«Ardura sentsazio hori badut, baina ez nau beldurtzen, ez nau itotzen»
Igor Eguren – Ordiziako Udaleko alkatea Alkate karguari neurria hartzen hasia da Eguren, nahiz eta lehen aste hauetako erritmoa «intentsoa» izaten ari dela aitortu. Iñaki Gurrutxaga Urte askoan kazetaritzaren eta komunikazioaren arloan ibili ondoren, udal politikagintzara egin du jauzi Igor Egurenek (Beasain, 1975) Bilduren eskutik. Herritarrekiko hartuema sendotzea eta partaidetza sustatzea izango ditu helburu lehen hilabeteotan. Hiru aste eskas pasa dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zer moduzko sentipenak dauzkazu? Sentipenak, onak. Oso lan aberasgarria da, batez ere jende askorekin nagoelako, eta hori nire izaeraren barruan doan zerbait delako. Nik kazeta munduan urte asko daramat, eta lan honek jendearekiko harremana eta informazioaren kudeaketa biltzen dituenez, karguan gustura sentitzen naiz. Hala ere, sentipena hitz batean laburbiltzekotan, intentsoa esango nuke. Eta ardura sentimendu hori zer moduz daramazu? Nik pentsatzen dut pertsonen gestore bat izan behar dudala, eta nire zortea dela pertsona oso onez inguratuta nagoela. Udaletxean bildu naizen guztiei esan diet ez dudala inolako asmo presidentzialistarik, eta taldean eta herritarren parte hartzearekin batera hartuko ditugula erabakiak. Ardura sentsazio hori badut, baina ez nau beldurtzen, ez nau itotzen. Kalean-eta, herritarrek zer mezu eman dizuete? Nik momentuz kalean jaso dudana besarkadak izan dira, animoak… Eskaera txikiak ere izan dira, hasi norberari dagozkion eskaeretatik eskaera orokorretara. [...]
Igor Eguren – Ordiziako Udaleko alkatea
Alkate karguari neurria hartzen hasia da Eguren, nahiz eta lehen aste hauetako erritmoa «intentsoa» izaten ari dela aitortu.
Iñaki Gurrutxaga
Urte askoan kazetaritzaren eta komunikazioaren arloan ibili ondoren, udal politikagintzara egin du jauzi Igor Egurenek (Beasain, 1975) Bilduren eskutik. Herritarrekiko hartuema sendotzea eta partaidetza sustatzea izango ditu helburu lehen hilabeteotan.
Hiru aste eskas pasa dira alkate kargua hartu zenuenetik. Zer moduzko sentipenak dauzkazu?
Sentipenak, onak. Oso lan aberasgarria da, batez ere jende askorekin nagoelako, eta hori nire izaeraren barruan doan zerbait delako. Nik kazeta munduan urte asko daramat, eta lan honek jendearekiko harremana eta informazioaren kudeaketa biltzen dituenez, karguan gustura sentitzen naiz. Hala ere, sentipena hitz batean laburbiltzekotan, intentsoa esango nuke.
Eta ardura sentimendu hori zer moduz daramazu?
Nik pentsatzen dut pertsonen gestore bat izan behar dudala, eta nire zortea dela pertsona oso onez inguratuta nagoela. Udaletxean bildu naizen guztiei esan diet ez dudala inolako asmo presidentzialistarik, eta taldean eta herritarren parte hartzearekin batera hartuko ditugula erabakiak. Ardura sentsazio hori badut, baina ez nau beldurtzen, ez nau itotzen.
Kalean-eta, herritarrek zer mezu eman dizuete?
Nik momentuz kalean jaso dudana besarkadak izan dira, animoak… Eskaera txikiak ere izan dira, hasi norberari dagozkion eskaeretatik eskaera orokorretara. Lortutako emaitzen ondotik, kontziente gara ardura handia dugula, oihartzun handiarekin iritsi baikara iritsi garen lekura, eta eskaera ere neurri berekoa izango da.
Eta zuk zer esaten diezu?
Lan asko dugula esaten didatenei esaten diet hori bagenekiela, eta marroia daukagula esaten digutenei, esaten diet ez dugula aitzakiarik jarriko. Esperientzia ezarena ere komentatu didate, eta erantzun diet Bilduk kanpainan esan duena: politika egiteko era aldatzera goazela, orain arteko politika profesionaletik ihes egin nahi dugula… Horrez gain, akatsak onartzeko eskubidea ere jarriko diogu gure buruari.
Zeintzuk dira kargua hartu berritan egin dituzun lehen lanak.
Larunbatean kargua hartu, eta igandean bertan Barrena parkean estoldetako tapakiak falta zirela esan zidaten. Hori bideratzea izan zen lehen gauza. Gainontzean, aurreko legealditik datozen gauzak ixten ari gara, eta epe motz-motzean, festak eta Euskal Jaiak antolatzen.
Liberatuta zaude, eta soldata %30 murriztea erabaki duzue.
Orain arte egiten nuen lana eten egin nuen ekainaren 10ean, bestela ezinezkoa izango zelako ardura behar bezala betetzea. Soldataren eta asignazioen jaitsiera, berriz, Bilduk jarritako irizpideen arabera egin dugu. Hemendik aurrera, alkateak baino gehiago kobratuko duen bat baino gehiago egongo da udalean.
Kanpainan behin eta berriz esan zenuten irabaziz gero auditoria bat egingo zenutela udalean.
Orain arte ez dugu egin Bilduren egituratik esan zaigulako presaka ez ibiltzeko, eta lan hori egiteko enpresa egokia eta fidagarria aurkitzeko. Baina bai, auditoria egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu kontu hartzeko eta emateko.
Parte-hartzea eta udaletxearen ateak herritarrei irekitzea zen kanpainako beste mezua. Nola bideratu asmo duzue hori?
Aurreko legealdian sortu zuten partaidetza delegazioa, eta guk delegazio horri partaidetza eta komunikazioa izena jarri diogu. Zinegotzi bat espreski delegazio horretara bideratu dugu. Indarrean dagoen partaidetza ordenantza berrikusiko dugu, baina guk partaidetza delegazioari hainbat eskumen eman nahi dizkiogu. Eta komunikazioa ere landuko dugu, herritarrekin hartu-emana izateko. Honek, hala ere, irailetik aurrera hartuko du indarra.
EAJri eta PSE-EEri gobernu batzordean sartzeko gonbita egin diezue.
Hala da, eta biek ala biek esan digute arrazoi ezberdinengatik momentuz ez dutela parte hartuko, baina eskaintza eskertzen dutela. Ordezkaritza ez dutenei, berriz, batzorde batzuetan parte hartzea eskertu geniela esan diegu, bi aldeen arteko komunikazio bide iraunkor bat finkatuz.
Jose Migel Santamaria alkate izanarekin bilduko zinen noski udalaren martxaz hitz egiteko. Zer moduzko hartuemanak izan dira?
Bildu gara bai, eta hartueman jatorrak izan dira. Laguntzeko borondatea ere adierazi dit.