«‘Ileorde solidarioa’ ekimenaren berezitasuna ikuspuntua da»
Estibalitz Ruano Matxain. Ile apaintzailea Ordiziako E.R. Matxain ile apaindegiak ‘Ileorde solidarioa’ ekimena jarri du martxan; hortik eratorritako bezero berriekin sortutako diruaren zati bat minbiziari aurre egiteko erabiliko du. Badajozko (Espainia) Niobe&Lia ile apaindegiak abian jarritako ekimenaren ideia hartu, eta bere horretan jarri du martxan Estibalitz Ruano Matxain ile apaintzaileak (Ordizia, 1974). Minbizia dutenei zerbitzua eskaintzeaz gain, minbiziaren aurkako elkarteei dirua bideratzea du helburu. Nolatan erabaki duzu horrelako ekimen bat hastea? Lehen ere ibili izan naiz minbizia duten pertsonekin lanean, eta nire kontura bilatu izan ditut ileordeak, baina beti izan dut gogoa bestelako zerbait egiteko. Hala ere, hotza ere iruditu izan zait funtzionatzeko modu hori. Merkataritza aldetik ematen du minbizia duten pertsona horietaz aprobetxatu nahia dagoela, baina nik laguntza aldetik bideratu dut. Zein izaten da ileorde bat aukeratu behar duen pertsonak egin behar izaten dituen urratsak? Gaixo dauden pertsonek eta haien ingurukoek ikusten badute ileorde baten beharra izango dutela, ile apaindegira etortzen dira, eta hor hasten da prozesua. Ilea nolakoa duen ikusten dugu, eta katalogo baten edo erakusgarri baten bitartez ileordea aukeratzen. Ileorde egokiena aukeratutakoan, pertsonaren orrazkera motara egokitzen dugu. Nork zer-nola moztuta erabili izan duen, eta zer koloretan, horren oso antzekoa izaten da. Eta ilea erortzen hasten zaionean ilea [...]
Estibalitz Ruano Matxain. Ile apaintzailea
Ordiziako E.R. Matxain ile apaindegiak ‘Ileorde solidarioa’ ekimena jarri du martxan; hortik eratorritako bezero berriekin sortutako diruaren zati bat minbiziari aurre egiteko erabiliko du.
Badajozko (Espainia) Niobe&Lia ile apaindegiak abian jarritako ekimenaren ideia hartu, eta bere horretan jarri du martxan Estibalitz Ruano Matxain ile apaintzaileak (Ordizia, 1974). Minbizia dutenei zerbitzua eskaintzeaz gain, minbiziaren aurkako elkarteei dirua bideratzea du helburu.
Nolatan erabaki duzu horrelako ekimen bat hastea?
Lehen ere ibili izan naiz minbizia duten pertsonekin lanean, eta nire kontura bilatu izan ditut ileordeak, baina beti izan dut gogoa bestelako zerbait egiteko. Hala ere, hotza ere iruditu izan zait funtzionatzeko modu hori. Merkataritza aldetik ematen du minbizia duten pertsona horietaz aprobetxatu nahia dagoela, baina nik laguntza aldetik bideratu dut.
Zein izaten da ileorde bat aukeratu behar duen pertsonak egin behar izaten dituen urratsak?
Gaixo dauden pertsonek eta haien ingurukoek ikusten badute ileorde baten beharra izango dutela, ile apaindegira etortzen dira, eta hor hasten da prozesua. Ilea nolakoa duen ikusten dugu, eta katalogo baten edo erakusgarri baten bitartez ileordea aukeratzen. Ileorde egokiena aukeratutakoan, pertsonaren orrazkera motara egokitzen dugu. Nork zer-nola moztuta erabili izan duen, eta zer koloretan, horren oso antzekoa izaten da. Eta ilea erortzen hasten zaionean ilea mozten diogu gaixoari, ileordea jartzen. Gero mantentze lanak ere egiten ditugu: garbitu, orraztu…
Beraz, ilea galduko duenari aldez aurretik joateko eskatzen diozue?
Aldez aurretik etortzea komeni da, hartara guk jakin dezakegu zein den bakoitzaren estiloa eta ilearen kolorea. Horrela ez bada, buruan adabaki bat daukala senti dezake bezeroak. Garrantzitsuena, norbera gustura sentitzea da.
Minbizia gainditzea da, noski, gaitza duen pertsonaren nahi nagusia, baina ilea galtzeko une hori ez da samurra izango.
Oso gogorra izaten da ilea galtzea, bai. Mozten duzunean, moztu duzu, baina ikustea erortzen ari zaizula… oso gogorra da. Aurretik egoera hori prestatuz joatea ona izaten da.
‘Ileorde solidarioa’ izena jarri diozu ekimenari. Zertan oinarritzen da?
Solidaritatearena bezero berrien araberakoa izango da. Hau da, ileordea jarri duten pertsona horiei ilea ateratzen hasten bazaie, eta nire bezero bihurtzen badira, pertsona horiekin lan egiten dudanean, diruaren %20 minbiziaren aurkako elkarteetara bideratuko dut, bai produktuak erosten badituzte eta bai ilea moztera etortzen badira ere. Kontua da nik irabazi bat edukiko dudala, bezero berriak etorriko direlako, ileordeekin ez baitut irabazirik izango. Ikuspuntu hori eman nahi izan diot, minbiziaren aurkako elkarteei besterik gabe dirua emateari ere ez bainion zentzurik ikusten.
Zer elkarterekin jarri zara harremanetan?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mastektomizatuen elkarteekin, eta gero minbiziaren aurkako Espainiako elkartearekin, Irunen dute egoitza. Informazio gehiena mastektomizatuen elkarteetan bilatu dut, baina saiatu naiz hor bakarrik ez geratzen, gizonezkoekin ere lan egiten dugu eta.
Hala ere, ileordeen eskaera gehiena emakumeen partetik jasoko duzu.
Bai, hori horrela da. Gizonezko askok bisera bat jarrita nahikoa dutela esan dute, baina egongo da ileordea nahi duenik ere.
Eta elkarteek zer esan dizute?
Beraiei ere oso interesgarria iruditu zaie, eta esan didate bazkideei emango dietela ekimenaren berri. Minbizia diagnostikatzen dioten jende asko joan ohi da laguntza eske elkarteetara. Nik ere badut ohitura jendea elkarteetara bideratzeko, eta pentsatzen dut kontrako bidean ere antzera egingo dutela elkarteek.
Zuentzat ere ez da izango lanik errazena gaixoekin tratatzea…
Gaia naturaltasunez hartzea da kontua, nahiz eta ez izan erraza. Gaitza dutenei beraiei gogorra egiten zaie, eta gu diskrezioz eta goxotasunez jokatzen saiatzen gara. Asko aurreratu da ileordeen munduan.
Ekimen honekin orain arte zegoen hutsune bat beteko duzu.
Bai, baietz esan daiteke. Nik uste dut ekimen honek duen berezitasuna ikuspuntua dela. Ileordeak bakarrik saltzen dituenari beharbada ez zaio ondo irudituko, baina hemen norberak ikusi behar du bere eguneroko lanean zer eskaini nahi duen, eta solidarioa zer zentzutan izan nahi duen.