Lan munduko mugarik eza, ikasletatik
Eindhoveneko hamasei ikasle Goierri Eskolan izan dira astebetean. Lanbide heziketako goi mailako ikasketen osagarri izateko trukea egin ohi dute goierritarrekin, etorkizunari begira. Gero eta sarriagoak, gero eta hedatuagoak dira Goierrin ikastetxeek Europako beste zenbait eskola-kiderekin egiten dituzten trukeak. Etorkizunari begira ikasleek Europa nahiz mundu zabala gehiago ezagutzea, kultura aniztasunean zertxobait murgiltzea, hizkuntzak astintzea lirateke helburuak. Eta, lan munduaren gainean itzal ilunak dauden garaiotan, atzerrira lanera joateko aukera mahai gainean jartzea ere bai. Ordizian dagoen Goierri Lanbide Eskolak bost-bat urte daramatza Europako beste hiru ikastetxerekin ikasle taldeen trukeak egiten. Finlandiako Salpaus, Herbeheretako Roc Eindhoven, eta Alemaniako Daimler-Mercedes autogilearen formazio eskolarekin dute harremana. Arrazoi desberdinak tarteko, aurten holandarrekin bakarrik ari dira programa garatzen, eta Eindhovengo hamasei gazte Goierrin daude astebete honetan, gaur arte. Lanbide Heziketako goi mailako ikasleek parte hartzen dute herrialde horietan, diseinua, mekanizatua eta elektronika espezialitatekoek. Administraritzako ikasleekin ere badute beste plangintza bat. Batxilergokoek Esloveniako eta Txekiako zentro batzuekin ere badute kidetza. Astebeteko egonaldiak izan ohi dira. Ikasturteko berezko ikasgaien martxa ahalik gutxien oztopatzen saiatzen dira. Bide horretan, trukeak curriculumean sartzea litzateke helburua, Joseba Ramos irakaslearen eta programako arduradunetakoaren arabera. «Ikasleak bere ikastetxean jasoko duen materia, aste horretan Europako beste eskola batean eta aldi berean jasotzea litzateke helburua, kanpoan egon [...]
Eindhoveneko hamasei ikasle Goierri Eskolan izan dira astebetean. Lanbide heziketako goi mailako ikasketen osagarri izateko trukea egin ohi dute goierritarrekin, etorkizunari begira.
Gero eta sarriagoak, gero eta hedatuagoak dira Goierrin ikastetxeek Europako beste zenbait eskola-kiderekin egiten dituzten trukeak. Etorkizunari begira ikasleek Europa nahiz mundu zabala gehiago ezagutzea, kultura aniztasunean zertxobait murgiltzea, hizkuntzak astintzea lirateke helburuak. Eta, lan munduaren gainean itzal ilunak dauden garaiotan, atzerrira lanera joateko aukera mahai gainean jartzea ere bai.
Ordizian dagoen Goierri Lanbide Eskolak bost-bat urte daramatza Europako beste hiru ikastetxerekin ikasle taldeen trukeak egiten. Finlandiako Salpaus, Herbeheretako Roc Eindhoven, eta Alemaniako Daimler-Mercedes autogilearen formazio eskolarekin dute harremana. Arrazoi desberdinak tarteko, aurten holandarrekin bakarrik ari dira programa garatzen, eta Eindhovengo hamasei gazte Goierrin daude astebete honetan, gaur arte.
Lanbide Heziketako goi mailako ikasleek parte hartzen dute herrialde horietan, diseinua, mekanizatua eta elektronika espezialitatekoek. Administraritzako ikasleekin ere badute beste plangintza bat. Batxilergokoek Esloveniako eta Txekiako zentro batzuekin ere badute kidetza.
Astebeteko egonaldiak izan ohi dira. Ikasturteko berezko ikasgaien martxa ahalik gutxien oztopatzen saiatzen dira. Bide horretan, trukeak curriculumean sartzea litzateke helburua, Joseba Ramos irakaslearen eta programako arduradunetakoaren arabera. «Ikasleak bere ikastetxean jasoko duen materia, aste horretan Europako beste eskola batean eta aldi berean jasotzea litzateke helburua, kanpoan egon den denboran ohiko martxa eta ikasturtearen astebete gal ez dezan».
Trukeak hartu-emanekoak baitira. Holandarrak astebeterako hemen hartu aurretik, ikasle goierritarren talde bat Eindhovenen egon zen, udaberrian. «Ikasturte berean bi aste galtzea gehiegi dela eta, bi kurtsotan banatzen ditugu trukeko egonaldiak; urtearen barruan, baina batzuk udaberrian, eta besteak udazkenean», dio Ramosek.
Lan praktikak egiteko aukera
Ikastetxeen arteko harremana eta ikasleek ingurunearekin egiten duten ezagutza ez da ikasketa garaira bakarrik mugatzen. Alderdi teorikoa bukatutakoan, lan praktikak atzerrian burutzeko modua izaten dute Goierri Eskolakoek, baita hitzarmena duten eskoletakoek hemen ere. Goierrira etorri ohi diren gehienek CAFen jarduten dute; ez hor bakarrik, Goierri Fundazioa —Goierri Eskola eta beste hainbat egitura kudeatzen dituena— 44 enpresak osatzen baitute, erakundeez gain.
Krisi ekonomikoak galga ekarri du Europako lau ikastetxeen arteko hitzarmenera. Aurten, adibidez, Goierri Eskola eta Herbehereetako Roc ikastetxea bakarrik daude plangintzan sartuta. Finlandiakoak ez du ikaslerik, eta Daimler-Mercedesek aldi baterako kanpoan geratzea erabaki du, finantzazio kontuengatik.
Andoaingo (Gipuzkoa) La Salle lanbide eskolak ere Ordiziako ikastetxearekin parte hartu du.
Duela bi urte mekatronika diziplinako unitate didaktikoa sortu zuten lau bazkideek, lau ikastetxeetan lantzeko.
Lanbide eskolek etorkizuneko langileak trebatzeko duten zereginean, nabarmena da mugak hausten ikastearen ikasgaia ere txertatu dela. Lanpostuari postuaren indarra urritu zaio, eta lantokia edonon egon daiteke.
Igogailuaren maketa eraiki, arraunean egin eta enpresak bisitatu dituzte
DAstea igaro dute 16 gazte herbeherearrek Goierrin. Bertako ikaskideen etxeetan hartu dute ostatu. 08:00etarako eskolara joan, proiektua garatu, eta arratsaldeak irteerak egiteko baliatu dituzte. Gipuzkoako Etxesa eta Orona enpresak bisitatu dituzte, Hondarribian arraunean jardun dira, eta eskualdea zertxobait ikusteko astia izan dute. «Oso polita iruditu zaigu Goierri. Menditsua da, Eindhovenekin alderatuta. Hura lau-laua da», dio batek.
Gaur zortzi iritsi ziren holandarrak, eta gaur itzuliko dira Herbehereetara. Agur afaria Tolosan ziren egitekoak, atzo. Goizean, igogailuaren maketa muntatu eta irakasleen aurrean aurkeztu beharra izan zuten. Diseinua, elektronika eta mekanika espezialitateetakoak talde lanean aritu dira, diziplina aniztasunean trebatzeko. Lau egin dituzte, ikastetxeen artean banatzeko, plakatxoa jarrita.












