Larunbaterako plana egina dago
Urte hasieratik finkatua zuten eguna, baina irailaz geroztik esan eta esan aritu dira Ordiziako Gazte Asanbladako kideak urriaren 22rako planik ez egiteko. Eta konturatzeko eguna gainean da, datorren larunbatean egingo baitute Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko jaialdi erraldoia. Ez da edozein moduzko jaialdia izango; ordu askoko lana dago atzean, konpromiso handikoa, bai norberari dagokionean eta baita parte-hartzera datozen gonbidatu eta musikarien artean ere. Gazteen auzolanaren eredu izango da larunbata, lan egiteko filosofia batena, 25 urte alferrikakoak ez direla izan erakusteko eguna. Goizetik gauera Ordizia gaztetu egingo da larunbatean. Eta ezer baino lehen, kontzertuetarako sarrerak aurrez eros daitezkeela gogorarazi dute gazte asanbladakoek. Goierrin hiru herritan lor daitezke sarrerak aurrez, 12 euroan: Ordizian Herrikoan, Kirkilen, Orlegin eta Urdinen; Beasainen Arranon; eta Zumarragan eta Urretxun Gaztelekuan. Bazkaria ere barruan duen bonoa, berriz, 17 euroan dago salgai, eta kontzertu egunean 15 euro balioko du jaialdiarekin gozatzeko sarrerak. Bihar izango da sarrerak aurrez erosteko azken eguna. Egunez, askotariko ekitaldiak Gaztetxeari aurreskua dantzatu ondoren, kalejiran abiatuko dira gazteak herrigunera tabernaz taberna ibiltzera. Handik, frontoi txikira jaitsiko dira atzera, eta bazkalondorenean Batallita kontaketa egingo dute; gaztetxean ibilitakoek haien garaiko istorioak kontako dituztela, alegia. Arratsalderako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Batetik, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa Ordizian izango da, [...]
Urte hasieratik finkatua zuten eguna, baina irailaz geroztik esan eta esan aritu dira Ordiziako Gazte Asanbladako kideak urriaren 22rako planik ez egiteko. Eta konturatzeko eguna gainean da, datorren larunbatean egingo baitute Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko jaialdi erraldoia. Ez da edozein moduzko jaialdia izango; ordu askoko lana dago atzean, konpromiso handikoa, bai norberari dagokionean eta baita parte-hartzera datozen gonbidatu eta musikarien artean ere. Gazteen auzolanaren eredu izango da larunbata, lan egiteko filosofia batena, 25 urte alferrikakoak ez direla izan erakusteko eguna. Goizetik gauera Ordizia gaztetu egingo da larunbatean.
Eta ezer baino lehen, kontzertuetarako sarrerak aurrez eros daitezkeela gogorarazi dute gazte asanbladakoek. Goierrin hiru herritan lor daitezke sarrerak aurrez, 12 euroan: Ordizian Herrikoan, Kirkilen, Orlegin eta Urdinen; Beasainen Arranon; eta Zumarragan eta Urretxun Gaztelekuan. Bazkaria ere barruan duen bonoa, berriz, 17 euroan dago salgai, eta kontzertu egunean 15 euro balioko du jaialdiarekin gozatzeko sarrerak. Bihar izango da sarrerak aurrez erosteko azken eguna.
Egunez, askotariko ekitaldiak
Gaztetxeari aurreskua dantzatu ondoren, kalejiran abiatuko dira gazteak herrigunera tabernaz taberna ibiltzera. Handik, frontoi txikira jaitsiko dira atzera, eta bazkalondorenean Batallita kontaketa egingo dute; gaztetxean ibilitakoek haien garaiko istorioak kontako dituztela, alegia.
Arratsalderako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Batetik, Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoa Ordizian izango da, eta plazara gerturatzen diren umeekin jolas egingo du. Bestetik, Motxila 21 talde nafarrak ere kontzertua egingo du plaza inguruan. Down sindromea duten 12 gaztek eta 7 boluntariok osatzen dute taldea, eta sona handia lortu du, Barricada taldeko El Drogas-ek hainbat alditan kolaboratu baitu haiekin. Litekeena da musikari ezaguna larunbatean Ordizian izatea. Eta azkenik, gauean Ordizian joko duen Obrint Pass taldeko Xabier Sarriak argitaratu berria duen liburua ere aurkeztuko du.
Iluntzean, berriz, gaua girotzen hasiko dira DJ Bullekin frontoi txikian, eta ogitartekoak ere salduko dituzte. Jan kontuak ez, baina egunean zeharreko gainontzeko ekitaldi guztiak debalde dira.
Gauez, musika kontzertuak
Estilo ezberdineko bost musika taldek osatzen dute gaueko kartela. Aipatzekoa da Kataluniatik datorren Obrint Pass taldearen presentzia, baita rap eta dub estiloak lantzen dituen Revolutionary Brothers donostiarrena ere. Bizardunak talde nafarrak parranda giroan ederki sartzen den musika egiten du, eta Egurra ta Kitto eta Laket dantzarako taldeak dira. Laketek egin du gaztetxearen urteurrenerako 25 urte bidea egiten! abestia, eta haren doinua aditzean, festak goia joko du.
Bidea hasi besterik ez
Gaur egun gaztetxean dabiltzan gazteek ondo baino hobeto dakite aurreko belaunaldien lanaren eta borrokaren ondorioz dutela duten espazioa. Gogoratu dutenez, 80ko hamarkadan «bazterketa soziala, langabezia eta droga» ziren instituzioek gazteei egiten zieten eskaintza. «Baina Ordiziako gazteek, Alemaniako gazteen ereduari jarraituz, haientzako aisialdia antolatu zuten, okupatutako eraikinetan espazio libre eta autogestionatuak sortuz».
Mediku etxea zena hartu zuten orduko gazteek, eta 25 urteko ibilian «oztopo asko» gainditu behar izan baditu ere, –heroina, errepresioa, gizarte eredua…– bidea hasi besterik ez dela egin argi dute gaztetxekoek, Kukutza gaztetxearen eraispena salatzearekin bat.













