Elkarretaratzea egin dute CAF-en “Bateragune” auziaren aurka
Gehiengo sindikalak egindako deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea egin dute eguerdian CAF-eko langileek lantegiko sarrera nagusian. Ordu beteko elkarretaratzea izan da, eta bertan “Bateragune” auziko auzipetuen aurka eskatutako kartzel...
Gehiengo sindikalak egindako deialdiarekin bat eginez, elkarretaratzea egin dute eguerdian CAF-eko langileek lantegiko sarrera nagusian. Ordu beteko elkarretaratzea izan da, eta bertan “Bateragune” auziko auzipetuen aurka eskatutako kartzela zigorra salatu dute langileek.
CAF-eko langile batzordetik jakitera eman dutenez, epaituak eta kondenatuak izan diren kideak “berehala eta baldintzarik gabe” aske uzteko eskatu dute elkarretaratzean. Enpresa batzordeko kideen ustez, “auzipetuek garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik ere, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan”. Epaituei, euren elkartasuna eta babesa helarazi nahi izan diete CAF enpresako langileek.
“Gertakari larria eta lekuz kanpokoa”
Langileen ustez, “prozesatutako pertsonen aurkako epaia, gertakari bereziki larria eta lekuz kanpokoa da” eta, atxilotuen jarduera politikoa “gatazka hau konpontzera” bideratuta dago. Horregatik, uste dute “Estatuaren jarduerak ardaztu dituen errepresio eta justiziaren instrumentalizazio estrategiak gainditzea” beharrezkoa dela.
Estrategia horien emaitza, “oraingoan ere epai guztiz bidegabea eta tokiz kanpokoa” izan da CAF-ekoen ustez, eta “parte hartze politikorako eskubideak babestuko dituzten normalizazio politikorako bideak” eskatu dituzte.












