Ampo Ordiziak “ilusioz” ekingo dio denboraldi berriari
Pasa den denboraldian erakutsitako jokoa eta lortutako emaitzak ikusita, aurten ere gora begira jarrita daude Ordizia Rugby Elkartekoak. Talde nagusia goren mailako oilarren artean ikusi nahi dute, titulua lortzeko lehian. Iazko taldearen oinarria mantentzea lortu dute, eta udan zehar, hainbat fitxaketa ere egin dituzte, taldea are gehiago indartzeko. Abuztuaren 16an hasi zituzten entrenamendu saioak. Liga berriz, irailaren 18an hasiko dute. Hilabeteko epe hori, «fisikoki tonua hartzeko eta Paul Healy etorri ondoren, joku sistema berrira egokitzeko» erabili dute. Aurre denboraldiari dagokionean, bi partida jokatuko dituzte datozen asteetan. Larunbatean izango da aurrenekoa, Elorrion. Bertako klubaren 30. urteurrena dela eta gonbidatu dute Ordiziako taldea. Parean, ezagun zahar bat izango dute, Getxoko Artea. Irailaren 10ean berriz, etxean jokatuko dute, Tyrosse talde frantziarraren kontra. «Talde gogorra» dela azaldu du Arañak; «Frantziako hirugarren mailan dago, baina iaz 2. mailarako igoera fasea jokatu zuen; berez, gure antzeko maila duen taldea da, eta hor ikusiko dugu benetan ligari begira nola gauden». Hiru jokalari berri 2011-2012 denboraldiari begira, iazko taldearen oinarria mantendu egin dute, baina hiru jokalari berri fitxatu dituzte, taldea indartzeko. Arañak azaldu duenez, Espainiako Ohorezko Mailan lehiatzeko «lehen lerro gogorra behar da eta hori indartu nahi izan dugu». Horretarako, Kesomi Lolotonga ekarri dute Australiatik. «Arroin posturako gizon [...]
Pasa den denboraldian erakutsitako jokoa eta lortutako emaitzak ikusita, aurten ere gora begira jarrita daude Ordizia Rugby Elkartekoak. Talde nagusia goren mailako oilarren artean ikusi nahi dute, titulua lortzeko lehian. Iazko taldearen oinarria mantentzea lortu dute, eta udan zehar, hainbat fitxaketa ere egin dituzte, taldea are gehiago indartzeko.
Abuztuaren 16an hasi zituzten entrenamendu saioak. Liga berriz, irailaren 18an hasiko dute. Hilabeteko epe hori, «fisikoki tonua hartzeko eta Paul Healy etorri ondoren, joku sistema berrira egokitzeko» erabili dute. Aurre denboraldiari dagokionean, bi partida jokatuko dituzte datozen asteetan. Larunbatean izango da aurrenekoa, Elorrion. Bertako klubaren 30. urteurrena dela eta gonbidatu dute Ordiziako taldea. Parean, ezagun zahar bat izango dute, Getxoko Artea. Irailaren 10ean berriz, etxean jokatuko dute, Tyrosse talde frantziarraren kontra. «Talde gogorra» dela azaldu du Arañak; «Frantziako hirugarren mailan dago, baina iaz 2. mailarako igoera fasea jokatu zuen; berez, gure antzeko maila duen taldea da, eta hor ikusiko dugu benetan ligari begira nola gauden».
Hiru jokalari berri
2011-2012 denboraldiari begira, iazko taldearen oinarria mantendu egin dute, baina hiru jokalari berri fitxatu dituzte, taldea indartzeko. Arañak azaldu duenez, Espainiako Ohorezko Mailan lehiatzeko «lehen lerro gogorra behar da eta hori indartu nahi izan dugu». Horretarako, Kesomi Lolotonga ekarri dute Australiatik. «Arroin posturako gizon indartsu bat behar genuen, eta Kesomik betetzen du perfil hori». Bestalde, Urtzi Abalanzategi Ordiziako taldera itzuliko da, Hendaian eta Bera Beran aritu eta gero.
Denboraldi honetarako ekarri duten hirugarren jokalaria, Dany Kroll, taldeak atzealdean zuen zuloa betetzera dator. Izan ere, Aitzol Idiakez eta Iker Elortza lesionatuta daude, eta Matias Tudela Fijiko ligan jokatuko du hiru hilabetez, Joko Olinpikoetako hitzordua prestatzeko.
Aurten gainera, ahalegin berezia egin dute bertako jokalarien forma fisikoa hobetzeko. «Gorka Nuñezek egindako plangintzari esker, etxeko mutilak gogor entrenatu dira eta hobekuntza handia izan dute». Hori dela eta, talde osoa «ilusio handiarekin» dagoela azaldu du Arañak. «Helburua hor goian egotea da, aurreko postuetan; denborak esango du liga irabaztea helburua izan daitekeen edo ez».













