Urrutikoetxearen aurka hasiko du Lasak txapelketa

Aritz Lasa

Aritz Lasa pilotari urretxuarrak bihar hasiko du Lau terdiko pilota txapelketa. Antzuolan jokatuko du, Urrutikoetxearen aurka, 22:00etan. Txapelketa irekiko duen partida izango da Lasarena. Bermeon aurpegian pilotakada jaso zuenetik bigarren partida du hau. Pasa den igandean Etxarrin jokatu zuen, eta Zubietarekin batera, Xala eta Zabaleta mendean hartu zituzten, 16-22. Jasotako pilotakadak hainbat astez jokatu gabe egotera behartu du aurrelari urretxuarra, baina igandeko partidak sentsazio onak utzi zizkion. «Ez nuen minik sentitu jokatzerakoan. Biok nahiko duda izango ditugu, bera ere geldirik egon behar izan baita. Baina minik ez dut, ez dago aitzakiarik». Bera bezala, Urrutikoetxea ere geldirik egon da azken asteetan. Iskiotibialetan haustura bat izan zuen, baina jadanik bera ere osatu da eta normal entrenatzen ari da. Batera edo bestera, dudak uxatzeko partida izango da biharkoa. Partidara begira, herenegun egin zuten pilota aukeraketa. Lasak 104,8 eta 104,3 gramoko pilotak aukeratu zituen eta Urrutikoetxeak 104,7 eta 105 gramokoak. Aurkariaz galdetuta, Lasak Urrutikoetxearentzako lau terdiko distantzia «ona» dela dio. «Duela bi urte berak irabazi zuen bigarren mailako txapelketa. Horrez gain, Ez dago aurkari errezik» dio urretxuarrak tentuz. Partida hau irabaziz gero Julen Retegi izango luke Lasak aurkari, eta kanporaketa hori gaindituta, Abel Barriola. «Ez dut horretan pentsatzen, lehen partidan pentsatu behar duzu. Kanporaketa bat igarota, lasaiago gelditzen zara. Helburua lehena pasatzea eta irudi ona ematea da» dio urretxuarrak.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa