Urretxuko EAJk eta PSE-EEk ordezkari bana izango dute Sasieta Mankomunitatean

Ikasturte berriko lehen udalbatzarra azkar joan zen atzo, Sasietako gaia ukitu zuten arte. Zabor bilketaren gaia lau urte hauetan «estrategikoa» izango dela argi utzi zuten bilkuran. Uztaileko udalbatzarretik zetorren puntu hau. Orduko hartan, adostasunik lortu ez, eta gaia atzeratzeko erabakia hartu zuten. Hiru proposamen mahaigaineratu zituzten orduan: Bildurena, Sasietako batzordera Bilduko bi ordezkari igortzea proposatzen zuena; EAJrena, alkatea eta EAJko ordezkari bana proposatzen zituena, eta Hamaikabatena, gaia atzeratzeko eskatzen zuena. Hirugarren proposamenak egin zuen aurrera, elkarrizketarako eta negoziaketetarako tartea irekiz. Eta aldaketak egon dira. Herenegungo udalbatzarrean, proposamen guztiz desberdinak aurkeztu baitzituzten. Bilduk, Sasietako ordezkaritza Bilduko batek eta beste edozein alderditako ordezkari batek osatzea planteatu zuen, hasiera batean EAJk mahaigaineratu zuen proposamenera gerturatuz. Hala ere, EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat etxeko lanak eginda joan ziren udalbatzarrera, adostutako proposamen berri batekin. Hori izan zen aurrera egin zuen proposamena, eta Urretxuko Udalak Sasieta mankomunitatean izango dituen ordezkariak, hortaz, Itziar Agirre (EAJ) eta Javier Martin (PSE-EE) izango dira. Oihane Zabaleta alkateak, alderdi bozkatuena Bildu izan zela gogoratu zuen, eurek «zero zabor» sortzearen aldeko apustua egingo dutela jakinaraziz. Urretxun, gai ordeneko gainontzeko puntuak aho batez onartu zituzten. Aldiri kiroldegiko eta Urretxuko igerilekuko kudeaketa Zerki kooperatibari esleitzea adostu zuten. Eroskik erabiltzen duen Gernikako Arbola plazako lur azpiko aparkalekuaren zatiaren zesioa European Property taldearen izenean jartzea ere onartu zuten eta baita plaza bereko igogailurako 267.000 euro bideratzea ere. Santa Barbara inguruetan bide bat egiteko gordeta zegoen kopuru hau, baina azkenik Santa Barbara gainean biribilgune bat egingo dute, baserrietara doazen ibilgailuen igaroa errazteko. Azkenik, udalbatzarrak hileko azken ostegunetara pasatzea ere onartu zuten, Legazpikoekin bat ez egiteko.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa