriarentzako”. Bilduren ordezkariek azaldu dute ez dutela “mirarietan sinesten”, eta haien lanaren ardatzak “borondatea eta lana” direla. “Dugun onena ematera gatoz, Euskal Herriak bizi duen egoera berri honi gure ekarpenak egiteko Ordiziatik”. Ibilbide hori maiatzaren 22an hasiko da, Ordiziako Bilduren ustez.
Zerrenda
Ordiziako Bilduren hautagaien zerrenda aipatuz bukatu da ekitaldia. Hauxe da zerrenda.
1.- Igor Eguren Izagirre
2.- Belen Maiza Urrestarazu
3.- Izaro Intxausti Zinkunegi
4.- Juan Mari Gereñu Aldasoro
5.- Iban Asenjo Garde
6.- Edurne Gutierrez Jauregi
7.- Imanol Iturriotz Lauzirika
8.- Maitane Alvarez Garziandia
9.- Jon Garmendia Urrujulegi
10.- Nekane San Sebastian Urretabizkaia
11.- Froilan Arruabarrena Otamendi
12.- Ana Fernandez Agirre
13.- Aritz Garmendia Iruin
14.- Inma Regil Garmendia
15.- Gregorio Etxeberria Erauskin
16.- Enara Aizpuru Rubio