Antzizar kiroldegia bete dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek
Txernobilen Lagunak elkarteak antolatuta, bi saio egin dituzte Beasainen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Pupu eta Lore, Pirritxen seme-alabak, beasaindarrei aurkezteko erabili dituzte bi saioak pailazoek, eta Antzizar kiroldegia bete egin da...
Txernobilen Lagunak elkarteak antolatuta, bi saio egin dituzte Beasainen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Pupu eta Lore, Pirritxen seme-alabak, beasaindarrei aurkezteko erabili dituzte bi saioak pailazoek, eta Antzizar kiroldegia bete egin da bi saioetan.
Sarrerekin lortutako dirua, datorren udan Txernolbilgo haurrak Gipuzkoara ekartzeko erabiliko dute Txernobil Elkarteko kideek. Irrien Lagunak klubeko gainerako laguntzaileak ere Beasainen izan dira asteburuan: Tiritatxo, Largabista, Marikalanbre, eta Martinbertso. Lagun guztiek elkarrekin, osasuna, natura, zientzia, kultura eta, batez ere, elkartasuna balioak landu dituzte ikuskizunetan, Txernobilgo istripuaren ondorioek, arlo horietan izan dutelako eragina.
Txernobilen Lagunak elkarteak 25 urte daramatza Ivankov herriko haurrak udan Gipuzkoara ekartzen. Gipuzkoan igarotzen dituzten bi hilabetean indarrak berreskuratzen dituzte ondoren Ukrainako negu gogorra hobeto igaro ahal izateko. Elkarteko kideek hainbat bidaia ere egin dituzte urte hauetan guztietan Ukrainara, eta bertako egoera gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Elkartetik jakinarazi dutenez, ” bertako biztanle gehienak baserritik bizi dira, eta kutsatutako produktuak jaten dituzte, lurrak kutsatuta daudelako. Baina beraiek beti esaten dute: edo goseak hil, edo kutsatuta hil”.
Haurrei laguntzeko dirua biltzen laguntzeaz gain, zorionak zuri ere abestu zuten elkartearen urteurrena ospatzeko.












