Bilduko hautagaiak Zelai Arizti Kultur Etxean
Zumarragako Bildu koalizioak, maiatzaren 22ko hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du gaur eguerdian. Xabier Barriola izango da zerrendaburua, eta berarekin batera izan dira aurkezpenean gainontzeko hautagaietatik gehienak.
Hautagaien zerrenda publiko egiteaz gainera, Zumarragarako Bilduk dituen asmoen berri ere eman dute. Hala, etorkizuneko Zumarraga ”euskalduna eta solidarioa, ingurumenarekin jasangarria eta gizonen eta emakumeen arteko benetako parekidetasunean oinarritutakoa” izatea nahi dutela esan du Barriolak. Horretaz gainera, Bilduk aurkeztuko duen herri programak hiru oinarri izango dituela ere aurreratu du: ”herritarrei informazioa ematea, herritarren partaidetza bermatzea eta erantzukizunez jokatzea”.
Benetako aldaketa
Zumarragan ”benetako aldaketa politiko eta soziala” ekarriko duen aukera dela Bildu esan du zerrendaburuak. Hori horrela, maiatzaren 22ko hauteskundeei begira, bi aukera daudela gogorarazi du: ”bat, orain arte bezala jarraitzea, edo bi, Bilduk eskainiko duen aukera ireki, malgu, demokratiko, sozial eta pluralak Zumarragarentzako benetako aldaketa ekartzea”.
Presio mediatikoa
Gaur eguerdiko prentsaurrekoa, koalizioa jasaten ari den presio mediatikoa salatzeko ere baliatu du Bilduk. ”Probokazioaren aurrean, pazientzia eta erresistentzia ahalmen handia” beharko dituztela, baina era berean ”ezkertiarra eta abertzalea den sektorearen batasuna” indartu beharra dagoela eman dute jakitera; eta bide horretan emango dituztela Zumarragan, etorkizuneko pausoak.
Zerrenda:
1.- Xabier Barriola
2.- Patxi Plazaola
3.- Montse Garcia
4.- Asun Telleria
5.- Iker Mendizabal
6.- Amaia Torner
7.- Jose Angel Toledo
8.- Puy Elgarresta
9.- Ohiane Arriaran
10.- Josetxo Goenaga
11.- Ignacio Arrieta
12.- Maria Pilar Azcona
13.- Jose Joaquin Antoñana
14.- Javier Toquero
15.- Amaia Galvez
16.- Ikerne Badiola
17.- Jose Agustin Elorza