20 urte bete dira Urretxu eta Schwarzenbruck senidetu zirenetik
Urretxuar talde bat Schwarzenbrucken izan da pasa den asteburuan, Urretxuren eta Alemaniako herri honen arteko anaikidetza harremanaren 20. urtemugan. Udal ordezkariak, txistulariak eta Goierri saskibaloi taldeko hainbat jokalari batu dira espedizioan.
Ion Pol Agirre zinegotzia ere han izan da, izan ere, 14 urte baino gehiago dira Agirrek Schwarzenbrucken lagunak egin zituela. Bere esanetan, bidaia «oso ondo» joan da. «Harrera ikaragarria izan zen, oso ondo tratatu gaituzte, oso abegikorrak dira» gehitzen du. Ostiralean iritsi ziren Alemaniara hegazkinean, eta igandera bitartean, saskibaloi partida bat, ekitaldi ofiziala eta pintxo afari bat egin dituzte.
Saskibaloi partida duela sei urte jokatu zuten beste partida baten errebantxa zen. Orduko hartan Alemaniara joandako urretxuarrak gailendu ziren, baina oraingoan, 6 punturen aldeagatik galdu dute Goierriko lehen nazional mailako jokalariek. Hala ere, partida honetan emaitza gutxienekoa zen.
Ekitaldi ofiziala eta afaria batera egin zituzten. Urretxutik joandakoak oro har gazteak baziren ere, afaltzera hurbildu ziren alemaniarrak anaikidetza harremanaren sorrera bizitakoak ziren asko. Bi herrietako ordezkariek eta anaikidetza harremaneko lehendakariak hitz egin zuten. Harreman honen historia ere gogoratu zuten, eta honek une hunkigarriak biziarazi zizkien bertaratutako askori. Agirrek bera ere hunkitu egin zela onartzen du, «ni ere jo ninduen emozioak» dio, izan ere, 14 urte baino gehiago igaro baitira Agirrek Schwarzenbrucke lagunak egin zituela. Harreman honek gehiagorako eman du gainera. «Urtero joaten saiatzen naiz eta badut hango lagun bat urtero jaietara datorrena» azaltzen du horren erakusle. Hala, «egiten diren harremanak eta lagunak» nabarmentzen ditu Agirrek 20 urteko anaikidetza istorio honetatik.
Xakean ere
Harreman on horren beste adibide bat xake taldeen arteko harremana da. Duela 10 urte Gernikan antolatu zuten lehen aldiz senidetutako euskal herrien eta alemaniar herrien arteko lehen xake txapelketa. Ordutik urtero elkartu dira Urretxuko, Gernikako, Schwarzenbruckeko eta Phorzeimeko xake taldeak. Aurten uztailaren 2an elkartu ziren, Gernikan.














