Euskal artisten triangelua
Triangeluak hiru alde ditu, hiru erpin. Eta Euskal Herriko hiru bazterretako artisten lanak elkartu ditu Triangelua erakusketak. Bakoitzak bere estiloa du, eta diziplina ezberdinak jorratzen dituzte, baina jatorriak eta artea sentitzeko moduak elkartzen ditu. Goierriko, Donostialdeko eta Ipar Euskal Herriko pintore eta eskulturgileen lanak daude ikusgai, urriaren 7ra arte, Ordiziako Barrena jauregian. Javi Soto ordiziarra da erakusketan parte hartu duten artistetako bat. Bera izan da gainera, gainontzeko artistekin harremanetan jarri eta erakusketa antolatzeaz arduratu dena. «Baionako Mendikota aretoan, Hernanin, Orion… hainbat tokitan koinziditu izan dugu eta harreman bat sortu da. Lan egiteko moduan ezberdintasun ugari daude, artista bakoitzak estilo bat jorratzen duelako». Zortzi artista horiek estilo ezberdinak jorratu arren, «batasun bat» eman nahi izan diote erakusketari. «Erakusketa hau antolatu eta orientatzearen ardura hartu nuen, eta izaera jakin bat eman nahi izan diot. Niretzat garrantzitsua zen lan ezberdinen artean harreman bat, diziplina bat egotea, lanen formatoari eta kopuruari dagokionean». Horretarako, gainontzeko egileei formatu jakin batean lan egiteko eskatu zien. «Artistak nahiko independienteak gara, eta bakoitzak era ezberdinean jaso zuen eskaera hori, baina azkenean harreman hori lortu dugula uste dut, gustora nago horrekin». Estilo aldetik egon daitezkeen desberdintasunez gain, adin eta ibilbide oso ezberdineko artistak bildu dira, gazteetatik hasi eta urte askotako [...]
Triangeluak hiru alde ditu, hiru erpin. Eta Euskal Herriko hiru bazterretako artisten lanak elkartu ditu Triangelua erakusketak. Bakoitzak bere estiloa du, eta diziplina ezberdinak jorratzen dituzte, baina jatorriak eta artea sentitzeko moduak elkartzen ditu. Goierriko, Donostialdeko eta Ipar Euskal Herriko pintore eta eskulturgileen lanak daude ikusgai, urriaren 7ra arte, Ordiziako Barrena jauregian.
Javi Soto ordiziarra da erakusketan parte hartu duten artistetako bat. Bera izan da gainera, gainontzeko artistekin harremanetan jarri eta erakusketa antolatzeaz arduratu dena. «Baionako Mendikota aretoan, Hernanin, Orion… hainbat tokitan koinziditu izan dugu eta harreman bat sortu da. Lan egiteko moduan ezberdintasun ugari daude, artista bakoitzak estilo bat jorratzen duelako».
Zortzi artista horiek estilo ezberdinak jorratu arren, «batasun bat» eman nahi izan diote erakusketari. «Erakusketa hau antolatu eta orientatzearen ardura hartu nuen, eta izaera jakin bat eman nahi izan diot. Niretzat garrantzitsua zen lan ezberdinen artean harreman bat, diziplina bat egotea, lanen formatoari eta kopuruari dagokionean». Horretarako, gainontzeko egileei formatu jakin batean lan egiteko eskatu zien. «Artistak nahiko independienteak gara, eta bakoitzak era ezberdinean jaso zuen eskaera hori, baina azkenean harreman hori lortu dugula uste dut, gustora nago horrekin».
Estilo aldetik egon daitezkeen desberdintasunez gain, adin eta ibilbide oso ezberdineko artistak bildu dira, gazteetatik hasi eta urte askotako esperientzia dutenetara. «Hori oso interesgarria» dela uste du Sotok. «Gazte jendearekin harremana izatea oso garrantzitsua da, bai alde teknikotik eta baita gizartearen ikuspegi aldetik ere. Oso aberasgarria da».
Gogoeta eragin nahian
Artea beti dagoela krisian esan ohi da, eta egungo egoera ekonomikoaz haratago, «arazoa lehendik datorrela» uste du Javi Sotok. «Kontsumo azkarraren gizartean bizi gara, erabili eta botatzeko gauzak erosten ditugu, eta testuinguru horretan, artelan bat erosi, kostu bat duena, eta etxean eduki eta gozatuko duzula pentsatzea… Beste ahalegin bat eskatzen du».
Hain zuzen ere, erakusketara datorren ikusleak ere ideia horren inguruan gogoeta egitea lortu nahi dute. «Arteak denbora bat eskatzen du, ikusi eta gozatzeko, zuretzako denbora bat, gozatzeko. Artistaren edukian sartu eta egileak komunikatu nahi duen hori jasotzen saiatzeko». Krisia egon edo ez, «mezu ideologikoaren eta gizakiaren satisfazioaren aldetik, artea inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste du.
Hain toki ezberdinetako artistak izanda, beraien arteko harremana ez da egunerokoa, baina honelako erakusketak aprobetxatzen dituzte esperientziak elkartrukatzeko. «Guretzat momentu politak izaten dira, elkartu eta besteen berri izaten dugulako; geure saltxan ibiltzen gara».
Triangelu erakusketak harrera ona izan du. «Irekiera ekitaldira etorri zen jendeak gustatu zitzaiola esan zuen». Beste hainbat tokitan ere izanak dira, eta aurrera begira ere, erakusketa molde honekin jarraitzeko asmoa badute. «Beste toki batzuetara joateko eskaerak baditugu. Ez da agian formatu bera izango, baina talde bera bai».














