Umiltasunari emandako saria

«Gazta honek ez dauka ezer berezirik. Maitasun asko, hori bai, eta zortea ere bai, horrelako lehiaketa bat irabazteko horixe behar baita». Latxa ardiaren esnearekin egindako Ordiziako 38. Gazta Lehiaketaren irabazlearen hitzak dira, Rikardo Remiro nafarrarenak. Eulateko artzainak bigarrengoz irabazi du txapelketa entzutetsua, baina oraingo honetan garaikurra komunikabide eta ikusle guztien aurrean jaso ahal izan du, orain hiru urte, 2008. urtean, ezin izan baitzuen hori egin antolatzaileek egindako akats baten ondoren. Umiltasunez hitz egin zuen Remirok hedabideen aurrean, umilegi beharbada, eta erabat hunkitu zen txapela zeini eskaini nahi zion galdetzean: «Bereziki, eta gogo-gogoan dudala esanez, nire amari. Horrelako sari bat irabaztean gauza asko etortzen zaizkizu burura, eta aurten behintzat, momentu berezi honekin gozatu ahal izan dut». Gazta irabazlea «zaporez oso erregularra eta orekatua» dela esan zuen, eta begiak «behar den bezalakoak» zituela. Gazta ketua aurkeztu zuen, apirilaren 27an egina. Haren gurasoen marka berdindu du dagoeneko, haiek ere bitan irabazi baitute Ordiziako lehiaketa. Remiroren umiltasuna Goierri inguruan dituen lagunek harrotu zuten, oihuka hasi baitziren irabazlearen izena aditu orduko. Goierriko jatorria duten Jose Mari Jauregik eta Eli Gorrotxategik jaso zuten bigarren saria. Aspaldiko urteetan Ilarduian (Araba) bizi dira, eta Lezea markapean saltzen dute gazta. Ketu gabeko gazta aurkeztu zuten, martxoaren 30ean egindakoa. Eta [...]

Remiro, umea eta garaikurra esku banatan dituela

«Gazta honek ez dauka ezer berezirik. Maitasun asko, hori bai, eta zortea ere bai, horrelako lehiaketa bat irabazteko horixe behar baita». Latxa ardiaren esnearekin egindako Ordiziako 38. Gazta Lehiaketaren irabazlearen hitzak dira, Rikardo Remiro nafarrarenak. Eulateko artzainak bigarrengoz irabazi du txapelketa entzutetsua, baina oraingo honetan garaikurra komunikabide eta ikusle guztien aurrean jaso ahal izan du, orain hiru urte, 2008. urtean, ezin izan baitzuen hori egin antolatzaileek egindako akats baten ondoren.

Umiltasunez hitz egin zuen Remirok hedabideen aurrean, umilegi beharbada, eta erabat hunkitu zen txapela zeini eskaini nahi zion galdetzean: «Bereziki, eta gogo-gogoan dudala esanez, nire amari. Horrelako sari bat irabaztean gauza asko etortzen zaizkizu burura, eta aurten behintzat, momentu berezi honekin gozatu ahal izan dut». Gazta irabazlea «zaporez oso erregularra eta orekatua» dela esan zuen, eta begiak «behar den bezalakoak» zituela. Gazta ketua aurkeztu zuen, apirilaren 27an egina. Haren gurasoen marka berdindu du dagoeneko, haiek ere bitan irabazi baitute Ordiziako lehiaketa. Remiroren umiltasuna Goierri inguruan dituen lagunek harrotu zuten, oihuka hasi baitziren irabazlearen izena aditu orduko.

Goierriko jatorria duten Jose Mari Jauregik eta Eli Gorrotxategik jaso zuten bigarren saria. Aspaldiko urteetan Ilarduian (Araba) bizi dira, eta Lezea markapean saltzen dute gazta. Ketu gabeko gazta aurkeztu zuten, martxoaren 30ean egindakoa.

Eta Jabier Muñoa gaztagile zeraindarra laugarren aldiz igo zen atzo gaztagile onenen podiumera. Aurretik hirutan sailkatu izan da bigarren, eta aurten hirugarren sailkatu da. «Momentu honetan urduritasun handia sentitzen dut, baina poza ere bai noski». Gaztandengian gazta ketua saldu ohi du gehienean, suabea normalean. «Apirilaren 7an egindako gazta da, eta hona bizi antzekoa ekarri dut, lehortutakoa, epaimahaikideei gazta bizia gustatzen zaiela iruditzen baitzait», esan zuen Muñoak. Aurten astelehenerako aurkeztu behar izan zituzten gaztak, eta horrekin kezka bazuen ere, «onerako» izan dela nabarmendu zuen.
Aurten 66 gazta aurkeztu dituzte lehiaketara, ketuak 15 eta 51 ketu gabekoak.

Gaztagile gipuzkoarrek aurkeztu dituzte gazta gehien (35), arabarrek 13, nafarrek 12 eta bizkaitarrek 6. Goierriko 12 gazta ekoizle aurkeztu dira aurten lehiaketara –Idiazabalgo Aranburu elkartekoei ez diete aurkezten utzi– eta lehen hamalau onenen artean bi sailkatu dira: Muñoa bera eta preso dagoen Aitor Esnaola legorretarra.

Gazta erdia Bilbora
Bilboko Porrue jatetxeko Unai Campok eraman du aurten gazta erdia, enkantean 7.300 euro ordainduta. Lagunekin eta bezeroekin dastatuko du gazta. Artzain, baserritar eta arrantzaleak goraipatu zituen bilbotarrak.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa