Aitor Hernandezek irabazi du mendi bizikletako proba, Zegaman
Txirrindulariak sariak jasotzen Aitor Hernandezek irabazi zuen larunbatean Zegaman Euskadiko BTT Zentroak Irekia lehiaketari bukaera eman zion proba. Bigarren Patxi Cia nafarrak egin zuen, eta hirugarren berriz, Ekleyson Marques da Silva brasildarrak. Emakumezkoetan, Olatz Odriozola izan zen garailea. Euskadiko Txapelketa Sailkapen nagusia berriz, Patxi Cia nafarrak eskuratu zuen eta emakumezkoetan, Olatz Odriozola urnietarrak. Arratsaldean, 16:30ean eman zioten hasiera probari. Parte hartzaile guztiak bi txandatan banatu zituzten antolatzaileek. Lehenengo txandan kadeteak, emakumezkoak eta 40 urtetik gorako kirolariak irten ziren. Horien atzetik, 2-3 minutura, junior mailako kirolariak, 23 urtez azpikoak, 30 urtetik gorakoak eta elite mailakoak abiatu ziren. Ibilbideari dagokionean, Zegama eta inguruko mendietan zehar 7,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Lasterketaren irteera puntua Zegamako igerilekuaren aurrean zegoen, eta kirolariek mendira joan aurretik herrigunean zegoen gune teknikoa pasatu behar izan zuten. Zegamako herrigunetik irten eta gero, Otzaurte aldera abiatu ziren, ermita parean Gorospe baserrirako bidea hartzeko. Handik Ospital Handitik barrena, Zegamako Apeaderoraino iritsi ziren. Apeaderotik berriz, Oazurtzara joan ziren. Beherako bidea Arrietaundi baserritik eta Murgizelai parketik pasatuz egin zuten. Helmuga Zegamako herrigunean zegoen kokatuta. Ibilbidea 7,7 kilometrokoa izanik, behin baino gehiagotan egin behar izan zuten txirrindulariek. Horrela, kadete mailako txirrindulariek esaterako, bi itzuli egin behar izan zituzten 14,6 kilometro osatzeko. Juniorrek, [...]
Aitor Hernandezek irabazi zuen larunbatean Zegaman Euskadiko BTT Zentroak Irekia lehiaketari bukaera eman zion proba. Bigarren Patxi Cia nafarrak egin zuen, eta hirugarren berriz, Ekleyson Marques da Silva brasildarrak. Emakumezkoetan, Olatz Odriozola izan zen garailea.
Euskadiko Txapelketa Sailkapen nagusia berriz, Patxi Cia nafarrak eskuratu zuen eta emakumezkoetan, Olatz Odriozola urnietarrak.
Arratsaldean, 16:30ean eman zioten hasiera probari. Parte hartzaile guztiak bi txandatan banatu zituzten antolatzaileek. Lehenengo txandan kadeteak, emakumezkoak eta 40 urtetik gorako kirolariak irten ziren. Horien atzetik, 2-3 minutura, junior mailako kirolariak, 23 urtez azpikoak, 30 urtetik gorakoak eta elite mailakoak abiatu ziren.
Ibilbideari dagokionean, Zegama eta inguruko mendietan zehar 7,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Lasterketaren irteera puntua Zegamako igerilekuaren aurrean zegoen, eta kirolariek mendira joan aurretik herrigunean zegoen gune teknikoa pasatu behar izan zuten. Zegamako herrigunetik irten eta gero, Otzaurte aldera abiatu ziren, ermita parean Gorospe baserrirako bidea hartzeko. Handik Ospital Handitik barrena, Zegamako Apeaderoraino iritsi ziren. Apeaderotik berriz, Oazurtzara joan ziren.
Beherako bidea Arrietaundi baserritik eta Murgizelai parketik pasatuz egin zuten. Helmuga Zegamako herrigunean zegoen kokatuta.
Ibilbidea 7,7 kilometrokoa izanik, behin baino gehiagotan egin behar izan zuten txirrindulariek. Horrela, kadete mailako txirrindulariek esaterako, bi itzuli egin behar izan zituzten 14,6 kilometro osatzeko. Juniorrek, emakumezkoek eta 40 urtetik gorakoek hiru itzuli, 21,9 kilometro osatzeko, eta 23 urtez azpikoek, 30 urtez gorakoek eta elite mailako txirrindulariek berriz, lau itzuli, 29,2 kilometro egiteko.
Coloma jaun eta jabe
Kategoria nagusian Carlos Coloma aurten Munduko Txapelketan 5. postua lortu duen txirrindulariak nagusigoa erakutsi zuen lehen itzulitik. Errioxarrak zorte txarra izan zuen, ordea, eta azken itzulia bukatzera zihoanean matxura bat izan eta bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa. Gauzak horrela, Aitor Hernandez izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa, 01:34:54ko denborarekin. Patxi Ciak 01:38:24ko denbora egin zuen eta Ekleyson Marques da Silvak berriz, 01:39:13ko denbora.
Emakumezkoetan Olatz Odriozola izan zen jaun eta jabe. Odriozolak 01:46.57ko denbora behar izan zuen bere lana bukatzeko. Bigarren Estibalitz Garcia helmugaratu zen 01:49:28ko denborarekin eta hirugarren Ainhoa Egaña 01:50:12ko denbora eginda.













