Esklerosiari aurre egiteko ‘Busti Zaitez’ kanpaina badator Goierrira
Esklerosi anizkoitza duten gaixoei elkartasuna adierazi eta gaitz horren inguruko sentsibilizazioa lantzeko sortu zen Busti Zaitez kanpaina. Esklerosi Anizkoitza Fundazioak eta ADEMGI elkarteak antolatzen dute ekimena, eta Euskal Herriko 78 herritan bat egiten dute kanpainarekin. Horien artean daude Ordizia eta Urretxu. Igande honetan eta datorren astean, gaitza gizarteratzeko eta laguntza biltzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte bi herri horietan. Ordizian duela lau urte hasi ziren Busti Zaitez kanpaina antolatzen. Bertan, udalak, kiroldegiak eta Nagusilan eta Kimez elkarteek parte hartzen dute. Bai udal igerilekuan eta baita ferian ere, informazioa emateko postua jarriko dute. Horrez gain, igande honetarako, «esklerosiagatik bustitzeko» deia egin diete herritarrei. Igerilekuan bildu eta uretara salto egingo dute; gero, denen artean egindako metroak zenbatuko dituzte. Ekimen honetan parte hartzen dutenei, diploma bana emango diete. Bestalde, datorren asteazkenean, hilak 13, Ordiziako ferian ere postua jarriko dute. Bertan, gaitzaren inguruko informazioa emateaz gain, elkartea diruz laguntzeko aukera izango da. Gainera, Kukuxumuxu etxeak Busti Zaitez lemarekin egindako elastikoak, txapelak, giltzarrapoak eta bestelako materiala salduko dute, dirua biltzeko. Urretxun ere, uretara Urretxun ere, esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa emateko eta materiala saltzeko postua jarriko dute asteburuan. Aterpe jubilatu elkarteko boluntarioak ariko dira lan horretan. Bihar, larunbata, Areizaga-Kalebarren plazan egongo dira, 11:00etatik 14:00etara. Igandean berriz, Urretxuko [...]
Esklerosi anizkoitza duten gaixoei elkartasuna adierazi eta gaitz horren inguruko sentsibilizazioa lantzeko sortu zen Busti Zaitez kanpaina. Esklerosi Anizkoitza Fundazioak eta ADEMGI elkarteak antolatzen dute ekimena, eta Euskal Herriko 78 herritan bat egiten dute kanpainarekin. Horien artean daude Ordizia eta Urretxu. Igande honetan eta datorren astean, gaitza gizarteratzeko eta laguntza biltzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte bi herri horietan.
Ordizian duela lau urte hasi ziren Busti Zaitez kanpaina antolatzen. Bertan, udalak, kiroldegiak eta Nagusilan eta Kimez elkarteek parte hartzen dute. Bai udal igerilekuan eta baita ferian ere, informazioa emateko postua jarriko dute. Horrez gain, igande honetarako, «esklerosiagatik bustitzeko» deia egin diete herritarrei. Igerilekuan bildu eta uretara salto egingo dute; gero, denen artean egindako metroak zenbatuko dituzte. Ekimen honetan parte hartzen dutenei, diploma bana emango diete.
Bestalde, datorren asteazkenean, hilak 13, Ordiziako ferian ere postua jarriko dute. Bertan, gaitzaren inguruko informazioa emateaz gain, elkartea diruz laguntzeko aukera izango da. Gainera, Kukuxumuxu etxeak Busti Zaitez lemarekin egindako elastikoak, txapelak, giltzarrapoak eta bestelako materiala salduko dute, dirua biltzeko.
Urretxun ere, uretara
Urretxun ere, esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa emateko eta materiala saltzeko postua jarriko dute asteburuan. Aterpe jubilatu elkarteko boluntarioak ariko dira lan horretan. Bihar, larunbata, Areizaga-Kalebarren plazan egongo dira, 11:00etatik 14:00etara. Igandean berriz, Urretxuko Pagoeta udal igerilekuan elkartuko dira, Busti Zaitez kanpainaren barruan. 11:00etatik 14:00etara bitartean, gaitzari aurre eginez, uretara salto egin eta bustitzeko aukera izango dute herritarrek. Horrekin batera, gaixotasuna herrian ezagutarazteko kanpaina egin eta gaixoen aldeko laguntza eskatuko dute, egun osoan zehar.
Gaitzari aurre egin nahian
Esklerosi anizkoitza, nerbio sistema zentralari eragiten dion gaitz sendaezina da. Gaitz degeneratiboa da, eta denborarekin, ezintasun fisikoa eta arazo psikologikoak eragin ditzake. 18 eta 35 urteko gazteen artean, gehien atzematen den gaixotasun neurologikoa da. Gipuzkoa mailan 600 lagunek dute gaitz hori, eta EAE mailan, 2.000 lagunek.
Gaitz horri aurre egin eta gaixoen bizi kalitatea ahalik eta onena izateko sortu zuten Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Fundazioa, duela hamar urte. Fundazio horren bazkideetako bat da ADEMGI, esklerosi anizkoitza duten gaixoen Gipuzkoako elkartea. Aurtengo kanpainaren helburuetako bat, gaitzaren inguruko sentsibilizazioa lantzeaz gainera, ADEMGIk 2007an sortu zuen Esklerosi anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen zentroa diruz laguntzea da; izan ere, gaixoentzako birgaitze zerbitzu bat jarri nahi dute bertan.














