Beasainek puntu bakarra lortu du etxean, Portugaleteren kontra bana berdindu eta gero. Iñaki Polaren mutilek agur esan diote dagoeneko igoerako play offa jokatzeko aukerari, baina bosgarren postuari eutsi nahi diote. Partida lehiatua eta orekatua izan da eta erritmoa etxekoek jarri badute ere, aurreneko zatian ez dute asmatu euren aukerak aprobetxatzen. 24. minutuan eztabaidarako jokaldia izan da; Portugaleteko atezainaren eta defentsa baten artean, ateko marra gainetik atera dute baloia, baina ez da sartu, epailearen ustetan. Bigarren zatian ere gehiago izan da Beasain, baina bizkaitarrek aurrea hartzea lortu dute, Javi Gonzalezek buruz egindako gol bati esker. Alberto Alejandrok berdindu du partida etxekoentzat, buruz egindako beste erremate batekin.
Udanako igoera jokatzen ari dira gaur, arratsaldean zehar. Proba hasi berritan, ezbeharra izan da, parte hartzen ari ziren gidarietako baten autoa errepidetik irten denean. Errepide bazterrean zeuden hainbat ikusle aurretik eraman ditu autoak; larriald...
Uda giroa lagun dutela atera dira kalera Lazkaoko koadrila eta lagun taldeak. Blusa koloretsuak soinean jantzita, poteoan ibili dira goiz-eguerdi partean, Incansables txarangaren doinuekin batera. Eguerdian bazkariak izan ohi dituzte gehienek, eta arratsaldean jarraituko du festak. Gauean, kontzertuak izango dituzte, Sorkun eta Reincidentes taldeekin. Goizeko beste ekitaldia, 68. San Prudentzio txirrindulari lasterketa izan da. Azysa taldeko Jorge Martinek irabazi du etapa. Proba hori ordea, Gipuzkoako txapelketarako ere baliagarria zen, eta gaurko etaparen ondoren, Ugaitz Artolak irabazi du txapela nagusia. 23 urtez azpikoetan berriz, Antton Ibargurenentzat izan da saria. Gaur, festen agurra Biharko egunarekin agurtuko dituzte San Prudentzio jaiak lazkaotarrek. Goizean igeri lehiaketa izango da kiroldegian eta eguerdian, bakailo lehiaketa plazan. Kaleko giroa alaitzeko, Sugarri fanfarrea ibiliko da kalez kale eta 16:00etan, toka lehiaketa herrikoia egingo dute. Azkenik, arratsaldeko seietan, haurren danborrada egingo dute, San Prudentzio auzotik abiatuta, plazaraino. Eguna bukatzeko, Zonbin Blai taldearen kale animazioa izango dute.
Atzo estreinatu zituzten Santikutz jaiak Legazpin, eta gaurkoa, festen bigarren eguna izango da. Goizean, erraldoien kalejirarekin hasi da kaleko giroa pizten. Trikitilariek, txistulariek, dultzaineroek eta txarangak lagunduta, zortzi herritako 30 bat erraldoik zeharkatu dituzte herriko kaleak, kalejira bizi eta koloretsuan. Egun berezia ospatzen zuten gaur Legazpiko konpartsakoek, izan ere, beraien erraldoietako bik, Anttonek eta Anttonik, mende laurdena bete dute. Jose Inazio Urbieta debarrak egin zituen duela 25 urte. Ez dira ordea, Legazpiko konpartsak dituen erraldoirik zaharrenak; mende erditik gertu dabilen beste erraldoi bikote bat ere badago, Zaragozatik ekarritakoak. Gaur goizeko kalejiran parte hartu dutenen artean, Legazpiko erraldoi konpartsaz gain, Ordizia, Oiartzun, Azpeitia, Añorga, Olite, Tutera eta Barañaingoek parte hartu dute. Erraldoi horien artean, mota guztietako erraldoiak ikus zitezkeen. Gehienak, tokian tokiko jantziak eta folklorea irudikatzeko eginak dira, baina tartean, atzerriko kulturen ordezkariak ere baziren, hala nola, Afrika eta Asiakoak. Pilota txapelketako finalak eta kontzertuak Eguerdian berriz, Doinua eta Legazpi musika bandek saioa eskaini dute. Bazkalondoan, arratsaldean jarraituko du Santikuntz jaien egitarauak. Gaur, besteak beste, plater tiraketa eta herri mailako pilota txapelketako finalak izango dituzte, arratsaldean. Gauean berriz, rock kontzertuak izango dira gaztetxean, Kaos Urbano, Skacha eta CC237 taldeekin.
Biok Ordizia saskibaloi taldeak garaipen garrantzitsua lortu du gaur etxean, sailkapeneko bigarren postuan dagoen Zarautzi 66 eta 59 irabazita. Igoera fasea jokatzeko postuetako borrokan dabiltza ordiziarrak eta pauso handia eman dute gaur. Zaleen babesa ere izan dute bi taldeek eta Majori kiroldegiko harmailan ehundik gora lagun bildu dira. Partida gogorra eta parekatua izan da, emozio handikoa. Aurreneko bi laurdenetan paretsu ibili dira bi taldeak; bost puntuko aldea ere atera dio Ordiziak Zarautzi zenbait unetan, baina atzera berdintzea lortu dute bisitariek. Hirugarren laurdenean atzetik ere joan dira etxekoak, baina 50 eta 49 aurretik zirela bukatu dute. Azken laurdenean erabaki da dena. Ordiziarrek ondo jokatu dute eta huts egiteak bi taldeen partetik etorri badira ere, Ordiziak gehiago asmatu du. Tentsio uneak eta eztabaidarako jokaldiak ere izan dira tartean. Bi minuturen faltan, Zarautzen aldeko hiru falta adierazi ditu epaileak, baina hauek ez dute aukera aprobetxatu. Bi kontraerasotan berriz ere aldea ateratzea lortu du Ordiziak eta azkenean, 66 eta 59 nagusitu dira.
Galiziar kulturaren eta gastronomiaren erakustoki bihurtu da Beasain. Atzo arratsaldetik bihar arte, galiziar festa ospatzen ari dira, Loinazko San Martin plazaren azpian. Udalak, Plazape tabernak eta Ehunmilak probaren antolatzaileek prestatu dute festa, Pulpalia enpresarekin batera. Gaur goizean, pulpoa eta galiziako beste hainbat jaki tipiko probatzeko aukera izan dute plazapera gerturatu direnek. Eguerdian gainera, Triskele folklore taldearen gaita doinuak entzuteko aukera izan da. Olagarroaz gain, txorizoa, piperrak, ardoa, urdaiazpikoa edota patata egosiak ere eskaintzen dituzte. Galiziar festak bihar arte jarraituko du, ordea. Gaur gauean, queimada banatuko dute doan. Bihar berriz, errekorren Guiness liburuan sartzeko ahalegina egingo dute. Francisco Ferreiro sukaldariak gidatuta, inoiz prestatu den galiziar erako olagarro platerik handiena egiten saiatuko dira. Bihar ere, izango da Triskele taldearen doinuak entzuteko aukera.