Berrogei bikotek parte hartuko du aurten pilota txapelketa herrikoian
Ostiralean hasiko da bigarren pilota txapelketa herrikoia, eta aurten, berrogei bikotek parte hartuko dute. Iaz baino hamabi bikote gehiagok eman du izena aurten. Partidak ostiral eta igande arratsaldetan jokatuko dira, eta finala Loinatz jaietako iga...
Ostiralean hasiko da bigarren pilota txapelketa herrikoia, eta aurten, berrogei bikotek parte hartuko dute. Iaz baino hamabi bikote gehiagok eman du izena aurten. Partidak ostiral eta igande arratsaldetan jokatuko dira, eta finala Loinatz jaietako igandean, ekainaren 5ean.
Pilotaz gozatzea eta lagun artean aritzea da txapelketaren helburua, eta iaz lehiaketak izan zuen arrakastarekin bigarrena antolatzea erabaki dute Murumendi pilota eskolakoek. Aurtengo berrikuntza bikoteak osatzerakoan egon da, aurten, nahitaez, bikoteko kide bat beasaindarra izatea beharrezkoa izan baita. Erabaki horrek ordea, ez du eragin negatiborik izan, eta antolatzaileak “oso gustura” daude izena eman duen bikote kopuruarekin.
Astero bi egunetan dira partidak
Bikote bakoitzak zein aurkari izango duen erabakitzeko, zozketa egin dute. Zozketa egiteko berriz, lau bikotez osatutako hamar talde egin dituzte, eta euren artean kanporaketak jokatuko dituzte. Kanporaketa guztiak asteburuetan izango dira, ostiraletan 19:00etan hasita eta iganderan 16:30ean.
Finala eta finalaurrekoa Loinatz jaietan jokatuko dituzte, eta finalerako zerbait berezia antolatzeko asmotan daude antolatzaileak, “eguna pixka bat gehiago girotzeko”. Txapelketa irabazten duen bikoteak garaikurra eta Kuko jatetxean bi afari irabaziko ditu. Bigarren eta hirugarren sailkatzen diren bikoteek oroigarria eta bina afari, eta laugarren egiten duen bikoteak ardo botilak.














