Nazioen Munduaren esker ona laguntzaile guztiei
Joan den larunbatean, hilak 2, Nazioen Munduaren deialdiaren erantzunez Larraizko zelaietan bildu ziren herritar guztiei esker ona adierazi die herri ekimen horrek ohar bidez. Nazioen munduaren arabera, herritar soilek osatutako mosaiko erraldoi eta koloretsuarekin, “Euskal Herriari eta mundu guztiari aldarrikatu genien herri guztiek duten erabakitzeko eskubidea”.
Nazioen Mundua “gustura” dago jendeak emandako erantzunarekin, eta “autodeterminazio eskubidearen aldeko lanean jarraitzeko indarberrituta” sentitzen da. “Larraitzen egindako jaialdia hainbat eta hainbat herritarri esker izan zen posible, eta antolatzaileek bereziki eskertu nahi dituzte ekitaldian parte hartu zuten pertsona guztiak”. Era berean, jaialdia aurrera atera zedin hainbat norbanakok, enpresa, erakunde, elkarte eta komunikabideen laguntza ere “beharrezkoa” izan dela nabarmendu du Nazioen Munduak. “Horiei guztiei ere beren babesa eta laguntzea eskertzen” die herri ekimenak.
Lanean autodeterminazio eskubidearen alde
Eta aurrera begira jarrita, Nazioen Munduak esan du autodeterminazio eskubidearen alde lanean jarraituko duela. “Azken urteotan egindako ibilbideari segida emanez, herritik sortutako ekimenak sentsibilitate ezberdinetako jendeak batuz jarraituko du Euskal Herriak eta munduko herri guztiek duten erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean”. Zeregin horretan norbanakoen, enpresen, elkarteen, erakundeen, komunikabideen eta hala nahi duen guztiaren laguntza izatea espero du Nazioen Munduak.













