Bihar hasiko da Boluntario Astea
Herriko elkarte ezberdinetako lagunak Boluntario Asteko ekintzen aurkezpenean Etzi ospatuko dute Beasainen Boluntario Eguna. Hamargarren aldia da herriko elkarteak batu eta haien lana ezagutzera emateko kalera irtetzen direna. Gernika pasealekuan jarriko dituzte postuak, eta horietan, elkarte bakoitzak lan egiten duen alorreko informazioa banatuko dute. Guztira 17 elkarte irtengo dira etzi kalera: Nagusilan, Gurutze Gorria, Txernobilen Lagunak, Txolarte, Esku Batuak, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Haurralde Fundazioa, Bategite, Taupadak, Gazteak eta Garapena, Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartea, Osasun Pastorala, Caritas, Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, Elan-Euskadi eta Odol Emaileak. Azken hauek izango dira aurtengo omenduak. Javier Arroyo da Beasaingo Odol emaileen elkarteko lehendakaria eta berak azaldu duenez, «odol emaileen lana edozein kasutarako, edozein pertsonarentzat eta edozein momentutan erabiltzeko odola ematea da». Lan boluntarioa da emaileena, eta odola emateaz gain, dagoeneko sortu duten taldean kide kopurua mantentzeko ere lan egiten dute. Beasainen ia 700 odol emaile daude, eta ezbeharren bat gertatuko balitz, herritar guztientzako adina odol emateko gai izango liratekeela esan du Arroyok. Denboran zehar emaile kopurua mantentzea da garrantzitsuena Arroyoren arabera: «Jendeak odola konpromisoz ematea lortu behar da, orduan lortuko delako odol faltarik ez egotea». Odol emaile izateko ordea, hainbat baldintza ere bete behar dira, segurtasuna bermatu ahal izateko. «Baldintzetako bat adina da, odola [...]
Etzi ospatuko dute Beasainen Boluntario Eguna. Hamargarren aldia da herriko elkarteak batu eta haien lana ezagutzera emateko kalera irtetzen direna. Gernika pasealekuan jarriko dituzte postuak, eta horietan, elkarte bakoitzak lan egiten duen alorreko informazioa banatuko dute.
Guztira 17 elkarte irtengo dira etzi kalera: Nagusilan, Gurutze Gorria, Txernobilen Lagunak, Txolarte, Esku Batuak, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Haurralde Fundazioa, Bategite, Taupadak, Gazteak eta Garapena, Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartea, Osasun Pastorala, Caritas, Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, Elan-Euskadi eta Odol Emaileak. Azken hauek izango dira aurtengo omenduak.
Javier Arroyo da Beasaingo Odol emaileen elkarteko lehendakaria eta berak azaldu duenez, «odol emaileen lana edozein kasutarako, edozein pertsonarentzat eta edozein momentutan erabiltzeko odola ematea da». Lan boluntarioa da emaileena, eta odola emateaz gain, dagoeneko sortu duten taldean kide kopurua mantentzeko ere lan egiten dute. Beasainen ia 700 odol emaile daude, eta ezbeharren bat gertatuko balitz, herritar guztientzako adina odol emateko gai izango liratekeela esan du Arroyok.
Denboran zehar emaile kopurua mantentzea da garrantzitsuena Arroyoren arabera: «Jendeak odola konpromisoz ematea lortu behar da, orduan lortuko delako odol faltarik ez egotea». Odol emaile izateko ordea, hainbat baldintza ere bete behar dira, segurtasuna bermatu ahal izateko. «Baldintzetako bat adina da, odola emateko 18 eta 65 urte artean izatea beharrezkoa baita».
Beasainen 1969an osatu zuten Odol Emaileen elkartea, eta urte hauetan guztietan lanean aritu direnak gogoratu nahi izan ditu Arroyok: «Bide honetan gure aurretik egon direnek egin duten lanari esker gaude hemen, eta larunbatean urte hauetan guztietan egin dugun lanarengatik eskerrak emango dizkigu herriak. Baina guk ere haiek gogon ditugu, odola ematera etortzen diren beasaindarrei esker egiten baitugu guk lan». Pozik hartu dute Boluntario Egunean aitortza egiteko erabakia, baina odola emateko omenaldirik ez dela behar esan du Arroyok. «Pozik hartzen dira halako gauzak, batzuk ia 40 urte daramatzatelako lanean, baina egiten dugunaren lanaren truke ez dugu ezer espero».
Hainbat aurrerapen
Etzi herritarren aurrera aterako duten materialaren eta ekintzen berri eman dute hainbat elkartek. Herriak Elkarlanean erakundeko Leire Plazaolak jakinarazi duenez, urte guztian zehar bidezko merkataritza dendan izaten dituzten produktuak jarriko dituzte etzi salgai: «Herritarrek produktuak probatzeko eta ezagutzeko aukera izango dute».
Horrez gain, Beninen eta Haitin dituzten proiektuen berri ere emango dute, bi herrialde horietan egiten duten lana zein den azalduz. Urriaren 15ean elkarteak afari solidarioa egingo duela ere aurreratu du Plazaolak, eta azokan azalduko dituzte zergatiak. Afarirako txartelak non erosi daitezkeen ere esango dute.
Gurutze Gorriako kideek bestalde, emergentzi eta larrialdi egoera handietan erabiltzeko erosi duten ibilgailu berria aurkeztuko dute. Nahi duten herritarrek ibilgailua ikusteko aukera izango dute, eta horregatik, elkarteko Jose Mari Baztarrikak etzi Genika pasealekura gerturatzeko deia egin die beasaindarrei.
Mugagabe Eguna ere bai
Bategite elkarteak bat egin du aurten ere Boluntario Egunarekin, eta Mugagabe Eguna antolatu du etzirako. Mundialitoa futbol txapelketaren finala jokatuko dute 17:00etan La Salle ikastetxean, eta 19:00etan, herrialde ezberdinetako jakiak prestatuko dituzte Loinazko San Martin plazan, nahi duten herritar guztiek dasta ditzaten.
Bategite elkarteko Pedro Urretabizkaiak jakitera eman duenez, elkartea udalarekin bildu da bi aldiz, hemendik aurrera antolatu nahi dituzten ekintzak prestatzeko bilgune bihurtu nahi duten bulegoa eskatzeko. Udalak gaia aztertuko duela ere jakinarazi du Urretabizkaiak, eta erantzunaren zain daude. Datorren urtetik aurrera, eskualdeko herrietako jai guztietan ekintzak antolatuko dituztela ere aurreratu du.
Ekintzak bost egunetan
Etzi egingo duten Boluntario Egunaren aurretik, bihar haurrentzako hainbat ekintza antolatu dituzte. Calcuta Ondoan elkarteak antolatuta, Ametsen Basoa izeneko tailerrak egingo dituzte bihar arratsaldean. Haurren sentsibilizaziorako eta garapenerako tailerrak dira, eta bideo ikuskizuna, tailer plastikoak, aurpegi margoketa tailerra eta lankidetza jolasak egingo dituzte.
Boluntario Asteko gainerako ekintzak hurrengo astean egingo dituzte. Ekintza horietako bat izango da Haurralde Fundazioak eta Asmube elkarteak elkarlanean antolatu dutena. Astelehenean afrikar kultura ezagutzeko dantza tailerra egingo dute. Nerea Rubiok emango du ikastaroa, Ibrahima Seck musikariak Senegalgo musika ekarriko du, eta ikastaroaren amaieran Afrikako janaria dastatzeko aukera egongo da. Bihar da ikastaroan izena emateko azken eguna, eta izena emateko 943 02 80 75 telefonora deitu behar da.
EGITARAUA
Boluntario Eguna (etzi)
10:00-14:00. Haurrentzako jolasak eta puzgarriak.
11:00-14:00. Elkarteetako postuak kalean.
11:00. Musika eskolako trikitilarien saioa.
11:00. Graffiti tailerra Iñigo Diaux artistarekin.
11:30. Gurea abesbatzaren emanaldia.
12:00. Eskarmentu gehien duen elkarteari omenaldia.
12:00. Elkarteen arteko patata-tortilla lehiaketa.
13:00. Afrikako janariaren dastaketa.
13:00. Portugalgo Ze’s Pereiras taldearen emanaldia.
Boluntario astea
– Bihar. ‘Ametsen basoa’. Haurrei zuzendutako sentsibilizazio eta garapenerako heziketa tailerrak. 16:30etik 19:30era, Gernika pasealekuan.
– Astelehenean. Afrikar dantzen tailerra, Haurraldek antolatuta. 16:30etik 19:30era, Asmube elkartean.
– Asteazkenean. Udaleko beka jaso duten gazte languntzaileen topaketa. 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan.
– Ostiralean. Boliviako Ensamble Moxos taldearen musika eta folklore emanaldia, Taupadak elkarteak antolatuta. 19:30ean, Usurbe antzokian.














