Konexioek huts egiten dutenean
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da bihar. Garuneko neuronen arteko konexio bakoitza eginkizun edo pentsamendu bati lotuta dago, eta konexio horiek apurtzen hasten direnean hasten da gaixotasuna garatzen. Gaixoarengan lehen sintomak agertzen hasi bain...
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da bihar. Garuneko neuronen arteko konexio bakoitza eginkizun edo pentsamendu bati lotuta dago, eta konexio horiek apurtzen hasten direnean hasten da gaixotasuna garatzen. Gaixoarengan lehen sintomak agertzen hasi baino 10-15 urte lehenago hasten dira lotura horiek huts egiten, baina hil ondorengo azterketa egin arte, ezin izaten da ziur jakin gaixoak alzheimerra izan duen edo ez. Gaixoa pixkanaka ezagutzak galtzen joaten da, apurtzen den lotura bakoitza ezin baita berreskuratu.
Alzheimerra bezalako gaixotasunek, gaixoengan ez ezik, senitartekoengan ere eragin zuzena izaten du, gaixoak, eguneko 24 orduetan zaintzapean egon behar dutelako. Loli Montoro ordiziarrak ama du gaixo, eta urteak daramatza ama pixkanaka nola itzaltzen den ikusten. Amari zerbait gertatzen zitzaiola konturatzerako denbora asko galdu zuela aitortu du, gaixo gehienen senitartekoei gertatzen zaien bezala.
Azken urteetan, bera izan da ama zaintzeaz arduratu den pertsona. Montorok azaldu duenez, “beti egoten da zaintzaile nagusi bat”, eta zaintzaile horrek bere gain hartzen ditu ardura guztiak. Ama eguneko zentrora eramanda, lasaiago ibiltzen da orain, nahiz eta erabakia hartzea kostatu zitzaion. “Ama abandonatu egiten nuela iruditzen zitzaidan”, dio.
Bihar, GOIERRIKO HITZA egunkarian, Loli Montoren esperientziaren berri jakin ahalko da, alzheimerraren inguruko hainbat xehetasun kontatu baititu. Gaixoen senitartekoak nola sentitzen diren ezagutzeko aukera egongo da.













