Artasoroetan kaltea sortzen ari zen basurde bat ehizatu dute Zaldibiako ehiztariek
Zaldibiako ehiztariek 138 kiloko basurdea ehizatu zuten, herenegun. Herriko soroetan eta alorretan «sarraski handiak» egiten ari zen aurreko asteetan, eta erakundeen baimen berezi bat lortu ondotik akabatu dute basapiztia, ehiza handiaren garaia izan ez arren. Harrapaketa igandean izan zen. Zaldibiako ehiztari talde bat elkartu, eta goizeko bederatzietan ekin zioten basurdearen aztarnen atzetik. Aranguren baserritik Barriola baserrira arteko artasoroaren ondoan atzeman zuten piztia, eta tiroz bota. Basurdeak, ehizatua izateko herioan, gogor egin zuen aurre. Ehiztarien zakur bat hil zuen, eta beste bat hilzorian utzi du, ehiztariek egunkari honi azaldu diotenez. Ehiza bukatutakoan, baskulan 138 kiloko pisua eman zuen basurdeak. Ehiza larrirako debeku garaia da oraindik, baina kasu horretarako baimena lortu dute. «Basurdeak Zaldibia inguruko artasoro eta bestelakoetan egiten ari ziren txikizioak ikusita, baserritarrek kexa asko eman dituzte. Sarraskiak egiten ari zen», esan dute ehiztari taldekoek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Ehiza Federazioaren baimena zeukaten igandeko animalia akabatzeko. Gezia barruan Behin basapiztia hildakoan eta ehiza bukatutzat emandakoan, ezusteko bat gehiago iritsi zen. Tripak ateratzeko eta garbitzeko barrena ireki ziotenean, basurdeak barruan arku tiraketan erabili ohi diren jaurtigai bat zeukala jabetu ziren ehiztariak. «Gezi handi bat zeukan, 20 bat zentimetrokoa. Bizkarrezurraren azpian zegoen, solomoa esaten zaion haragian sartuta. Biriketara iristeko gutxi falta [...]
Zaldibiako ehiztariek 138 kiloko basurdea ehizatu zuten, herenegun. Herriko soroetan eta alorretan «sarraski handiak» egiten ari zen aurreko asteetan, eta erakundeen baimen berezi bat lortu ondotik akabatu dute basapiztia, ehiza handiaren garaia izan ez arren.
Harrapaketa igandean izan zen. Zaldibiako ehiztari talde bat elkartu, eta goizeko bederatzietan ekin zioten basurdearen aztarnen atzetik. Aranguren baserritik Barriola baserrira arteko artasoroaren ondoan atzeman zuten piztia, eta tiroz bota. Basurdeak, ehizatua izateko herioan, gogor egin zuen aurre. Ehiztarien zakur bat hil zuen, eta beste bat hilzorian utzi du, ehiztariek egunkari honi azaldu diotenez.
Ehiza bukatutakoan, baskulan 138 kiloko pisua eman zuen basurdeak. Ehiza larrirako debeku garaia da oraindik, baina kasu horretarako baimena lortu dute. «Basurdeak Zaldibia inguruko artasoro eta bestelakoetan egiten ari ziren txikizioak ikusita, baserritarrek kexa asko eman dituzte. Sarraskiak egiten ari zen», esan dute ehiztari taldekoek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Ehiza Federazioaren baimena zeukaten igandeko animalia akabatzeko.
Gezia barruan Behin basapiztia hildakoan eta ehiza bukatutzat emandakoan, ezusteko bat gehiago iritsi zen. Tripak ateratzeko eta garbitzeko barrena ireki ziotenean, basurdeak barruan arku tiraketan erabili ohi diren jaurtigai bat zeukala jabetu ziren ehiztariak. «Gezi handi bat zeukan, 20 bat zentimetrokoa. Bizkarrezurraren azpian zegoen, solomoa esaten zaion haragian sartuta. Biriketara iristeko gutxi falta zitzaion geziari». Altzairuzko geziaren jatorriaz aztarna gehiagorik ez dagoen arren, ehiztariek badute susmoa: «Ordizia inguruan arku tiroa egiten denez, hortik datorrela pentsatzen dugu», gaineratu dute. Arku bidezko ehiza arautua dauka Aldundiak. Baimen berezia eskuratuta soilik egin daiteke. Basurdearen (Sus scrofa) ehiza garaia —ehiza larriaren motan sartzean da— irailaren 25ean hasiko da Gipuzkoan, eta 2012ko urtarrilaren 29an bukatu, bi egun horiek barne, Gipuzkoako Foru Aldundiaren uztailaren 15eko aginduak dioenez. Hala ere, larunbatetan, igandeetan eta jai egunetan bakarrik ehizatu ahalko da basurdea. Bestetik, 2004ko arauak dio basurdea kontrolatutako ehiza lekuetan bakarrik eta dagokion plan zinegetikoaren arabera harrapa daitekeela.