«Etorkizunean, eliza kristauarena beste ahots batzuren artean dagoen ahotsa izango da, elkarbizitzan»

 

Luis Mari Segurola Zumarragako parroko ohia

Luis Mari Segurola Zumarragan jaio zen 1936an, «nahiz eta urretxuar peto-petotzat dudan nire burua, apaiztu arte Urretxun bizi izan bainintzen». Euskal Herriko zenbait herritan apaiz lanak egin eta gero, hamalau urte eman ditu Zumarragako Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako erretore gisa jubilatu den arte. Aurreko asteburuan, Pedro Laskurain 41 urteko apaiz eibartarrak hartu zion testigua. Zazpi anaia-arreben artean zaharrena da Segurola, eta 11 urterekin joan zen seminariora apaiz bihurtzeko asmoz. Posible al da bokazio erlijiosoaren deia 11 urterekin entzutea? Alde batetik, gurasoek erabat baldintzatu ninduten, nirea oso familia kristaua baitzen. Bestalde, Nikolas Madinabeitia, Urretxuko garai hartako parrokoa nire ispilua zen, hura zen bezalakoa izan nahi nuen. Gerora krisialdirik izan nuen, ez pentsa. Zeintzuk ziren apaiz egiteko bete beharreko urratsak? Saturraraneko seminariora joan nintzen, lau urte egin nituen han batxillergoarekin parekatu daitekeena ikasten, latinidad esaten zitzaion. Bosgarren urtea, filosofiako hiru urte eta teologiako lau Donostian egin nituen, bertako seminarioan. 1961. urtean apaiztu nintzen, 24 urte nituela. Lehenengo meza Urretxun eman zenuen, ezta? Bai, Martin Deunaren elizan. Urretxurekin oso lotuta nengoen, bertako kultur bizitzarekin. Lehenengo Euskal Jaian parte hartu nuen, Urgain elkarteko lagunekin karroza egin genuen, Iparragirreren rola bete nuen nik, Madrilgo Cafe San Luisen kantuan nengoela egiten. Zumarragako parrokira iritsi aurretik bide luzea egin zenuen. Soraluze izan zen nire lehenengo destinoa. 9 urte eman nituen han. Erretore lanetan jada? Ez, ez. Bost abade geunden, eta ni gazteena nintzen. Goiza eskolak ematen igarotzen nuen, maisu lanetan. Eskola hura gurasoek sortu zuten elizak babestuta. Latina, gramatika, geografia eta erlijioa ematen nituen, eta soldatarik ez zegoen trukean. Arratsaldean lan pastoralak egiten nituen. Eskolak gazteleraz ematen al zenituen soilik? Gehienak bai, halabeharrez, Francoren garaia baitzen. Hala ere, urratsak egiten hasi ginen, eta gurasoen eskola izanda, zirrikituak bazeuden. Eskoriatzatik Eibarrera joan zinen. 33 urte nituela Eibarko parroko izendatu ninduten San Pioko parrokian. Bi laguntzaile izan nituen, eta denon artean, parrokia berriaren eraikuntza kudeatu genuen. Eibarren 17 urte pasa nituen, garai zailak izan ziren, baina benetan aberasgarriak. Zergatik diozu garai zailak izan zirela? Maila politikoan aro korapilatsua bizi izan genuen. Kartzelan ere egon nintzen enpresa baten izandako iskanbilan, langileen alde atera ginelako. Denbora gutxi eman nuen preso, izan ere Franco hil, eta, zorionez, amnistia eman ziguten. Eibartik Eskoriatzara joan zinen, baina tartean egonaldi bereziak egin zenituen. Jose Maria Setien Donostiako gotzaina zen garai hartan, Santa Agedako ospitale psikiatrikoan bi urte egiteko aukera eskatu nion, baina urtebete eman zidan. Han zeudenen egoera gertutik bizi nahi nuen, bertako fraide eta mojekin lan egin nuen buru-belarri, eta baita asko ikasi ere. Beste egonaldiak urrunera eraman zintuen. Sao Paolon (Brasil) Zumarragako Iturbene baserriko Maria Rosario Aranzadi zegoen, moja bera, bertan ari zen lanean. Hilabeteko bisitaldia egin nion, eta joan zena ez zen bueltatu zen gizona izan. Askapeneko Teologiaren izenik handienek esateko zutena entzuteko aukera izan nuen: Leonardo Boff brasildarra eta Pedro Casaldaliga poeta katalana, adibidez. Han egiten ari ziren lana ikusteko paradak markatuta utzi ninduen betirako. Eskoriatzarako bueltan zein lan egitea egokitu zitzaizun? Eskoriatzara bueltatu nintzen parroko lanetan. 9 eman nituen, iritsi nintzenean eliza oso zaharkituta zegoen, eta berrikuntza lanei ekin genion. Laguntzaile ugari izan nituen aldamenean. Ondoren, Donostiara joateko aukera eskaini zidaten, baina ezezkoa eman nion Setieni. Orduan Zumarraga eskaini zidan, eta nik Urretxukoa nintzela, eta Zumarragara ezin nintzela etorri erantzun nion arren, berak Urretxu ez dela Zumarraga esanez, Zumarragara bidali ninduen. Eta Zumarragara etorri zinen zure laneko azken urteak egitera. Hamalau urte izan dira, oparoak guztiak. Esteban Barrenak sekulako babesa eman dit urteotan guztiotan, eta, duela gutxi, utzi gintuenean, kolpe handia jaso nuen. Laguntza handia izan dut orokorrean: katekistak, misioen lagunek, liturgiako laguntzaileek, guztiek lagundu didate, eta asko estimatzen diet emandakoa. Parrokiak antolatuta, uda partean, irteerak egin izan dituzue munduko hainbat tokitara. Irteera horietako arima zeu izan zara. Oporraldiak egin ditugu, bai. Toki asko ezagutu ditugu, eta baita talde polita osatu ere. Israel, Turkia, Italia, Txina, Alemania, eta beste leku askotan izan gara. Inoiz ez zait falta izan munduko bazterrak ezagutzeko gogoa. Orain, erretiroa hartzeko garaia iritsita, nola hartu duzu? Soinean ebakuntza asko daramatzat, badira bi urte erretiroa eskatzen nebilela, baina atzeratu egin da. Nire burua ahul ikusten dut Zumarragako parrokiak eskatzen duen lana behar bezala betetzeko. Parrokiako etxean bizi izan zara urte hauetan guztietan. Non bizi da erretiratutako apaiz bat? Hemen bertan jarraituko dut, elizako lanetan laguntzen, baina ardura zehatzik gabe. Apaiz lanetan egindako egunen artean, egun bat nolakoa den kontatuko al zenuke? Goizean goiz altxatu eta gosaldu eta gero, egunkariak irakurtzera eta kafetxoa hartzera joaten nintzen. Parrokirako bueltan otoitz egiteko tartea hartzen nuen, eta Esteban Barrenarekin batera, liturgia prestatzen genuen. Esan beharra daukat, Estebanek nire lanaren hiru laurdenak egiten zituela. Goiza lantxo hauek egiten ematen nuen, bulegoko lan administratiboak barne. Paseorako denbora ateraz gero, haize piska bat hartzea ere gustuko izan dut. Bazkaldu eta gero, Estebanekin berriz, lanean jarduten nuen. Arratsaldeko zazpietan, egunero, meza ematen nuen. Gainera, gaixoei bisita egin, komunioa eman, eta eguneroko jardunaren eginbeharrak. Asko aldatu al da elizaren funtzioa zu hasi zinenetik? Ni ordenatu nintzenean dena elizaren babesean egiten zen, maila sozialean esan nahi dut. Orain, fedea gero eta urriagoa da. Hala ere, zazpietako eguneroko mezara, Zumarragan, 80 lagun inguru etortzen da. Juan Mari Uriarte Donostiako gotzaina izandakoak beti esaten zuen: «Zumarraga, oraindik, oasi espirituala da». Eta nik, arrazoi osoa zuela esango nuke. Elizaren erakundea aldatu al da? Gurea Modelo 0 izeneko eliza izan zen. Izen hori eman genion Zestoan egindako bileratan. Herritarren zerbitzura zegoen eliza zen, euskararekin konprometitua, pobreetatik hurbil zegoena. Hor babestu da nire espiritualtasuna. Setien, Uriarte eta beste askorekin batera egindako bidea da. Orain beste ikuspegi batzuk sortzen ari direla ikusten dut. Ez dut nik esango hobeagoak edo okerragoak direnik. Etorkizunean, nola ikusten duzu kristau elizaren funtzioa, rola edo bidea? Nire ustez, ez da ahots bakarra izango, beste ahots batzuren artean dagoen ahotsa baizik. Gure mezua aldarrikatu beharko dugu, niretzat Jesusen ahotsa beti izango da aberasgarria, baina elkarbizitzan. Eta, beste ahots horiekin batera, aurrera egin beharko dugu justizia soziala atzemateko bidean, eta herrigintzan. Jubilatutako apaiz bezala, egun bat irudikatu al dezakezu? Ez nuke inorentzat oztopo izan nahi. Otoitzerako denbora gehiago nahiko nuke, baita musika entzuteko eta irakurtzeko ere.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa